Noiz argitaratua Osteguna, 2024.eko Azaroak 21

Parlamentuak ez ditu onartu UPNk, PPNk eta Voxek 2025erako Aurrekontu Orokorren proiektuari aurkeztutako osoko zuzenketak

Abenduaren 9tik 13ra bitartean zuzenketa partzialak aztertuko dira, eta 19an Batzordearen irizpena Osoko Bilkurara eramanen da behin betiko eztabaida eta bozketa egiteko

Gaur egindako osoko bilkuran, Nafarroako Parlamentuak baztertu egin ditu 2025eko ekitaldirako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko Foru Lege proiektuari UPNk, PPNk eta Voxek aurkeztutako osoko zuzenketak. PSN, Geroa Bai, EH Bildu eta Contigo-Zurekinek zuzenketen aurka bozkatu dute. UPNk, PPNk eta Voxen elkarren proposamenak babestu dituzte.

 

 

Orain, lege proiektua Gobernuari itzultzea baztertu ondoren, 871 zuzenketa partzialak (18 artikuluei) aztertuko dira Ogasuneko eta Finantza Politikako Batzordean, abenduaren 9tik 13ra bitartean (zuzenketa partzialak aurkezteko epea atzo amaitu da), eta batzorde horren irizpena abenduaren 19an Osoko Bilkurari aurkeztuko zaio, behin betiko eztabaida eta bozketa egiteko.

 

 

2025erako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko Foru Lege proiektua urriaren 31n onartu zen izapidetzeko, eta azaroaren 5ean argitaratu zen Parlamentuko Aldizkari Ofizialean. Proiektuan jasotako aurrekontua 6.431,3 eurokoa da.

 

 

Kontuetan jasotako 6.431,3 milioi horietatik 5.986,6 dagozkio gastu ez-finantzarioari (Nafarroako Gobernuko departamentuak, Nafarroako Parlamentua eta Nafarroako Kontseilua), eta gainerako 444,7 milioiak finantza-gastuetarako dira (zorra amortizatzeko eta interesak ordaintzeko).

 

 

Gastu ez-finantzarioaren gehieneko zenbatekoa % 2,6 igo da 2024ko Aurrekontuaren aldean. Azken horretan 5.835.972.554 milioikoa izan zen; beraz, zenbaki absolututan 150,7 milioiko aldea dago.

 

 

UPN talde parlamentarioak bere osoko zuzenketa justifikatu du esanez ez dagoela ados proiektuarekin; izan ere, huts egiten du edukian, politika fiskalaren eta aurrekontuaren kudeaketa eraginkorraren arteko orekarik ez baitago, eta baita forman ere, ez baitago adostasun politikorik Gobernua osatu edo hari sostengua ematen dioten alderdien artean, EH Bilduren aipamen bereziarekin, haren “pisu politikoa” “erabakigarria” dela uste baita.

 

 

Testuinguru horretan eta maila parlamentarioak EH Bildu osagarri duen gobernu koalizioa bateratzen dituen “ideia politikoak” direla-eta, “erradikaltasunaz, bazterkeriaz” eta boterea “nola edo hala” atxikitzeaz hitz egin du, eta berretsi du “aurrekontu txarra dela, porrot egiten duen eredu bat finkatzen baitu”.

 

 

Horrekin lotuta, esan du proiektuak ez duela “apustu garbirik egiten gizarte nafarrak dituen arazo nagusiak konpontze aldera”, nagusiki “osasunarekin, etxebizitzarekin eta gazteen egoerarekin” lotutakoak; izan ere, ez da zerbitzu publikoak hobetzeko gaitasunik ikusten.

 

 

Amaitzeko, UPNk iragarri du Foru Komunitateak “lehiakortasun fiskala galduz jarraituko du eta, beraz, enplegua sortzen duen inbertsiorako erakargarritasuna galtzen”, halako moldez non “postuak galtzen jarraituko baitu beste autonomia-erkidego batzuetako parametro sozioekonomiko nagusien aldean”.

 

 

Ildo beretik, PPNk aurkeztutako osoko zuzenketa uste batean oinarritzen da, hain zuzen, “dokumentu kontinuista eta anbiziorik gabea dela, Nafarroaren hazkundea eta ongizatea mugatzen duten egiturazko gabeziak betikotzen dituena”, ez baitie erantzunik ematen “presio fiskal altuak, lehiakortasuna galtzeak, autonomoen zailtasunek, etxebizitza eskuratzeko krisiak, osasun-sistemaren okertzeak eta hezkuntzaren atzera egiteak” ekarritako erronkei.

