Noiz argitaratua Osteguna, 2021.eko Abenduak 23

Onetsi da Zenbait zerga aldatu eta beste tributu-neurri batzuk hartzeko Foru Legea

Aldi baterako hiru kenkari gehitu dira bizitegitarako higiezinen birgaitzea sustatzea helburu, Nafarroak “lehentasuntzat" jotzen baitu hobekuntza energetikoa

Gaur egindako osoko bilkuran Parlamentuak onetsi du Zenbait zerga aldatu eta beste tributu-neurri batzuk hartzeko Foru Legea, 2022ko ekitaldirako. EH Bildu eta I-E abstenitu egin dira, eta Navarra Sumak aurka bozkatu du. Koalizioko Gobernua osatzen duten taldeek, PSN, Geroa Bai eta Podemos-Ahal Duguk, alde bozkatu dute.

 

Hona hemen zerga- eta tributu-neurriei buruzko legean jaso diren neurri nagusiak:

 

Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari (PFEZ) dagokionez, urtarrilaren 1etik aurrera tarifa % 2 murriztuko da tarte guztietan. Neurri horren bidez saihestu nahi da soldaten igoera baliokide batek zerga-tasa igoaraztea.

 

Gainera, % 5 handitzen dira PFEZean norbanakoen eta familien gutxienekoak. Kenkari horren bidez konpentsatu nahi dira adinari, desgaitasunari eta seme-alaben edo ardurapeko pertsonen kopuruari lotutako egoerak.

 

Bestalde, 100 euroko hobaria dago 30.000 eurotik beherako errentetarako, eta norbanakoen gutxienekoei ere aplikatuko zaie.

 

PFEZean egindako aldaketen kostua —2023ko errenta-aitorpenean izanen dute eragina— 53,6 milioikoa izanen dela kalkulatu da.

 

Erreforma fiskalak zertxobait eragiten die beste zerga batzuei. Hala, hilean 25 euro handituko da (650etik 675era) etxebizitza alokatzeagatik murrizketak lortu ahal izateko gehieneko errenta (Emanzipa eta David). Beste alde batetik, Estatuko erreformari egokitzeko, 2.000 eurotik 1.500era jaitsi da pentsio-planetarako gehieneko ekarpen kengarria.

 

Sozietateen gaineko zergan apenas egin den aldaketarik. Nolanahi ere, enplegua sortzeagatiko kenkaria (4 milioi) kendu, eta enplegu-politika aktiboetara bideratu da. Eta tributaziotik salbuetsita gelditu dira enpresen kaudimenerako laguntzak.

 

Batzordean egindako eztabaidan, PSN, Geroa Bai eta Podemos-Ahal Dugu taldeek zenbait kontu adostu dituzte: funtsean, galerengatiko konpentsazioa mugatzea, eta xede sozialetarako % 0,7a, jada PFEZean indarrean dagoena, sozietateen gaineko zergan ere ezartzea.

 

EH Bilduk, berriz, aurrera atera zuen Audenasak sozietateen gaineko zergan izandako salbuespenezkotasuna ezabatzeko proposamena, eta urtarrilaren 1etik aurrera gainerako enpresek bezala tributatu beharko du sozietate horrek.

 

Izan ere, A-15 autobideko emakidaduna —Nafarroako Gobernuak eta Itinere taldeak erdi bana dute titulartasuna— bere kapital sozialaren % 10 tributatu beharretik salbuetsita zegoen, halako moldez non haren egiazko zerga-tasa % 5 inguru baitzen, hau da, urteko mozkinetako lehenbiziko 17 milioiak.

 

EH Bilduk Gobernuko kideekin adostu zuen, halaber, auto elektrikoa erostearen tributazioa hobetzea 30.000 eurotik beherako errentei (familia-unitateen kasuan 60.000 eurotik beherakoei). Zehazki, % 30etik % 35era igo da ibilgailu elektriko berrietan inbertitzeagatiko kenkaria, eta % 5etik % 10era, hibrido entxufagarriak direnean.

 

Navarra Sumak 56 zuzenketa erregistratu zituen, eta denak ezetsi dituzte PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-E taldeek. Ordezko erreforma fiskala proposatzen zuen, kargak beheratzen zituena ia zerga guztietan. Proposatzaileak arrazoi ekonomikoak eta zerga-bilketari buruzkoak (“zenbat eta jarduera ekonomiko handiagoa, orduan eta diru-sarrera fiskal handiagoak”) erabili ditu bere proposamenaren alde, alferrik, ordea.

 

Bestalde, PFEZari dagokionez, talde gehiengodunak, Batzordean zuzenketa partzialak aztertzeko saioan, planteatu zuen errenta ertain eta txikien tributazioa leuntzea, eta horretarako, besteak beste, tarte gehiago ezartzea eta zerga-tasa txikitzea, baita norbanakoen eta familien gutxienekoetan ere. Halaber, nekazaritza eta abeltzaintza sektoreen fiskalitatea eta pentsio-planena hobetzea proiektatzen zuen.

