Parlamentuak ez du onartu EBko bandera berriz jartzea
UPNren ekimenak Europa demokratiko, kohesionatu eta anitz baten aldeko konpromisoa azpimarratzen zuen, politika zehatz batzuekiko unean uneko desadostasunak gorabehera
Parlamentuaren Osoko Bilkurak Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Eren aurkako botoekin eta UPN, PSN eta PPNren aldeko botoekin gaur atzera bota duen mozio batek Legebiltzarrari eskatzen zion “Europar Batasuneko bandera etengabe paratzeko bere egoitzaren fatxadan nahiz Legebiltzarreko gainerako leku ofizialetan, Nafarroaren nortasun europarraren eta bertako gizartearen europazaletasunaren erakusgarri”.
Baztertutako mozioaren bigarren puntuak zioenez, Legebiltzarrak, “Kontseilu Europarraren, Europar Batasuneko Kontseiluaren edo Europako Batzordearen erabaki politiko zehatz batzuekiko unean uneko desadostasunak gorabehera”, bere konpromisoa adierazi behar zuen “Europar Batasun demokratiko, kohesionatu, anitz, ireki eta solidario bat eraikitzearen alde”.
Ildo berean, hirugarren atalean mozioak Nafarroako Gobernua premiatzen zuen “ekitaldiak eta ekimenak bultza eta programatu ditzan, Nafarroako herritarren artean sentimendu europazalea sendotzen laguntzeko eta herritarren artean Europar Batasuneko erakundeen, haien funtzionamenduaren eta haietarako sarbidearen gaineko ezagutza areagotzen laguntzeko”.
UPN parlamentu-taldeak bultzatutako erabaki horren zioen azalpenean gogorarazten zen nola EBko bandera kendu zen Parlamentuko fatxadatik eta gainerako leku ofizialetatik, Mahaiak iragan martxoaren 18an hala erabakita, protesta gisa, errefuxiatuak bueltan bidaltzeko Turkiarekin sinatu zen akordioa zela-eta. Mahaiaren ekintza hori “neurrigabea eta segregatzailea” dela gaineratzen zen, “gure erakundeen eta identitatearen ikur bati” eragiten baitio.
Proposatzaileek azpimarratzen zutenez, bandera urdina ez da derrigorrez paratu behar, baina 30 urte daramatza Parlamentuan eta Nafarroako gainerako erakundeetan”; hala, gure kultura eta identitatea zeharo integratuta daude Europaren testuinguruan, eta ekonomia ere bai, Nafarroak “bostehun milioi euro baino gehiago jaso baititu 1986az geroztik EBrengandik”.
www.nafarroakoparlamentua.eus
Mozioa (94. NPAO, 2016-07-01ekoa)