Noiz argitaratua Astelehena, 2021.eko Irailak 6

Parlamentuak bat egiten du Suizidioaren Prebentziorako Mundu Egunaren ospakizunarekin, zeina irailaren 10ean izanen baita

Mahaiak eta Eledunen Batzarrak onetsia. 2021eko irailaren 6an

- Eledunen Batzarrak Navarra Sumak, PSNk, Geroa Baik, EH Bilduk, Podemos-Ahal Duguk eta I-Ek aurkeztutako adierazpen instituzional bat onetsi du. Horren bidez, Nafarroako Parlamentuak bat egiten du Suizidioaren Prebentziorako Mundu Egunaren ospakizunarekin, zeina irailaren 10ean izanen baita.

 

Onetsitako adierazpen instituzionalak honako hau dio:

 

“2003az geroztik,  Suizidioaren Prebentziorako Nazioarteko Elkarteak, Osasunaren Mundu Erakundearekin elkarlanean, Suizidioaren Prebentziorako Mundu Eguna sustatu du irailaren 10ean urtero. Egun hori pentsatuta dago mundu osoko herritarrek bat egin dezaten eta arazoaz kontzientzia har dezaten.

 

Nafarroako Parlamentuak bat egiten du Suizidioaren Prebentziorako Mundu Egunaren ospakizunarekin, zeina irailaren 10ean izanen baita, eta Parlamentuaren fatxada laranja kolorez argiztatzea erabaki du, helburu bikoitzarekin: herritarrak suizidioaren errealitatea eta egun horren garrantzia direla-eta sentsibilizatzea eta suizidioaren prebentzioarekiko konpromiso irmoa erakustea. Funtsezkoa da jokabide suizidak edo osasun mentaleko arazoak direla-eta laguntza bilatzen ari direnen estigmatizazioa ekiditea eta suizidatu direlako gertu-gertuko pertsona bat galdu dutenak babestea, kolektibo hori historikoki izan baita ulertu gabea eta ikusmiratik desagerrarazia.

 

Galdutako bizitza bakoitzaren atzean bikotekide, seme-alaba, aita, ama, laguna edo adiskidea daude. Suizidio bakoitzak senitarteko eta lagun askoren hondamen emozional, sozial eta ekonomikoa dakar.

 

Suizidioa osasun publikoko arazo tragikoa da mundu osoan. Suizidioaren prebentzioak erronka izaten jarraitzen du mundu mailan; izan ere, urtero dago adin guztietako pertsonen 20 heriotza-zio nagusien artean.

 

800.000 heriotzaren erruduna da; hau da, 40 segundoero, suizidio bat. Espainian kanpo-heriotzaren lehen zioa da.

 

Portaera suizidak suizidioa barne hartzen du, baina baita ideiagintza suizida ere, nork bere buruari kalte egiteko jokabideak eta suizidio-saiakerak ere. Osasunaren Mundu Erakundearen esanetan, suizidio bakoitzeko 20tik 25 saiakerara bitarte gertatzen dira, eta askoz ere gehiago dira suizidatzeko aukera gogoan serio darabiltenak.

 

Suizidioa arriskuko hainbat faktorek bat egitearen ondorioa da: genetikoak, psikologikoak, sozialak, kulturalak eta abar; sarri, bestelako trauma- eta galera-esperientzien eskutik heldu da.  OMEk 2020ko martxoan COVID-19aren pandemia deklaratu zuenetik, nabarmen igo da krisian egonik galerak, sufrimendua eta estresa bizi izan dituzten pertsonen kopurua, eta hori ere arrisku-faktore bat da.

 

Bere buruaz beste egiten duten pertsonek talde heterogeneoa osatzen dute, arrazoi bakar, konplexu eta multifazetikoak dituzte, beren azken ekintza horren atarian. Heterogenotasun hori erronka handia da suizidioaren prebentzioaren arloko adituendako. Erronka horiei maila eta diziplina anitzeko ikuskerarekin heldu behar zaie, kohesio-ikuskerarekin.

 

Suizidioaren prebentzioa erdigunean jartzea bereziki garrantzitsua da lotura sozial sortzeko, kontzientzia-hartzea sustatzeko eta esperantza eskaintzeko. Maite ditugunengana beren osasun mentalaz eta ongizateaz galdezka hurbiltzeak haien bizitza salbatzea eragin lezake.

 

Nafarroako Parlamentuak bat egiten du suizidioaren prebentzioak ikuskera berritzaile, integral eta multisektoriala izan behar duelako ideiarekin, horretan parte hartu behar luketelako osasunaren, hezkuntzaren eta lanaren sektoreek, poliziak, justiziak, erlijioak, zuzenbideak, politikak eta hedabideek.

 

Nafarroako Parlamentuaren ustez, funtsezkoa da gizartea suizidioaren arloan heztea eta sentsibilizatzea; eta beste horrenbeste osasungintzako profesionalak, eragile sozialak, erkidegokoak eta hedabideetako profesionalak.

 

Nafarroako Parlamentuak aldeztu egiten ditu suizidioaren prebentziorako estrategiak: pertsona eta kolektibo zaurgarrien identifikazio goiztiarra, osasun mentaleko zerbitzuetarako sarbidea eta asistentzia, alkoholaren kontsumoaren gaineko politikak, bitarteko hilgarriak eskuratzeko mugak ezartzea, telefono nahiz Internet bidezko laguntza-lerroak, eskolako prebentzioa. Gainera, etorkizun oparoko estrategiak dira esku-hartze psikosozialak, suizidioaren prebentziorako zentroak eta eskolako prebentzioa.

 

Nafarroako Parlamentuaren ustez, beharrezkoa da hedabideek modu arduratsuan jorratzea suizidioei buruzko albisteak, sentsazionalismoan erori gabe".