Noiz argitaratua Asteartea, 2020.eko Urriak 13

Parlamentuak kontingentzia-plana aldatu eta areto guztien gehieneko edukiera %30era murriztu du

Neurriak hilaren 26ra arte egongo dira indarrean, eta bereziki Osoko Bilkurei eragingo die, Mahaiko kideek eta eledunek soilik izango baitute bertaratzeko aukera

Urriaren 11ko 54/2020 Foru Aginduarekin bat eginez eta Covid-19ak eragindako egoera epidemiologikoaren bilakaera ikusita, Nafarroako Parlamentuak erabaki du areto guztien edukiera % 30era murriztea, gaixotasunaren transmisioa eusteko neurri gisa. Legebiltzarrak kontingentzia planaren baitan hartutako neurriak hilaren 26ra arte egongo dira indarrean.

 

Osasun kontseilariaren 54/2020 Foru Aginduak indarrean dirauen bitartean, Legebiltzarraren areto guztien gehieneko edukiera %30ekoa izan dadin bermatu beharko da, baita bi metro eta erdiko segurtasun-distantzia mantentzea ere. Aldaketa honek Parlamentuak antolatutako ekitaldi guztiei eragiten die, bai eta liburutegiaren erabilerari eta kafetegi-zerbitzuari ere.

 

Bereziki Osoko Bilkurei eragiten die neurri hauek, izan ere, ostegunetik aurrera, presentzialki egon daitezke Mahaiko kideak, eledunak (edo ordezkoak), Gobernuko lehendakaria eta gehienez ere bost kontseilari, legelari nagusia eta hau laguntzen duen beste legelaria.

 

Presentzialki parte hartuko ez duten parlamentariek botoa eskuordetu beharko dute. Interes publikoko arrazoiengatik gomendatzen bada ere, boto-eskuordetza borondatezkoa izanen da, “ezinezkoa” baita 50 parlamentarirekin Osoko Bilkura bat egitea.

 

Gauzak horrela, eta parte-hartze politikoa segurtasun-baldintzekin zertu ahal izatea errazte aldera, Mahaiak, Eledunen Batzarrak erabaki loteslea hartu ondotik, Lehendakariaren ebazpen bat onetsi zuen hilaren 25ean, boto-delegazioa dela-eta Erregelamenduaren 94.2.b) artikuluan aurreikusitako kasuen artean jasotze aldera, ospitaleratzeaz edo gaixotasun larriaz gain, osasun-krisietako osasunerako arrisku-egoeraren kasuak eta Ganberaren jarduera murriztekoak.

 

Osoko Bilkuren aretoaren edukiera murrizteak ikus-entzunezko komunikabideei ere eragiten die, hemiziklorako sarbidean txandakatu beharko baitira, eta bertan egongo dira lana egiteko behar duten gutxieneko denbora.

 

Batzorde-bilkurak Osoko Bilkuren Aretoan egiten direnean, presentzialki egonen dira haien kide guztiak, bai eta haiei lagunduko dien legelaria eta agerraldia egitekoa den kontseilaria ere. Azken horri bi pertsonak lagunduko diote gehienez. Nolanahi ere, foru parlamentariek zilegi izanen dute bideokonferentziaz aritzea, bilera mistoak direnean. Era berean, zilegi izanen dute bideokonferentziaz esku hartzea kontseilariek edo haien laguntzaileek, salbuespenez eta Batzordeko lehendakariari aurretiazko eskaera eginda. Bilkura horietan, bozketa publikoa eginen da, banan-banan deituta, Erregelamenduko 101. artikuluak ezartzen duenari jarraituz.

 

Batzorde aretoetan egiten diren batzorde-bilkuretara joanen dira batzordeburua edo haren ordez diharduena, talde parlamentario bakoitzaren eta foru parlamentarien elkartearen ordezkari diharduen parlamentari bana, haientzat lanean diharduen legelaria eta agerraldia egitekoa den kontseilaria, gehienez ere laguntzaile bat alboan duela. Gainerako kideen parte-hartzea bideokonferentziaz gauzatuko da, esku hartu behar dutenean. Zilegi izanen dute bideokonferentziaz esku hartzea kontseilariek edo haien laguntzaileek, salbuespenez eta Batzordeko lehendakariari aurretiazko eskaera eginda. Bilkura horietan, bozketa publikoa eginen da, banan-banan deituta, Erregelamenduko 101. artikuluak ezartzen duenari jarraituz.

 

Bat-bateko matxura tekniko bat gertatuz gero, parlamentari bati eragotzi egiten diona parte hartzea, dela bideokonferentziaz dela segimendua, eztabaida eta bozketa bermatzeko egokiak diren bestelako sistema teknikoen bidez, eten eginen da bilkura, non eta kasuko parlamentariak ez duen modu fede-emailean adierazten baimendu egiten duela bilkurak jarrai dezan.

 

Horregatik guztiagatik, eta laguntzeko betebehar orokorraren aurrean, Nafarroako Parlamentuak egokitzat jo du martxoaren 12an onartutako Kontingentzia Plana aldatzea. Hilaren 26ra arte egongo dira indarrean neurri guztiak, eta egoera epidemiologikoaren arabera luzatu, aldatu edo bertan behera gabe utzi ahal izango dira.