Onetsia izan da Zientziari eta Teknologiari buruzko 15/2018 Foru Legea aldatzeko proiektuari buruzko irizpena
Konpromisoa berresten da ezagutza berritzailearen sorkuntza, garapen eta hobekuntzaren alde, ekonomiaren, gizartearen eta ingurumenaren aurrerabidearen eragile den aldetik
Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Batzordeak irizpena onetsi du gaur Zientziari eta Teknologiari buruzko ekainaren 27ko 15/2018 Foru Legea aldatzeko foru-lege proiektua dela-eta.
Gobernuaren ekimenezko foru-lege proiektu horrek xede du beharrezkoak diren lanabesez hornitzea Nafarroako I+G+b sistema, halatan, inbertsioen bidez, etengabe eguneratuta egon dadin, baita zientziaren, ikerketaren eta berrikuntzaren alorrean genero-ikuspegia txertatzeari dagokionez ere.
Ikuspegi horretatik, eta ezagutzaren nahiz berrikuntzaren bilakaerari orpoz orpo jarraikiko zaion araudi bat izatearen asmoari dagokion bezala, eragile desberdinen antolaera errazten da (hots, 2 unibertsitate, osasungintza-ikerketako institutu bat, 3 ikerketa-zentro, 6 teknologiko, enpresen I+G+b-ko 10 unitate eta 21 entitate berezirena), xedetzat harturik sistema dinamikoago, kohesionatuago eta gizartearengan eragin handiagoa izanen duen bat erdiestea.
Horretarako, eta errealitateari lotuagoa dagoen araubide bat tankeratzearren, “entitate berezi” azpisailkapena ahalbidetzen da, PSNren eta EH Bilduren ekimenez ezagutza sozialaren eta humanistikoaren alorrei tokia ematen dien sistema baten antolaketa eta koordinazioa optimizatzeko, haien ezaugarrien eta jardueren arabera.
Desagregazio hori gauzatuko da SINAI-Nafarroako I+G+b Sisteman integraturiko betearazpen-eragileen frogatze-prozedura eta eragile horiek erregistro publikoan inskribatzeko modua arautzen dituen erregelamenduaren bitartez. Kasuko gaiaren gaineko eskumena duen departamentua arduratuko da ezartzen diren lege- eta erregelamendu-betekizunen gaineko kontrolaz.
Zehazki, SINAIko eragiletzat jotzen dira ezagutzaren sorkuntzan, ezagutza hori enpresa-ehundurarengana helaraztean eta gizartearen onuran koordinazioz diharduten entitate publikoak eta pribatuak, zeinak, kasu honetan, aritzen baitira ez soilik exekuzioan, finantzaketan edo koordinazioan, baizik eta “dinamizatzen, dibulgatzen eta berri ematen” ere.
Entitate berezien oinarrizko eginkizunen artean sartzen dira berrikuntza-ekosistemaren “dinamizazioa” eta I+G+b proiektuen “babesa” (horretarako ahalmena badagoenean); horrez gain, baita ezagutzaren sorkuntzari, garapenari edo hobekuntzari buruzkoak ere.
Laguntzen kudeaketari dagokionez, malgutze-neurriak ezartzen dira, modua emanen dutenak SINAIko eragileei emandako dirulaguntzak aurreratzea bermatze-beharrik edo aurretiazko justifikazio-beharrik gabe. Aurrerakin horien zenbatekoa izan ahalko da onetsi den zenbatekoaren % 100erainokoa. Urte anitzeko laguntzen kasuan, zilegi izanen da aurrerakinak urte-sari modura ordaintzea, kasuko likidazioei buruzko egiaztapena egin ondoren. Horrekin, asmoa da sistemari arintasun handiagoa eta egonkortasun finantzario mardulagoa ematea.
Orobat, aukera gisa jasotzen da errendimenduaren araberako laguntza oinarrizkoetarako deialdiak egitea, SINAI-Nafarroako I+G+b Sistemako eragileei zuzendurikoak, helburu dutenak haien iraunkortasuna bermatzea eta bikaintasuneranzko orientazioa indartzea. Deialdi horiekin jarduera ez-ekonomikoaren % 100eraino finantzatu ahalko da, ikerketa- eta transferentzia-ahalmenari loturiko adierazle objektiboak aintzat harturik, hala nola plantillan dauden doktoretzadun langileak, argitalpen zientifikoak, patenteak, teknologia-oinarridun enpresen sorkuntza, Europako finantzen eskuraketa edo industriarekiko proiektuen fakturazioa.
Gizonen eta emakumeen arteko berdintasunari bultzada emateari dagokionez, eta inklusioaren nahiz aniztasunaren hobekuntzarako apustu transbertsal baten abaroan, arreta berezia ematen zaio emakumeek STEM ikasketetan (zientzia, teknologia, ingeniaritza éta matematikak) sarbidea izateko moduari, eta behartzen da zuzendaritza-organoetako eta erantzukizun goreneko postuetako 60/40 parekotasun-arauekiko desbideraketa justifikatzera.
Irizpide hori bera aplikatuko da unibertsitateetan, osasungintza-ikerketako institutuetan, ikerketa-zentroetan eta zentro teknologikoetan, ikertzaile diren langileei dagokienez. Horiei guztiei halaber exijituko zaie zuzendaritza-postuaren hautaketan parte-hartzea izan dezala beren nazioarteko aholkularitza-batzorde zientifiko-teknologikoak –zeina diziplina anitzekoa, pluraltasunez osatua eta, egoki denean, gizarte-zientzietako eta humanitateetako espezialistez ere osatua izanen baita–.
