Noiz argitaratua Ostirala, 2024.eko Martxoak 8

Onetsi da Nafarroako Parlamentuko Langileen Estatutuaren aldaketa

Araua egokitzeko Langileen Batzordeak eta Mahaiak adostutako akordioetara

Legegintzako eskumen osoz eratua, Erregelamendu Batzordeak Nafarroako Parlamentuko Langileen Estatutuaren erreforma onetsi du gaur aho batez, araua egokitzeko Langileen Batzordeak eta Mahaiak adostutako akordioetara, lehenengoa langileek beren lan baldintzak zehaztean parte hartzeko duten tresna eta bigarrena Legebiltzarreko gobernu organoa den diren aldetik.

 

Zehazki, lau aldaketa sartu dira Nafarroako Parlamentuko Langileen Estatutuan, lege mailako arau denean, erakundearen araugintzako autonomia baliatuta eta 2023an zehar izandako negoziazio-prozesuaren amaiera gisa.

 

Lehenik eta behin, Estatutuaren 11. artikulua aldatzen da, lanpostuaz jabetzearen geroratzea arautzeko. Orokorrean, hilabeteko epean egin behar da, izendapenaren jakinarazpenetik zenbatzen hasita, "erditze, adopzio, adopzio-helburuko zaintza edo harreragatiko lizentzia, edo ama biologikoa ez den gurasoaren baimen bat" baliatzen ari diren izangaien kasuan.

 

Kasu guztietan, luzapena "etenekin" baliatzen ari den aldira iritsiko da, eta luzapena amaitutakoan hasiko da zenbatzen. Gainera, lanpostuaz jabetzeko geroratze aldiak "egindako zerbitzuen" aitorpena izango du.

 

Maila igotzeari dagokionez, 12. artikuluari helduta, borondatezko edota nahitaezko eszedentzian daudenek parte hartzen ahal dute, baldin eta "Nafarroako Parlamentuko beste lanpostu batean aldi baterako zerbitzua ematen ari badira".

 

Bestalde, borondatezko eszedentziaren erregulazio berria ezartzen da, 18 hilabetez lanpostua gordeta, 19. artikuluan jasotako kasuak zabalduz, baita destinoaren zain egoteari dagokionez ere. Kasu horretan, lanera itzultzea eskatzen ahalko da (dagokion lanpostuan, 18 hilabete igaro ondoren), eta hilabeteko epean gauzatu beharko da.

 

Azkenik, berriz ere 12. artikuluaren esparruan, graduz igotzea aldatzen da, eta bost urtean behin mantentzen da, muga 8. mailara igota (muga 7 zen), 2024ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorio ekonomikoekin.

 

Bertsio berrian, Nafarroako Parlamentuko Langileen Estatutua indarrean jarriko da NAOn argitaratu eta biharamunean, graduari dagokionean izan ezik, urtarrilaren 1era arteko atzeraeragina izanen baitu.

 

Nafarroako Parlamentuko Langileen Estatutuaren azken erreforma horrek bat egiten du aurreko legegintzaldian egindako hiru aldaketekin. Lehenengoa (2019ko azaroa), EBko Justizia Auzitegiaren epai bat betez, gradu-osagarriaren ordainketa aitortzeko kontratatutako langileei, atzeraeraginez, 2015eko urtarrilaren 1etik aurrera.

 

Bigarrena, 2021eko urrian, Parlamentuko Administrazioa erreformatzeko eta modernizatzeko prozesuari jarraipena emateko. Prozesu hori Antolaketa Erregelamendua eguneratzearekin hasi zen.

 

Eta hirugarrena, 2022ko azaroan, egonkortzeko salbuespenezko deialdia eta 19/2022 Foru Legetik eratorritako gainerako inplikazioak ahalbidetzeko.

 

Nafarroako Parlamentuko Langileen Estatutua (EPPN) lehen mailako araua da, Legebiltzarraren autonomiaren printzipio orokorrari jarraikiz, antolaketaren eta langileen arloan autoarauketaren printzipioa ezartzen eta bermatzen duena. Legearen maila eta indarra ditu, Konstituzio Auzitegiak eta Auzitegi Gorenak adierazi dutenarekin bat.

 

Erregelamenduaren 67.2 artikuluak jasotzen duenez, honako hauek osatzen dute Erregelamendu Batzordea: Parlamentuko presidente Unai Hualdek –bera da batzordeburu–, Parlamentuko Mahaiko gainerako kideek –Batzordeko Mahaia osatuko dute (Ainhoa Unzu, PSNkoa, Juan Luis Sánchez de Muniáin, Yolanda Ibáñez, biak UPNkoak, eta Mikel Zabaleta, EH Bildukoa)–, eta Batzordea berariaz osatzen duten hamalau parlamentariek.

 

Azken horietatik, bertan izan dira Marta Álvarez, Ana Elizalde (UPN), Inma Jurío, Ibai Crespo, Maite Esporrín (PSN), Irati Jiménez (EH Bildu), Blanca Regúlez, Isabel Aranburu (Geroa Bai), Maribel García Malo (PPN), Miguel Garrido (Contigo-Zurekin) eta Emilio Jiménez (Vox).