Parlamentuak ezetsi egin du Zenbait zerga aldatu eta beste tributu-neurri batzuk hartzeko Foru Lege proiektuari aurkeztutako osoko zuzenketa
PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos eta I-Eren ezezko botoek zapuztu dute Navarra Sumak politika fiskala dakarren testua Gobernuari itzultzeko egin duen ahalegina, eta Batzordean eztabaidatuko da
Gaur egindako osoko bilkuran Parlamentuak ezetsi egin du Navarra Sumak Zenbait zerga aldatu eta beste tributu-neurri batzuk hartzeko Foru Lege proiektuari aurkeztutako osoko zuzenketa. PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Ek zuzenketa horren aurka bozkatu dute.
Beraz, lege proiektua ez zaio Gobernuari itzuliko. Ekonomia eta Ogasun Batzordera eramanen da, eta han irizpena prestatzeko lanak hasiko dira ostiralean bertan, abenduak 14. Ziurrenik abenduaren 19an aurkeztuko zaio irizpena Osoko Bilkurari, behin betiko eztabaida eta bozketa egiteko. Zuzenketa partzialak aurkezteko epea ere amaitu da. Navarra Sumak 26 erregistratu ditu, PSNk, Geroa Baik eta Podemos-Ahal Duguk 14 sinatu dituzte batera, EH Bilduk 21 aurkeztu ditu, eta I-Ek 13. Guztira, 74.
Navarra Suma talde parlamentarioak ordezko testua aurkeztu du osoko zuzenketan, sinetsita dagoelako Zenbait zerga aldatu eta beste tributu-neurri batzuk hartzeko Foru Lege proiektua aurreko politikaren “jarraipena” dela eta, beraz, asko urruntzen dela “Foru Komunitateari komeni zaion eta eskatzen duen erreforma sakonetik”, are gehiago lan merkatuan antzematen den dezelerazio ekonomikoaren ondoren, non “enplegua sortzeko erritmoa moteltzen ari baita”, argi erakutsiz egoera ez datorrela bat “azken ekitaldietako hazkunde sendoaren ereduarekin”.
Hori dela eta, Navarra Sumak fiskalitatea “hazkunde-tresna bihurtu” nahi du “ahalmen ekonomiko handiagoa utziz sektore pribatuaren esku, jarduera produktiboa anima dadin eta kalitatezko lanpostuak sor daitezen; horrekin batera, zerga-oinarriak ere zabalduko lirateke”. Hori guztia, “baldintza makroekonomiko berrietara egokitu eta ekitate-printzipioari lotutako politika ekonomiko antizikliko” baten esparruan.
Parlamentuko talde gehiengodunak, azkenik, oraingo Gobernuaren erreforma fiskalaren kontrako kritikari eusten dio, esanez berriro ere ahalegin fiskal handiagoa eskatzen diela, aurreko Gobernuak bezala, “batetik seme-alabak dituzten familiei eta errenta ertain eta baxuei eta bestetik enpresei, ahalmen ekonomikoa kenduz lehenengoei eta lehiakortasuna bigarrenei”.
Horren harira, Navarra Sumak proposatzen du % 5,8 (2015etik aurrera metatutako inflazioa) deflaktatzea PFEZaren tarifa (Gobernuak % 2 planteatu du). Horrenbestez gehieneko tasa % 48 litzateke, orain indarrean dagoena baino lau puntu txikiagoa. Ehuneko 5,8 horren aplikazioa 4/2008 Legegintzako Dekretuaren bidez onetsitako PFEZari buruzko Foru Legearen testu bateginean ezarritako murrizketa eta kenkarietan sartutako diru-zenbateko guztietara zabalduko litzateke.
Bestalde, 14.000 eurora igotzen da errentaren aitorpena aurkeztu beharraren muga, tasak beheratu egiten dira tarte guztietan, eta gutxieneko pertsonala subjektu pasibo bakoitzeko 5.400 eurora igotzen da.
Halaber, 400 euroko kenkaria ezartzen da familia ugarientzat, eta 600 eurokoa familia gurasobakarrentzat eta kategoria bereziko familia ugarientzat. Familia ugarientzat eta lan egiten duten gurasoentzat (beren kontura nahiz besteren kontura lan egin), kenkaria ezartzen da 0-3 urteko haur hezkuntzako ikastetxeei ordaindutako diru kopuruengatik: gehienez 850 euro seme edo alaba bakoitzeko.
