Noiz argitaratua Asteazkena, 2021.eko Azaroak 3

Noaingo Bataila elkarte memorialistaren ordezkariei harrera egin die Unai Hualdek

Lehendakariak 'Catecismo cristiano de 1571' lanaren euskaratik gaztelaniarako itzulpenaren ale bat jaso du, Ganberaren dokumentu-funtsen parte izatera pasako dena

Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko lehendakariak Marian Pérez eta Álvaro Adot Noaingo Bataila elkarte memorialistaren ordezkariei harrera egin die gaur bere bulego ofizialean.

 

Bilkuran, Pérez eta Adotek Noaingo Batailaren inguruan irailean antolatutako jardunaldien berri eman diote presidenteari, zeina Nafarroako historiaren inflexio-puntua izan zen, Nafarroa Gaztelako koroarekin “batzean” amaitua.

 

“Zuzenbideko, filosofia politikoko, historiako eta kazetaritza arloko hainbat adituk eta profesionalek berriki egindako azterlan zorrotzek ekarritako berrikuntzei buruz irailean burutu genituen jardunaldien balantzea helarazi diogu Lehendakariari. Nafarroa penintsulako testuinguruan ez ezik, Europakoan ere kokatu zuten. Atarrabiako Kultur Etxean ospatu izana ere ez zen kasualitatea izan, nafarrek Enrique II.ari, Nafarroan jaio eta hazitako azken erregeari, leialtasuna eskaini zioten herria izan baitzen”.

 

Noaingo batailaren inguruko jardunaldiek ekarritako nobedadeen artean 1571ko kristau-dotrinaren itzulpena dago, euskaratik gaztelaniara. Ale horietako bat Unai Hualderi eman diote, Ganberako Liburutegian uzteko.

 

“Nafarroatik kanpo egindako lana da, zehazki Protestantismo Espainiarraren Ikerketa eta Memoria Zentroak (Cimpe) eta Extremadurako Letren eta Arteen Errege Akademiak egindakoa. Bere balioa alde batera utzita, esanguratsua da, gure historia beste latitude batzuetan nola ikusten den ondo erakusten baitu”, adierazi du Marian Pérezek.

 

Unai Hualdek, bere aldetik, azalpenak eskertu ditu, baita Legebiltzarreko dokumentu-funtsen parte izatera pasako den alea ere.