Osasun Batzordearen aburuz, Nafarroako Gobernuak ez du bete anbulantziazko osasun-garraioa probintzia arteko lekualdatzeetarako erabiltzeari buruzko jarraibidea alda zezan premiatzen zuen ebazpena
UPNren ekimenak Gobernuari eskatzen zion Foru Erkidegotik kanpo dauden eta Nafarroara itzuli nahi duten pazienteek laguntza-anbulantzia batean lekualdatzeko aukera izan zezaten
Osasun Batzordeak gaur ebatzi du UPNren, EH Bilduren, PPNren, Contigo-Zurekinen eta Voxen kontrakoekin, eta PSNren eta Geroa Bairen abstentzioekin, Nafarroako Gobernuak ez duela bete talde erregionalistaren ebazpena, Nafarroako Gobernuari eskatzen ziona “probintzia arteko lekualdaketetarako anbulantziazko osasun garraioa erabiltzeari buruzko jarraibidea alda dezan, kasuaren balorazio medikoa egin ondoren, aukera egon dadin laguntza-anbulantzia batean lekualdatzeko gure Foru Erkidegotik kanpo dauden eta Nafarroara itzuli nahi duten pazienteak”.
Osasun Batzordearen erabakia heldu da, hain zuzen ere, Erregelamendu berriaren 222. artikuluak mozioak bete ote diren kontrolatzeko prozedura arautzen duelako, halako moduan non, epe zehatzik ezarri ezean, lau hilabeteko epea ematen baitzaio Nafarroako Gobernuari agindu zaiona bete ote duen azal dezan.
Osasun Departamentuak abuztuaren 12an igorri zuen ebazpenaren betetze-mailari buruzko informazioa, eta Mahaiak, Eledunen Batzarrari entzun ondoren, jasotzat eman zuen informazio hori irailaren 2an.
222. artikuluan ezarritako azterketa- eta egiaztapen-mekanismoak baliatuta, UPNren osasun arloko eledunak abuztuaren 6an eskatu zuen –mozioaren alde bozkatu zuen beste edozein taldek egiten ahal zuen eskaria– Osasun Batzordeak azter zezala ea Osasun Batzordeak onetsitako ebazpena bete ote duen Nafarroako Gobernuak.
Aurreko legegintzaldiaren amaiera aldean Erregelamendu berria onetsi zenez geroztik, Nafarroako Parlamentuak bostgarrenez aztertu du ea Gobernuak ebazpen bat bete ote duen eta hori dela-eta zer erantzukizun dagokion.
Mikel Asiain (Geroa Bai) buru izan duen saioan parte hartu duten parlamentariak hauek izan dira: Leticia San Martín, Cristina López, Isabel Olave, Raquel Garbayo (UPN), Maite Esporrín, Kevin Lucero, Javier Lecumberri (PSN), Txomin González, Javier Arza (EH Bildu), Isabel Aranburu (Geroa Bai), Irene Royo (PPN), Daniel López (Contigo-Zurekin) eta Maite Nosti (Vox).
• www.nafarroakoparlamentua.eus
• Mozioa (40. NPAO, 2023-11-28koa)
• Onetsitako ebazpena (50. NPAO, 2024-12-22koa)
• San Martín Rodríguez andrearen eskaera (UPN)