Noiz argitaratua Ostirala, 2022.eko Urriak 21

Parlamentu-zuzenbideko ikasketetako XXII. hitzaldi-sorta

Hualdek ohartarazi du badaudela diskurtso batzuk, deslegitimatu egiten dutenak hauteskunde-administrazioa, azken horrek herritarren borondatea erakundeetan ahalik eta zorrotzena islatzea beste xederik ez badu ere

Gaurkoan, Nafarroako Parlamentuak bere egoitzan hartu du Parlamentu-zuzenbideko ikasketetako XXII. hitzaldi-sorta. Saioak ardatz izan du hauteskunde autonomikoak aztertzea, abiapuntu hartuz hautes-sistemen eragina, kanpainen araubidea eta prozesuaren garbitasuna, eta parte-hartzaile izan dira estatu demokratikoaren egiazko zutabe den honetan adituak diren hiru pertsona.

 

Parlamentuko lehendakaria, Unai Hualde, izan da eztabaida hau aurkeztu eta testuinguruan kokatu duena: "foru- eta udal-hauteskundeetarako deia egiteko sei hilabete baino gutxiago falta direnean interes berezia hartzen duen eztabaida bat dugu hain zuzen, batik bat kontuan hartzen badugu nolakoa den ezjakintasuna", orokortua, zeri eta "herritarren borondatea erakundeetan ahalik eta zorrotzena islatzekoa" den prozesu bati buruz.

 

Hori horrela, eta administrazioari nahiz hautes-bermeei dagozkien prozedura desberdinez "hausnarketa eta konpara-lana" egitera deitu ondoren, Hualdek ohartarazi du Trumpena bezalako deslegitimazio-diskurtsoek dakarten arriskuaz, hura "tematuta egonik hauteskunde-iruzurra funsgabeki salatzera, presidente berria ez onartzearren. Jokabide arriskutsua da hori, noiz edo behin Diputatuen Kongresuan ere sumatu izan duguna".

 

Halatan, "populismoen aroan demokrazia bai Europan bai beste toki batzuetan auzitan jartzeko asmoz" tankeratuak diren horrelako diskurtsoek sortzen duten ziurgabetasuna azpimarratu ondoren, lehendakariak amaitu du nabarmendurik "erakundeak alderdien gainetik" daudela, baina ezin direla "ez legeen ez herritarren gainetik egon. Hauteskunde-sistemen berezitasunei buruz argi pixka bat emate aldera gaur gurekin ditugun unibertsitate-alorreko ikertzaileen eta adituen ekarpenez disfrutatzera goaz orain. Eskerrik asko.”

 

Mercedes Galánek, Zuzenbide Fakultateko dekanoak, eskerrak eman dizkio Legebiltzarrari “horrelako jardunaldiak egiteko prest egoteagatik. Oraingo honetan bereziki esanguratsuak dira, Hitzarmenaren 20. urteurrena eta Zuzenbide Fakultatearen 70 urteak batera ospatzen ditugulako. Ez dezagun ahaztu Nafarroa zenbait berezitasun dituen autonomia erkidegoa dela, bere foraltasuna dela eta”.

 

Asunción de la Iglesiak, Parlamentu-zuzenbide ikasketetako zuzendariak, “ezagutzaren, pentsamenduaren eta ideien muina den Unibertsitatearen eta erakunde politikoen arteko zubiak eraikitzen jarraitzearen alde” egin du. “Hitzarmenak krisiak, pandemia garaia eta izaera politiko desberdineko agintaldiak gainditu ditu, eta opari bat da guztiontzat”.

 

Jarraian, Urrutiko Hezkuntzarako Unibertsitate Nazionaleko katedradun eta Hauteskunde Batzorde Nagusiko kide Carlos Vidal Prado jaunak plebiszitu-prozesuaren bermeei buruz duen ikusmoldea azaldu du, barne harturik hauteskunde-administrazioaren goi-organoaren funtzioak; horien artean, botoak eta boto-zenbaketa egiteko zeregina duten hautesleak izendatzea.

 

Bere hitzaldian, Carlos Vidal aritu da kontrol-organo horren jatorriaz, eginkizunez eta etorkizunera begira dituen erronkez, zeinek, dioenez, egungo legeria aldatzera behartuko baitute.

 

"Hauteskunde Batzorde Nagusiak azken urteotan protagonismoa hartu du hautes-araudia eskasa suertatu delako fenomeno berriei erantzuteko, zeinak eratorri baitira, besteak beste, zatikatze politikotik (alderdi berriak sortu dira, inkestetan eragina daukatenak baina aurreko hauteskundeetan ordezkaritzarik lortu gabekoak direnak); espetxeratutako zenbait pertsonak hauteskunde-kanpaina egitearen beharretik; hauteskunde-prozesuak batera suertatu izatetik, 2019an gertatu zen bezala; eta, berrikiago, hauteskundeak osasun-larrialdiko egoeran egitetik edo sare sozialek eta plataforma digitalek ekartzen dituzten problemetatik", zehaztu du.

 

Vidalek Hauteskunde Batzorde Nagusia erakunde "erabakigarritzat" jo du Espainian hauteskunde-araubidea eta demokrazia irmotzeari dagokionez. "Hauteskunde-batzordeek misiotzat dute hauteskunde-prozesuaren garbitasuna zaintzea eta emaitza baldintzatu dezakeen esku-sartze oro eragoztea", adierazi du. 

 

Carlos Vidalen hitzetan, hauteskunde-administrazioa administrazio bitxia da, konplexua, botere exekutiboaren barrenekotzat jo ezin dena, baina ezta legegilearen edo judizialaren barrenekotzat ere; gailentasun-posizioa duena hauteskunde-eragiketetan esku hartzen duten eragile guztien artean eta, are, hauteskundeen antolaketarekin zerikusia duten eginkizunak esleituta dituzten gainerako administrazio publiko guztien aldean ere.

 

Vidal irakaslearen esanetan, hauteskunde-administrazioaren bost ezaugarri nagusiak honako hauek dira: "Independentea da, bere osaeran garbiro judizializatua, espezializatua, ez-iraunkorra (salbu eta Hauteskunde Batzorde Nagusia eta batzorde autonomikoak, halakorik dagoen tokietan) eta hierarkizatua".

 

Jardunaldiari mahai-inguru batek eman dio buru. Leyre Burguera (Urrutiko Hezkuntzarako Unibertsitate Nazionala) eta Andrés Dueñas (Valladolideko Unibertsitatea) aritu dira dira bertan hizlari, eta hauteskunde-sistema autonomikoak nahiz hauteskunde-kanpainak jorratu dituzte. Fernando Simón (Nafarroako Unibertsitatea) izan da elkarrizketaren moderatzaile.

 

Parlamentu-zuzenbideko ikasketok unibertsitateko komunitatearen zerbitzurako tresna izateko dira sortuak, eta beren bidez sakonean ikertu eta ezagutu nahi dira sistema politikoa eta parlamentarioa.

 

Helburu hori erdiesteko, Parlamentu-zuzenbideko ikasketek urtero antolatzen dituzte prestigio onartua eta maila zientifiko altua duten hizlarien jardunaldi eta saioak.

 

Ikasketa hauek askatasunez kudeatzen ditu Nafarroako Unibertsitateko Zuzenbide Konstituzionaleko Departamentuak. Hain zuzen ere, horren mende egon dira, 2002an Nafarroako Parlamentuarekiko hitzarmen baten bitartez sortu zirenetik.