Noiz argitaratua Osteguna, 2017.eko Otsailak 2

Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du dislexia duten ikasleen ikaskuntza erraztu dezan

Ikasgelako metodologia hobetu eta egokitzeko prozedura bat taxutzeko eta ikastetxe guztietan irailetik aurrera abian jartzeko eskatzen dio

Parlamentuaren Osoko Bilkurak gaur erabaki bat onetsi du, UPN, PSN, PPN eta I-Eren aldeko botoekin eta Geroa Bai, EH Bildu eta Podemos-Ahal Duguren abstentzioekin, zeinean Nafarroako Gobernua premiatzen baita “ikasgelako metodologian laguntzeko prozedura bat taxutu dezan, dislexia daukaten ikasle guztien ikaskuntzan laguntzeko”.

 

Onetsitako erabakiaren bigarren puntuan, Foru Gobernuari eskatzen zaio “prozedura hori 2017ko irailean abiaraz dezala ikastetxeetan”.

 

Hirugarren atalean, gainera, “dislexia duten ikasleen zentsua” egin dezala eskatzen zaio Nafarroako Gobernuari.

 

Dei egiten zaio, halaber, “bere eskumenen esparruan hezkuntzarako eskubidea berma diezaien dislexia duten haurrei, beren eskolaldi osoan, horrela benetan beteko baita dislexia duten ikasleen hezkuntza-inklusioaren printzipioa”.

 

Helburu hori lortzeko zenbait neurri azaltzen dira, besteak beste “irakasle arrunten, pedagogia terapeutikoko irakasleen eta entzumen eta mintzameneko irakasleen prestakuntza eguneratua sustatzea”. “Eskola ingurunean sor daitezkeen hezkuntza-premien detekzio goiztiarra hobetzeko protokoloak” ere eskatzen dira; eta “derrigorrezko hezkuntza-etapak amaitutakoan behar diren laguntzak ematen jarraitzea berma dadila”, eta neurri horiek guztiak gauzatzeko “hezkuntza eta giza baliabide nahikoak jar daitezela”.

 

Azken bi atal horiek gehitzeko zuzenketa aurkeztu du PSNk, eta ekimenaren titularrak, UPNk, onartu egin dio.

 

EH Bilduk ordezteko zuzenketa bat aurkeztu du, baina UPNk ez du onartu. Honako hau eskatzen zuen: “Eskura dauden prozedura metodologikoen erabilera eta garapena bermatzea, dislexia duten ikasle guztien ikaskuntza errazte aldera, Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe guzti-guztietan”.

 

UPN parlamentu-taldeak sustatutako erabaki horren zioen azalpenean, irakurmen-arazoak eta dislexiarekin lotutako beste zenbait arazo arintzeko estrategia egokiak aurkitu behar direla adierazten da, horrela ikasleen errendimendua, motibazioa eta autoestimua hobetu ahalko baitira.

 

Dislexia irakurtzeko zailtasunarekin dago lotuta. Halere, idazmenean, ortografian eta are mintzamenean ere izan lezake eraginik. “Tresna ugari daude laguntza emateko. Tresna horiek probatu egin behar dira, harik eta ikasle bakoitzari hobekien egokitzen zaiona aurkitu arte”.