Noiz argitaratua Asteazkena, 2022.eko Azaroak 9

Parlamentuak aste honetako ostegunean eta ostiralean eginen du legegintzaldi honetako Foru Komunitatearen egoerari buruzko azken eztabaida

Azterkizun dira gobernuak inflazioari eta energia- nahiz ekoizpen-ereduaren eraldaketari dagokionez aurrera eramandako jarduna eta "elkarrizketa"ren alde elkarbizitzaren eta autogobernuaren erakusgarri delakoan egin duen apustua

Nafarroako Parlamentuak aste honetako ostegunean eta ostiralean -azaroaren 10ean eta 11n- eginen du Foru Komunitatearen egoerari buruzko politika orokorreko eztabaida.

 

Mahaiak eta Eledunen Batzarrak irailaren 19an onetsitako arauekin bat, eztabaida hilaren10ean hasiko da –osteguna–, 09:15ean, Gobernuko Lehendakariaren azalpenarekin. Hori amaitzen denean, bilkura eten eginen da ordu erdiz.

 

Etenaren ondotik, talde parlamentarioen eta foru parlamentarioen elkarteen eledunek hartuko dute hitza –gehienez ere, 30 minutuz–, handitik txikirako hurrenkeran; lehendabizi, oposizioko alderdiek –Navarra Suma eta EH Bildu–, eta gero, Gobernuari babesa ematen diotenek –PSN, Geroa Bai, Podemos-Ahal Dugu eta, azkenik, I-E–. Hitzaldiak bukatutakoan, Gobernuko lehendakariak horiei erantzuna emanen die,  mintzaldi bakoitzaren ondoren edo horiek guztiak amaitutakoan. Jarraian, ihardespen-txanda irekiko da –gehienez ere, 10 minutu–, eta Gobernuko lehendakari María Chiviteren beste mintzaldi batekin bukatuko da.

 

Eztabaida bukatzen denean, 15 minutuko epea irekiko da, talde parlamentarioek eta foru parlamentarien elkarteek Mahaiari gehienez ere bost erabaki proposamen aurkeztu ahal izateko.

 

Komunitatearen egoerari buruzko eztabaidak ostiralean hilak 11– jarraituko du, 09:15ean hasita, Mahaiak onartutako proposamenen eztabaidarekin. Erabaki proposamenen eztabaidaren ordena hitzaldien berbera izanen da; hau da, handitik txikira: lehendabizi oposizioko blokea, eta ondoren Gobernuari babesa ematen diotenena.

 

Talde bakoitzak bere proposamenak batera defendatuko ditu, gehienez ere 10 minutuz. Jarraian, aldeko eta aurkako txandak abiaraziko dira, bai eta ihardespen-txanda bat ere (biak ala biak, 5 minutukoak), zeinetan taldeek eta foru parlamentarien elkarteek eztabaidako hurrenkera bera gordeko baitute.

 

Eztabaida bukatutakoan, banaka bozkatuko dira talde bakoitzak aurkeztutako erabaki proposamenak.

 

Nafarroako Parlamentuko Erregelamenduko 200.1 artikuluak ezartzen duenez, legegintza-urtearen lehendabiziko bilkuraldiaren hasieran, salbu eta Gobernuko lehendakariaren inbestidura-eztabaida egin izan denetan edo Nafarroan hauteskundeak egiten direnetan, Osoko Bilkura berezia eginen da Komunitatearen egoerari buruzko politika orokorreko eztabaida bat egiteko.

 

Manu horrek orobat ezartzen du ezen, eztabaidarako deialdia egin aurretik, iraileko lehenbiziko hamabost egun baliodunen barrenean, Nafarroako Gobernuak Parlamentuari horri buruzko komunikazio bat igorri ahalko diola.

 

Igorritako komunikazioak dio gobernuko lehendakariak hasierako bere hitzaldia eskainiko diola gainbegirada bat emateari gobernuak gauzatu duen jardunera, halako garai batean zeinetan nagusi izan baitira "prezio-igoeraren inpaktua" eta "energia- nahiz ekoizpen-ereduaren eraldaketa azkartu" beharra, "ziurtasuna eta egonkortasuna" bermatuko dituzten "jasangarritasun"-koordenatuetan.

 

Horretarako, "inbertsioa" bermatzearren eta "eraldakuntza ekonomiko eta soziala" indartzearren, gobernuak azpimarratu eginen du Nafarroa Suspertu Planaren garrantzia, bultzagarri izanda Next Generation europar funtsak, eta "elkarrizketa"rako aldarri eginen du, "akordioak lortu eta proiektuei bultzada emateko", "aurrerakada" gisa ulertuak izateko modukoak.

 

Oposizioko taldeek, Navarra Suma eta EH Bildu, beren azalpena erabiliko dute auzitan jartzeko eta/edo ñabartzeko gobernu-ekintzaren gakoak eta lehentasunak. Gobernuak halaber "berresten" du konpromisoa duela "elkarbizitza pluralarekin eta autogobernuarekin"; are gehiago, "akordio eta leialtasun instituzionalaren" eredu den LORAFNAren 40. urteurrena betetzen denean.