Noiz argitaratua Osteguna, 2023.eko Azaroak 2

Parlamentuak hitzarmen bat sina dadin eskatu du, Nafarroatik AHTren lanen garapena bultzatzeko

Ganberak arintasuna eskatu du Iruñeko geltoki berria eraikitzeko, eta obraren epeak eta inbertsio-konpromisoak publiko egiteko eskatu du

Parlamentuaren osoko bilkurak ebazpen bat onetsi du gaur UPNren, PPNren eta Voxen aldeko botoekin, PSNren eta Geroa Bairen abstentzioekin eta EH Bilduren eta Contigo-Zurekinen aurkako botoekin, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “Espainiako Gobernuarekin hitzarmen bat sina dezan, Nafarroatik abiadura handiko trenaren obren garapena gidatu eta bultzatzeko, eta, horrela, obrak arinago egiteko”.

 

Onetsitako ebazpenak, bigarren atalean, Nafarroako Gobernuaren konpromisoa eskatzen du “Iruñeko kiribilgunea kendu eta geltoki berria ahalik eta lasterren eraikitzeko”. PSNk atal honen eta hurrengoaren aldeko botoa eman du.

 

Azkenik, Foru Exekutiboa premiatzen da “Espainiako Gobernuarekin adostu, definitu eta argitara ditzan Estatuak Nafarroako abiadura handiko trenaren obrak egiteko faseetan hartuko dituen epe- eta inbertsio-konpromisoak”.

 

Jatorrizko testuak beste bi atal zituen, baztertu egin direnak PSNren, Geroa Bairen, EH Bilduren eta Contigo-Zurekinen aurkako botoak jasotzeagatik, eta lehen atalean proposatzen zen, “Abiadura Handiko Trenaren etorrera defendatzen dugun taldeen eta Nafarroako gizarte zibilaren arteko akordio politiko eta sozial zabala sinatzea”.

 

Era berean, eta Geroa Bairen abstentzioarekin, eskatzen zen “itun bat sinatzea Nafarroako Gobernuaren, Eusko Jaurlaritzaren eta Aragoiko Gobernuaren artean, Estatuari exijitze aldera abiadura handiko trenaren garapen bateratu eta berehalakoa gure erkidegoetan”.

 

UPNk, ekimenaren titularrak, ez ditu onartu PSNk eta PPNk aurkeztu dituen ordezteko in voce zuzenketak. Lehengoan, sozialistek eskatzen zuten “behar diren ahalegin guztiak egin daitezen Euskadiko, Aragoiko eta Espainiako gobernuen artean adostasuna eta koordinazio eraginkorra lortzeko, bakoitza bere eskumenen esparruan, gure erkidegoetan AHTa modu bateratu eta berehalakoan garatze aldera”.

 

PPNk, berriz, eskatzen zuen “itun bat sinatzea Nafarroako Gobernuaren, Eusko Jaurlaritzaren eta Aragoiko Gobernuaren artean, Espainiako Gobernuari exijitze aldera AHTaren garapen bateratu eta berehalakoa, eraikuntza bizkortu, inbertsioa handitu eta hura garatzeko egutegi bat egin dezan, Iruñeraino iristen diren Aragoiko eta Nafarroako tarteak lehenetsita”.

 

Halaber, PPNk proposatzen zuen Espainiako Gobernuari eskatzea “onesteke dauden administrazio-espedienteak onets ditzan eta AHTaren obrak bizkortzeko inbertsioak handitu ditzan”.

 

Zioen azalpenean, UPN talde parlamentarioak sustatutako ebazpenak salatzen duenez, Foru Komunitateari 233 milioi euroko inbertsioa besterik ez zaio egokitu 30 urtean –70 milioi 2022an–, Espainiako abiadura handian inbertitutako milako 4. “Gaur egungo inbertsio-erritmoan, abiadura handiko Nafarroako korridorea, Euskal Y-arekiko konexioa barne, ez litzateke errealitate bat izango 60 urte barrura arte”.

 

Gauzak horrela, eta Nafarroako Abiadura Handiko korridorearen izaera estrategikoa kontuan hartuta, “2.550 milioiko inbertsioa eskatzen da hamar urteren buruan Iruñea-Madril/Bartzelona bidaiarien ibilbidea lortzeko”.

 

Horri dagokionez, zehazten da Nafarroan "bide bakarreko trenbide-sareak 150 urte baino gehiago" dituela, eta azpiegitura horretatik "baztertuta dagoen Espainiako biztanleriaren % 23ren barruan" dagoela Nafarroa, zeina proposatzailearen esanetan, "oso aktibo erabilgarria" den lurraldearen garapenerako.