Gehienez 100 kW-eko potentzia duten plaka fotovoltaikoen titularrentzako konpentsazioak bikoiztu egiten dira (500 eurotik 1.000 eurora); kenkariaren muga kentzen zaie zenbait inbertsiori, besteak beste ibilgailu elektrikoekin edo karga-sistemekin lotutakoei (muga % 25ekoa zen), eta talentudunak erakartzeko eta itzul daitezen errazteko neurriak ezartzen dira, “baldin eta Nafarroako zergadun bihurtzen badira bizilekua aldatzen duten urtean eta hala irauten badute hurrengo lau urteetan”. Horiek lanaren etekin osoen % 15 salbuetsita edukiko lituzkete, eta salbuespena % 20ra ere irits liteke, beste gastu kengarri batzuk aintzat hartuz gero.
Aurrezkiaren errentei ere tasak murriztea proposatzen du Navarra Sumak: % 20tik % 19ra, 6.000 eurorainoko oinarrietarako. Zenbateko horren eta 50.000 euroren arteko oinarriek % 21eko tasa izanen lukete, eta hortik gorakoek % 23koa. Egungo araua aplikatuta, zerga-tasa % 2koa da 10.000 euroraino, % 24koa 15.000 euroraino eta % 26koa hortik gora.
Pentsio-planei dagokienez, Navarra Sumak % 40ko salbuespena berreskuratu nahi du eta urtean 8.000 eurora igo nahi du plan horiei egindako ekarpenengatiko gehieneko murrizketa (orain 3.500 euro dira urtean). 60 urtetik gorakoentzako kenkaria 12.500 eurokoa litzateke (gaur egun 6.000).
Etxebizitzen alokairuaren alorrean, Navarra Sumak aurkeztutako ordezko testuan errentariarentzako kenkaria (edozein dela ere errenta maila) % 15ekoa da, eta gehienez ere 1.500 eurokoa urtean (300 euro gehiago). Familia ugarien eta 30 urtetik beherakoen kasuan zerga-arinketa % 25era igotzen da (5 puntu gehiago), 1.800 euroko mugarekin. “Alokairuaren merkatua bizkortu eta ezkutuko errentamenduak azaleratu nahian”, zerga-murrizketa etxebizitzaren jabeari ere aplikatzen zaio.
Sozietateen gaineko zergan, Navarra Sumak % 28tik 24ra beheratu nahi du tasa orokorra, % 23tik 22ra enpresa txikiena eta % 19ra mikroenpresena. Gutxieneko tributazio-tasekin ere gauza bera egin nahi du: % 18tik 15era murriztu (enpresa txikien kasuan % 16tik 13ra eta mikroenpresen kasuan % 13tik 10era). Gainera, aparteko etekinak berrinbertitzeko salbuespenaren % 100a berreskuratzen da.
Oinordetzen eta dohaintzen gaineko zergan, 350.000 euroraino igotzen da salbuetsitako zatia, eta oinarriaren gainerakoari % 0,8ko tasa aplikatzen zaio.
Nafarroako Gobernua sostengatzen duten taldeek lege-proiektuaren oinarri diren printzipioak ekarri dituzte gogora Navarra Sumak aurkeztutako osoko zuzenketa ezesteko, “ekitatearen aldeko konpromisoari eta saiheste fiskalaren aurkako borrokari eutsiz”.
Ildo horretan, PSN, Geroa Bai, Podemos-Ahal Dugu eta I-Ek aho batez azpimarratu dute “ahalmen ekonomikoak” izan behar duela “zerga-betebeharrak banatzeko benetako neurria”. Horregatik, “egokitzat jo da PFEZaren likidazio-oinarri orokorrari aplikatzen zaion tarifa deflaktatzea, zergadunen erosteko ahalmenaren gehikuntzaren neurrikoa ez den zama fiskala arintze aldera”.
EH Bilduk adierazi du, bestalde, Navarra Sumaren “antipoda fiskaletan” dagoela eta haren osoko zuzenketak Foru Ogasunaren diru sarreren “200 edo 300 milioiko” murrizketa ekarriko lukeela. Koalizio subiranistak iragarri du zuzenketa partzialen eztabaidan zehaztuko duela bere jarrera, baina, nolanahi ere, diru bilketa orekatzearen alde dagoela, esaterako sozietateen gaineko zergaren eraginkortasuna berreskuratuz, gaur egun “hutsaren hurrengoa” baita.
· www.nafarroakoparlamentua.eus
· Foru lege proiektua (39. NAO, 2019-11-21ekoa)
· Osoko zuzenketa (47. NAO, 2019-12-11koa)