Noiz argitaratua Osteguna, 2017.eko Otsailak 2

Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du kontratazio publikoei buruzko txostena egin dezan

Gogorarazten du botere publikoen ardura dela lizitatzen dituzten zerbitzuen kalitatea zaintzea, lan baldintzen errespetua barne

Parlamentuaren Osoko Bilkurak gaur aho batez onetsi duen erabaki baten bidez Nafarroako Gobernua premiatzen da “garbiketa zerbitzuen kontratazio publikoei buruzko txosten bat egin dezan”.

 

Txosten horretan, zehazten du erabakiak, “urtea joan urtea etorri izandako lizitazio-prezioen azterlan bat jasoko da, bai eta Kontuen Ganberaren gomendioei jarraikiz ezarritako neurriak ere”.

 

Onetsitako erabakiaren bigarren puntuak dioenez, “txosten hori hilabeteko epean eginen da, eta Parlamentuari igorriko zaio, azter dezan”.

 

Zioen azalpenean, berriz, PSN parlamentu-taldeak sustatu eta Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Ek zuzendu duten erabaki horrek gogora ekartzen du botere publikoek erantzukizuna dutela lizitatzen dituzten zerbitzuen kalitatea zaintzeko garaian, bai zerbitzu-emateari berari dagokionez baita lan baldintzei dagokienez ere.

 

Ildo beretik, “austeritate politikekin” lotzen dira Administrazioak kontratazioen baldintza-orrietan maiz ezartzen dituen “baldintza bidegabeak”, eta, adibide gisa, Kontuen Ganberak garbiketa zerbitzuen 2010etik 2014ra bitarteko kontratazio publikoaz egindako fiskalizazio-txostena aipatzen da.

 

Proposatzaileak bere egiten du Kontuen Ganberaren gomendioa, alegia, “zerbitzua gainbegiratzen diharduten arduradun guztiei kontratua arautzen duten baldintza-orriak eta esleipen-hartzailearen eskaintza teknikoa eskuratzea, zerbitzuaren kontrola hobetze aldera”.