Azaldutakoaren ildotik, eta talentu-erakarpen eta -fidelizaziorako neurriei dagokienez, ezarri eta/edo berrantolatu egiten dira “laguntza logistikoko, ekintzailetzako edo kontratazio-laguntzako sistemak”. Eta lanbide-karrera eta -mugikortasuna sustatzeko neurriak paratzen dira SINAIko eragileetako langile zientifiko-teknikoentzat, bai eta foru-administrazioak “erosketa publiko berritzailea egin dezan sustatu eta aldezteko” direnak ere.
Bestalde, eta Nafarroako I+G+b alorreko Kontseilu Aholku-emailearen osaerari dagokionez, langileen ordezkaritza, zeina orain arte zehaztu gabe baitzegoen, nahitaez hartuko dute beren gain “sindikatuen adostasunez hautaturiko bi pertsonak”. Organo horretako kide izateak ordaingabea izaten segituko du, joan-etorriengatiko gastuen eta bizilekua Nafarroatik kanpo daukaten zenbait pertsonaren egoitza-gastuak ordainduak izateaz harago.
Zientzia-, teknologia- eta berrikuntza-planari dagokionez, zeina funtsezko tresna baita Nafarroan I-G-b alorreko politikak planifikatu eta koordinatzeko, zehazten da ezen lau urteko gutxieneko indarraldia izanen duela (orokortasunez, lau urtekoa zeukan). Nafarroako Parlamentuak horren jarraipen bat eginen du, planak berak ezarriko duen moduan.
Lege-proiektuak oinarritzat duen hirugarren ardatzak zerikusia dauka sektore publikoak I+G+b alorrean egin beharreko inbertsioaren jomugekin; izan ere, 3 puntu igo da, % 8raino, 2030ean erdietsi beharreko aurrekontu-zuzkidura. BPGari loturiko aurreikuspenek beren horretantxe diraute (% 3 Nafarroan, % 1 sektore publikoan).
Batzordean eginiko jorratze-lanean 30 zuzenketa eztabaidatu dira (12, in voce), gehienak teknikoak izaeraz, eta horietatik 15 onetsi dira, UPNren 7 eta PSN, EH Bildu, Geroa Bai eta Contigo-Zurekin-en 8, konbinazio desberdinetan.
PSN eta EH Bildu-ren ekarpenetako batek zerikusia du berdintasun-planak erregistratzeko, horien jarraipena egiteko eta gaurkotzeko betebeharrarekin. Plan horiek jarduketa-protokoloak izan beharko dituzte indarkeria-kasuetarako, delituak egiten direnerako eta ziotzat generoa, askatasun sexuala eta laneko integritate morala daukan jazarpenaren aurkako beste jokabide batzuetarako. Derrigortuta ez dauden entitateek borondatezko berdintasun-plan bat izanen dute, edo, halakorik ezean, edozein lan-diskriminazio ekiditeko neurriak. Bi kasu horietan, eraginkortasun mugatuko erabaki gisa erregistratu beharko dira.
Aurrekoaren antzera, eta PSN, EH Bildu eta Contigo-Zurekin-en ekimenez, LGTBI+ pertsonen aurkako jazarpen- edo indarkeria-kasuetako arretarako neurri- eta baliabide-multzo planifikatu bat edukitzeko betebeharra ezartzen da. Neurri eta baliabide horien plangintza plantillen ordezkaritza legalarekin adostu beharko da, estatu- eta foru-legediari jarraikiz.
Gehiengoak aldeztu dituen UPNren 7 zuzenketak dira ezagutzaren dibulgazioari, talentuaren sorkuntza, atxikitze eta fidelizazioari eta INAIren dinamizazioari buruzkoak, halako moldez non ziurtatu egiten baitira zentroen bideragarritasuna, langileriaren lan-egonkortasuna eta enplegu teknologikoaren eta ikerketa-alorrekoaren sustapena. Zertzelada horiek guztiak baiezko bidez atera dira aurrera; ez, alabaina, lankidetza publiko-pribatua indartzeari buruzkoa, zeinaren aurka agertu baitira PSN eta EH Bildu.
Irizpena eman ondoren, Zientziari eta Teknologiari buruzko 15/2018 Foru Legea aldatzeko Foru-lege proiektua Osoko Bilkurari aurkeztuko zaio, martxoaren 12an seguruenik ere, horri buruzko behin betiko eztabaida eta bozketa egiteko.
Bilera Ibai Cresporen (PSN T.P.) lehendakaritzapean egin da, eta halaber bertaratu dira Ángel Ansa, Leticia San Martín, Marta Álvarez, Cristina López (UPN T.P.), Kevin Lucero, Ramón Alzórriz (PSN T.P.), Oihane Gallo, Javier Arza (EH Bildu T.P.), Mikel Asiain, Javier Ollo (Geroa Bai T.P.), Irene Royo (PPN T.P.), Daniel López (Contigo-Zurekin T.P.) eta Maite Nosti (atxikigabea).
- https://parlamentodenavarra.eus
- Foru-lege proposamena (3. NPAO, 2026-01-16koa)
- Zuzenketak (15. NPAO, 2026-02-13koa)