Noiz argitaratua Osteguna, 2017.eko Azaroak 2

Osasun Departamentuak farmazia-prestazioaren eredu berri bat finkatzea aurreikusten du 2018aren erdialderako

Podemos-Ahal Duguk interpelazio batean “gastuaren gaineko kontrol falta” argudiatu du araua berrikus dadila eta gastua NOZek kontrola dezala eskatzeko

Osasuneko kontseilari Fernando Domínguezek iragarri du titulartasun pribatuko zentro soziosanitarioetarako farmazia-prestazioaren eredu berria 2018aren erdialderako erabat garatuta egon daitekeela. Modalitate horrek urtean ia milioi bat euroko aurrezpena ekar lezake.

 

Domínguezek horrela erantzun dio kontroleko osoko bilkuran Podemos-Ahal Duguk aurkeztutako interpelazioari, titulartasun pribatuko zentro soziosanitarioetan laguntza farmazeutikoa ematearen gaineko politika dela eta.

 

Kontroleko osoko bilkuran Podemos-Ahal Duguk aurkeztutako interpelazioari erantzunez, kontseilariak azaldu du ezarrita dagoen hitzarmen ereduaren iraupena birplanteatu duela, Ogasuneko ikuskapen batek agerian jarri ondoren AMMA taldeak urtebetean Nafarroako Osasun Zerbitzuari behar baino ia 250.000 euro gehiago kobratu dizkiola.

 

Ildo horretan, eredu berri baten alde apustu egitea erabaki da. Eredu horretan ere zentroetan farmazia-zerbitzuak egonen dira eta horien funtzionamendurako diru-laguntza ematen jarraituko da, baina NOZek ezarriko du medikamentuen prezioa, eta berak banatuko ditu medikamentuak, logistikako enpresa baten bidez.


"Horrela ez dago erosketa prezioaren inguruko zalantzarik", argitu du Domínguezek, eta "zentroetan farmazia-zerbitzuak izatea egokiena" dela gehitu du.

 

Horregatik, kontseilariaren ustez, eredu horretan, zeina "are efizienteagoa” izan baitaiteke eta urtean ia milioi bat euroko aurrezpena ekar baitezake, farmazialaria zentro soziosanitarioan bertan egonen da.

 

Kontseilariak nabarmendu du eredua erabat garaturik egon litekeela 2018aren erdialderako, eta horren ondorioz zentroekin hitzarmen berriak egin litezkeela iragarri du.

 

Gainera, AMMA taldearekin gertatutakoa gertatu ondoren, fakturazioaren eta benetako gastuaren arteko diferentzia gehiago ba ote dagoen aztertzen ari direla ohartarazi du. Hala ere, nabarmendu du enpresa batek hitzarmena ez betetzeak ez duela esan nahi hitzarmenaren xedea "egokia" ez izatea.

 

Podemos-Ahal Duguk zerbitzu osoa Nafarroako Osasun Zerbitzutik antola dadila eskatu duela eta, kontseilariak hau erantzun du: NOZek farmazia-zerbitzu horien funtzionamendua bere baliabideez ordaintzea "askoz ere gehiago" kostatuko litzakeela zerbitzuen funtzionamendua diruz laguntzeko jartzen diren 1.640.000 euroak baino.


"Farmazia-zerbitzuen hornidurari NOZetik aurre egitea erabakiko bagenu, 2.600dik gora ohe izanda, kostuak gutxienez 4 milioi euroko inbertsioa egitea eskatuko luke, plantillarako urtean 1.640.000 euro jartzeaz gainera", ohartarazi du Domínguezek. Horrek "bideraezin bihurtuko luke aukera hori ikuspuntu ekonomikotik". Arrazoi horiengatik, egungo ereduaren alde dagoela berretsi du.

 

Bestalde, "antzeman diren irregulartasunak eta efizientziarik eza” kontuan izanik, 12/2000 Foru Legea alda dadila eskatu du Tere Sáezek. "17 urte iragan dira, garai batean zentzua izan zezakeen, baina jada ez", adierazi du, eta araua berrikustearen alde agertu da, "benetako farmazia-gastuaren gaineko kontrolik ez dagoelako. Posiblea eta beharrezkoa da NOZetik antolatzea", aldarrikatu du.

 

Begoña Ganuzak (UPN) "gardentasuna eta gastuaren kontrol hobea” eskatu ditu, eta Koldo Martínezek (Geroa Bai) ohartarazi du UPN izan zela behar ziren kontrolak egin ez zituena. Horrez gain, Martínezek "eraginkorra eta efizientea” iritzi dio egungo ereduari.

 

Bakartxo Ruizek (EH Bildu) baieztatu du azter daitekeela talde moreak planteatu duen bidea. "Ez dugu baztertzen bide horretatik jotzea, baina orain gardentasuna da premiazkoa".


Aldiz, María Chivitek (PSN) azpimarratu du foru lege hori kenduko balitz "pazienteentzako arretaren kalitateak okerrera" eginen lukeela. Horregatik, Podemos-Ahal Duguk noizbait horretarako ekimenen bat aurkeztuko balu, ez luke talde sozialistaren babesik jasoko.

 

Ildo beretik, Marisa de Simónek (Izquierda-Ezkerra) "16/2012 Errege Dekretuari ezetz" eta zerbitzuen prestazioa hobetzen duen "Nafarroako lege honi baietz" esan die.

 

Azkenik, Javier García (PPN) "ikuskapen gehiago egiteaz aparte, orain arte bezalatsu” segitzearen alde agertu da, "emaitza onak" lortu direlako.