Noiz argitaratua Asteazkena, 2016.eko Otsailak 17

Parlamentu Irekia Landa ingurunearen geroa

Hainbat kolektibo sozial eta ekologistak eztabaida egin dute Nafarroako ohiko nekazaritza txikia eta elikadura-burujabetza babesteko neurriei eta politika publikoei buruz

Osoko bilkuren aretoan, gaur arratsaldean, eztabaida egin da Nafarroako ohiko nekazaritza txikia eta elikadura-burujabetza babesteko neurriei eta politika publikoei buruz, Parlamentu Irekiaren barnean antolatua. Gizarte intereseko herri ekimenak eztabaidatu ahal izan daitezen sortutako programa da Parlamentu Irekia.


Osoko bilkuren aretoan eta gonbidatuen palkoan 170etik gora lagun izan dira Mundubat fundazioak sustatutako bilkuran. Aurkeztu diren bederatzi ponentzietan landa ingurunearen eta nekazaritzako elikagaien eskala txikiko ekoizpenaren etorkizuna aztertu da, landa inguruneko gizarte eta ekonomia ehunaren euskarri diren aldetik.


Fernando Fernández aritu da moderatzaile lanetan. Hizlariek azpimarratu egin dute “nekazaritzako elikagaien sektoreak berrikuntzarako eta ekintzailetzarako erakutsi duen ahalmena, lehen sektorearen krisiaren aurrean”. Ez da “bultzada berritzaile” horrekin batera etorri, ordea, “hura babestuko lukeen arau-egokitzapenik, hainbat kalitate-marka abian jartzea izan ezik; azken hori positiboa da sustapenerako, baina ez du eraginik oztopo teknikoak eta legezkoak ezabatzeari begira”.


Gauzak horrela, eta agerian jarri ondoren nekazaritzako elikagaien ekoizpen txikiak lotura duela “enplegua sortzeko gai den ekoizpen eredu jasangarri eta artisautzakoarekin”, hizlariek adierazi dute “berrikusi, ebaluatu eta legegintza nahiz politikagintzako proposamen berriak planteatu” behar liratekeela erakunde sektorialetan.


Hori guztia, nabarmendu dute, “nekazaritzako elikagaien ekoizpen eredu artisautzakoa eta kalitatezkoa hobetzeko; eredu horrek elikadura-burujabetza du oinarri, hau da, herri bakoitzak bere nekazaritza eta elikadura politika garapen jasangarriaren eta elikadura-segurtasunaren ildoko helburuen arabera zehazteko izan behar duen ahalmena”.


Beraz, ahalegina egin behar da “etxeko merkatua babesteko, nazioarteko merkatuan merkeago saltzen diren soberakinen eta dumpingaren aurka” (dumpinga deitzen zaio ekoizpen kostua baino prezio txikiagoan saltzeari).


Hitzaldiak amaitutakoan, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Batzordearekiko elkarrizketarako gune bat sortu behar duen lantaldea eratuko dela iragarri da, gaiari buruzko "proposamenak bideratu eta garatze aldera".


Hona hemen parte hartu duten pertsona eta erakundeetako batzuk: Joseba Echarte (EHNE), Saioa Elizalde (Artzai Gazta Elkartea), Garbiñe Elizainzin (Intia), Alejandro Antoñanzas (Nafarroako Erdialdeko Partzuergoa), Valero Casanovas (Landare), Maitane Unzu (Katakrak) eta Eneko Viñuelas (Mugarik Gabeko Albaitariak).


Nafarroako Parlamentuko lehendakari Ainhoa Aznarezekin batera, bilkuran izan dira Patxi Leuza eta Virginia Alemán foru parlamentariak (Geroa Bai), Dabid Anaut (EH Bildu), Rubén Velasco, Tere Sáez eta Fátima Andreo (Podemos-Ahal Dugu parlamentu-taldekoak), Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilari Isabel Elizalde, Iruñeko Udaleko alkateorde eta Toki Ekonomiako zinegotzi delegatu Patricia Perales, eta beste udalerri batzuetako hainbat alkate eta zinegotzi.