 

 

Esandakoaren haritik eta “Nafarroako Gobernuak, “abertzaleen” interesak aintzat hartuta, boterean mantenduko bada egin behar izaten dituen amore emateak” aipatuta, PPNk dio “presio fiskal altua” dela enpresa-jardueraren itotzearen eta inbertsio-galeraren arrazoi nagusietako bat”, bai eta “autonomoen” sektorean ere, bertan “gazteen ekintzailetzarako bokazio eskasa” nabarmentzen baita, “enplegua sortzeko lagungarria” ez den ingurune baten eraginez.

 

 

Horiek horrela, eta “Ongizate Estatua mantentzeko xedez Gobernuak aldezten duen zerga politikarekiko desadostasuna agertu ondoren (PFEZ, Sozietateen eta Ondarearen gaineko zergak), PPNk nabarmendu du baliabide publikoen “kudeaketa ez eraginkorra” eta, besteak beste, “itxaron-zerrenden” eta “kolapsoaren mugan” dagoen Osasunbideko “oinarrizko osasun-laguntzaren” egoeraz ohartarazi du.

 

 

Amaitzeko, PPNk “pobreziaren areagotzea” eta “dirulaguntzetan oinarritutako politikak” lotu ditu, azpiegitura handien atzerapena zalantzan jarri du (AHTa, Nafarroako ubidea, A-15 eta A-21 errepideen bikoizketa) eta berriz ere bere “kezka” adierazi du erkidegoari bultzada emateko eta “sektore zaurgarrienak” babesteko “politika eraginkorrik” ez dagoelako.

 

 

Vox foru parlamentarien elkarteak, berriz, uste du 2025 urterako aurrekontuen proiektuari loturiko politikak “ekonomia lehiakor eta oparoa” sustatzeko behar direnetatik antipodetan daudela; hori dela-eta gobernu-koalizioak proposaturiko kontuak arbuiatzen dituzte, ez direla eraginkorrak eta interes orokorretik urrun daudela uste baitute.

 

 

Zehazki, Voxek honako hauek antzematen ditu: fiskalitate “erauzlea, harraparia eta pelagikoa”, gastu sozial “handia baina ez eraginkorra”, “diruz laguntzeko apustua, pizgarriak eman beharrean”, gehiegizko “burokrazia” eta “beharrezkoa ez den euskara sustatzeko” politika. Horretaz gain, ekoizpen-ehunduraren zailtasunak eta ezinbesteko “osasungintza eta azpiegiturak” bezalako arloetakoak hor diraute, eta, horren ondorioz, “Nafarroa aurrerabidetik urrunduko da eta enplegu- eta aberastasun-aukerak galduko ditu”.

 

 

PSN, Geroa Bai eta Contigo-Zurekin taldeek, hiru osoko zuzenketen aurka egiteko, argudiatu dute 2025erako aurrekontu-proiektua “bereziki soziala” dela, % 55,2 osasun, hezkuntza, eskubide sozial, etxebizitza eta kultura arloetako inbertsioetara bideratuta baitago. Gastu soziala 3.000 milioitik gorakoa da “dinamika hedakorra murrizten eta arau fiskalak berreskuratzen ari diren garai honetan”. Hala, aurreko ekitaldietan sortutako soberakinak inbertitzea ahalbidetuko duten irizpide berriak hartu dira aintzat: 125 milioi dira, eta horietatik 67k eragina izanen dute 2025eko kontuetan.

 

Ildo beretik, EH Bilduk UPN, PPN eta Voxen argudioak gezurtatu ditu eta bat egin du adostasunerako aukera ematen duten aurrekontu hauekin; izan ere, azken urte hauetan “funtsezko zerbitzu publikoak indartzeko” xedez hasitako lanari jarraipena ematen diote. EH Bilduk berretsi egin du Gobernuari kanpotik laguntzen jarraitzeko borondatea, “Nafarroa oparoagoa, berritzaileagoa, anitzagoa eta solidarioagoa, herritarren gehiago sozialaren beharrizanei erantzuteko gaitasuna duena” lortzeko xedez. “Ez dira aurrekontu perfektuak, baina bidean daude”.