Parlamentuak bigarren harrobi proiekturako zundaketak egiten ari diren tokiak bisitatu ditu Almandozen eta Arizkunen
Zinpeko alkateek eta Ibarrekoak ingurumen eraginaren "larritasunaz" ohartarazi dute, eta eskatu dute "errespetatu" daitezela herritarren borondatea eta baimena ukatzeko toki autonomia
EH Bildu talde parlamentarioak eskaturik, Lurralde Kohesiorako Batzordeak gaur bisita egin du Almandozko Arritxuri harrobia ustiatzen duen enpresak zundaketak egin nahi dituen tokietara. Eragindako herrien alegazioak ezetsi eta baimena ematen badiote, enpresak zundaketak eginen ditu beste ustiapen fronte bat irekitzeko Almandozen (Uzketa 2) eta Arizkunen, 2013an Baztango Batzar Nagusiak baztertu zuenaren antzekoa.
Batzordeko kide hauek bertaratu dira: Carlos Pérez Nievas, Elena Llorente, Isabel Olave (Navarra Suma talde parlamentarioa), Virginia Magdaleno (PSN talde parlamentarioa), Ana Ansa (Geroa Bai talde parlamentarioa), Laura Aznal (EH Bildu talde parlamentarioa) eta Ainhoa Aznárez (Podemos-Ahal Dugu).
Parlamentuko ordezkariei harrera egitera azaldu dira Joseba Otondo Baztango alkatea, Peio Sarratea Almandozko zinpeko alkatea, Imanol Etxeberria Arizkungo zinpeko alkatea eta Aitor Baztarrica Elizondoko zinpeko alkatea.
Hasierako hitzaldian Laura Aznalek bisitaren helburua azaldu du: “Aztertu nahi dugu ea harrobi proiektu berria bateragarria ote den inguruko ondarearen eta ingurumenaren babesarekin, kontuan izanda Almandozko, Arizkungo eta Elbeteko bizilagunak proiektuaren aurka daudela” eta ustiapen baldintzei lotutako "kalteez" ohartarazi dutela, tartean direla "ibilgailu astunen joan-etorriak eta turismo eta abeltzaintza sektoreen gaineko eragina”.
Jarraian, prospekzioetarako hautatutako muinoan zeudela jada –Arritxuriko errepidearen parean–, Peio Sarrateak esan du bizilagunek ez dutela bigarren harrobia irekitzerik nahi. “Herria zulo batean sartuta utziko luke, herrigunean kamioien trafikoa biderkatuta, eta toki ekonomiaren zutabe nagusi diren turismo eta abeltzaintza ustiategien bideragarritasuna kolokan. Aski dugu egungo harrobiarekin”.
Almandozko herriaren alegazioei eusten dieten arrazoi gehiago azaldu ditu Sarrateak. Hala, zundaketaren laukiek –“kilometro bat iparraldetik hegoaldera”– barnean hartzen dituzte herriko ur biltegia, nahiz eta hori “aipatu ere ez den egiten”, eta “abereentzako herri-lurrak eta lur pribatuak. Abeltzaintza benetan sektore estrategikoa bada, kontseilariak dioen bezala, ez dugu beste harrobi bat behar. Ez luke ekarriko ez irabazirik ez lanposturik. Alderantziz, ustiategien errentagarritasuna asko murriztuko luke, hain zuzen ere emakumezko abeltzainak gizonezkoak baino gehiago diren leku batean”.
Hori dela eta, “eragin bisualaren eta ingurumen eraginaren larritasuna” azpimarratu ondoren, Sarrateak gogora ekarri du Baztango Batzar Nagusiak jada “2013an baimena ukatu ziola antzeko proiektu bati. Zundaketak baimendu eta proiektuaren bideragarritasuna berresten bada, gero nekez geldiaraziko litzateke. Kontuan izan behar da meatzaritzako ustiategiak zabaltzeari buruzko legeak eskubide batzuk ematen dituela, prospekzioek ustiategiaren errentagarritasuna frogatuz gero. Lege hori 1973koa da eta aspalditik zaharkituta dago.
Urtarril amaieran aurkeztutako alegazioen erantzuna jaso zain, eta oraindik ingurumen eraginaren ebaluazioaren berririk ez dakitela, Almandozko zinpeko alkateak zehaztu egin du haiek ez dutela eskatzen “harrobi osoa ixtea, baizik eta ofita ateratzeari uztea, % 80 Frantziara esportatzen baita. Hormigoi planta mantendu lezakete. Batez ere, toki autonomiaren errespetua eskatzen dugu, eta ez dadila baliatu UPSaren figura, hots, udalez gaindiko eragina, toki borondatea saihesteko”.
Jarraian, Lurralde Kohesiorako Batzordeko kideak Arizkunera joan dira eta zinpeko alkate Imanol Etxeberriak “Almandozkoaz bestelako” proiektu baten ezaugarriak azaldu dizkie. “Han muino bakar bat hartuko luke, oso handia, eta hemen etenkako harrobi bat izanen genuke muino txiki batzuetan, sei mea-lauki, hamabi baserri hartzen dituztenak, hamabi abeltzain kolokan. Lurraren % 90 pribatua da. Harritu egin gaitu proiektu honek, hemen, Almandozen bezala, ofita agerian eta bizitegi eremuetan dagoelako”.
Imanol Etxeberriak eta Peio Sarrateak bisitaren amaieran Navarra Suma, PSN, Geroa Bai, EH Bildu eta Podemos-Ahal Dugu taldeen eledunei eskatu diete aintzat har dadila Almandozko, Arizkungo eta Baztango herrien iritzia, “ia aho batez proiektuaren aurka agertu baitira”, eta, horretarako, sigla guztiek “udal eremuan hartu duten jarrera Parlamentuan berrets dezatela. Oso garrantzitsua litzateke”.
Hitz egiteko txandetan, parlamentariek azalpenak eskertu dituzte eta informazioa bildu dute, beharrezkotzat jotzen dituzten ekimenak abian jartzeko.