 

Sozietateen gaineko zergan, Navarra Sumaren zuzenketek sustatzen zuten % 24ra jaistea tasa orokorrak (orain % 28koak dira), tributatzeko gutxienekoak murriztea eta enpresa sortu berrientzat % 15eko tasa murriztuak ezartzea; azken neurri hori ekintzailetzarako babes handiagoa sustatu nahiari lotuta dago.

 

Ondarearen gaineko zergari dagokionez, Navarra Sumak proposatzen zuen 800.000 eurora igotzea salbuetsitako gutxienekoa (gaur egun 550.000 euro da), eta, gainera, familia-enpresen fiskalitatea hobetzea eta ezkutu fiskala indartzea, Estatuan eta Euskal Autonomia Erkidegoan indarrean dagoen arauarekin bat etorriz.

 

Azkenik, oinordetza eta dohaintzen gaineko zerga dela-eta, proposatzen zuen 400.000 euroraino igotzea salbuetsitako tartea (orain 250.000 euro artekoa da) eta gainerako tarteetarako % 0,8ko tasa berreskuratzea.

 

Izquierda-Ezquerrak ere ez zuen lortu irizpenean jasotzerik aurkeztutako hamar zuzenketatik bakarra ere. “Justizia fiskala” helburu, “200 bat milioi gehiago” biltzea ahalbidetu nahi zuen, batez ere sozietateen gaineko zergaren bitartez. “Galerengatiko konpentsazioak, zerga-oinarriak eta kenkariak” atalean aurkeztu zituen aldaketetatik batek ere ez du babesik lortu.

 

Osoko bilkuran egindako eztabaidan bi in voce zuzenketa eztabaidatu eta onetsi dira. Izenburua eta zioen azalpena testuaren edukiari egokitzen dizkiote, testua Ekonomia eta Ogasun Batzordetik igaro eta gero. Izan ere, Batzordean 12 zuzenketa txertatu ziren, denak ere (hainbat konbinaziotan) PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerra taldeen ekimenez. Aho batez onetsi dira.

 

Bigarren zuzenketak testua gehitzen du. Hirurogeita bosgarren xedapen gehigarria eransten du, hartara, 19/2021 Errege Lege-dekretuarekin bat etorriz, aldi baterako hiru kenkari sartzeko, bizitegitarako higiezinen birgaitzea sustatzea helburu, zeren Nafarroak ere “lehentasuntzat jotzen baititu eraikinen modernizazioa eta hobekuntza energetikoa”.

 

Lehenik, % 20ko kenkaria ezartzen da, urtean 5.000 eurorainokoa, ohiko etxebizitzan edo bizileku gisa erabiltzeko alokatutako etxebizitzan berokuntza eta hozte eskaria gutxienez % 7 murrizten duten jarduketengatik. Horretarako kontuan hartuko da etxebizitzaren energia-efizientziaren ziurtagiria. Zergadunaren ohiko etxebizitza izan behar du, edo ohiko bizileku gisa alokatzekoa den etxebizitza.

 

Bigarrenik, % 40ko kenkaria ezartzen da, urtean 7.500 eurorainokoa ohiko etxebizitza bakoitzeko edo bizileku gisa erabiltzeko alokatutako etxebizitza bakoitzeko, energia primario berriztaezinaren kontsumoa % 30 murrizten duten edo ohiko etxebizitzan kalifikazio energetikoa A edo B letraraino hobetzen duten birgaitze edo hobetze jarduketengatik.

 

Bi kasuetan, aplikazio aldia 2022ko abenduaren 31ra artekoa izanen da, ohiko etxebizitzan edo bizileku gisa erabiltzeko alokatutako etxebizitzan obrak egiteagatik. Energia-efizientziaren ziurtagiriak 2023ko urtarrilaren 1a baino lehen emana izan beharko du.

 

Hirugarrenik, % 60ko kenkaria ezartzen da, urtean 5.000 eurorainokoa “nagusiki bizitegitarako” erabiltzen den etxebizitza bakoitzeko, energia primario berriztaezinaren kontsumoa % 30 murrizten duten edo bizitegi eraikinetan kalifikazio energetikoa A edo B letraraino hobetzen duten jarduketengatik. Aplikazio aldia 2023ko abenduaren 31n amaituko da, eta eraikin osoari eragiten dioten hobekuntza-jarduketak izan behar dute, 2022an eta 2023an eginak.

 

Kasu horretan, ordaindu diren baina kenkariaren urteko gehieneko oinarria (5.000 euro) gainditzeagatik kendu ez diren zenbatekoak hurrengo lau ekitaldietan kendu ahalko dira, muga berarekin. Kenkariaren oinarri metatuak ezin du inola ere 15.000 euroko zenbatekoa gainditu.

 

Ez dute inongo kenkaririk aplikatzeko eskubiderik sortuko jarduera ekonomiko bati atxikita dagoen etxebizitza zatian egindako obrek.