Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du Osasun Mentalari eta COVID-19ari buruzko Estrategia eta Ekintza Plana taxutu eta bete ditzan O-NOZen
Pandemiaren ondorioz osasun sistema publikoan areagotu diren gabeziez ohartarazi da, eta haur, gazte eta zaharrengan duten eraginaz
PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Eren baiezko botoekin eta Navarra Sumaren abstentzioarekin Parlamentuaren Osoko Bilkurak gaur onetsi duen erabaki batean Nafarroako Gobernua premiatzen da “Nafarroako Osasun Mentaleko Estrategia eta Osasun Mentalari eta COVID-19ari buruzko Ekintza Plana taxutu ditzan”.
Onetsitako erabakiaren bigarren puntuan, berriz, hau eskatzen zaio Foru Gobernuari: “Osasun mentala gizatiartzeko eta duintzeko estrategia bat zertu dezan, langile soziosanitarioei horri buruzko prestakuntza ematea jasoko duena, arreta hobetzeko xedez, gaixoa eta haren familia pairatzen ari direnaren ulermenaz”.
Jada hirugarren atalean, gainera, Nafarroako Gobernua premiatzen da “Oinarrizko Laguntza Psikologikoa gara dezan, PsicAp proiektua osorik ezarrita”.
Halaber Foru Gobernua premiatzen da “Haur eta Gazteen Osasun Mentala sendotu dezan, prebentzio eta detekzio goiztiarreko estrategiak ezar ditzan eta Haur eta Gazteen Osasun Mentaleko profesionalen arteko komunikazio-guneak sor ditzan”.
Hau ere eskatzen zaio Nafarroako Gobernuari: “Osasun mentalean aditua den gaixoaren figura sor dezan, bere gaixotasuna ezagutzeaz gain beste batzuei gaixotasuna ulertzen eta horri aurre egiten lagundu baitiezaieke”.
Bestalde, Foru Gobernuari ohartarazten zaio lehentasunezkoa dela “suizidioaren prebentzioa eta arazo horren ikusarazpena. Suizidioa prebenitzeko planak egin beharra dago, Osasunaren Mundu Erakundea eskatzen ari denarekin bat”.
Testuinguru horretan Nafarroako Gobernuari eskatzen zaio “populazio-arrazionaltasunaren arabera egituratu dezan Osasun Mentala, halako moduan non sareak eta zerbitzuak gainjartzea ekidinen baita, baliabideak eskualdeen eta sektoreen arabera paratuko baitira eta Osasun Mentaleko sareko baliabide guztien koordinazio eta sinergiarako mekanismoak ezarriko baitira”.
Honako hau ere eskatzen zaio Foru Gobernuari: “Itunpeko zentroen gaineko kontrola areagotu dezan, ratioei, langileen prestakuntzari eta instalazioei dagokienez”.
Beste eskakizun bat da “Osasun Mentaleko sarearen erabiltzaileen eta haien familien kexak jasotzeko sistema bat” sortzekoa, Nafarroako Osasun Zerbitzuaren barruan babestuta senti daitezen saiatzeko”.
Komunikazioaren arloan, Nafarroako Gobernua premiatzen da “gaixotasun mental larria (eskizofrenia, nahasmendu bipolarra...) ikusgai egin dezan; hartara, sentsibilizazio-kanpainak eginen dira, baita Hezkuntzan ere, horiek zer diren herritarrei jakinarazteko, estigmatizazioa ekiditearren”.
Koordinazioari begira lortu nahi da Foru Gobernuak “dementzia nahiz bestelako gaixotasun neurodegeneratiboak artatzeko estrategia eguneratu dezan; hartara, Dementzien Diziplina Anitzeko Unitatean sartuko da, neurologiarekin eta psikiatriarekin lankidetzan”.
Azkenik, Nafarroako Gobernuari eskatzen zaio “gaixotasun mentala eta adikzio-arazoak (patologia duala) dauzkaten pertsonei zuzendutako baliabideak gara ditzan; hartara, osasun mentaleko profesionalen eta erkidego terapeutikoen arteko lankidetza ezarriko da”.
PSNk sustatu duen erabaki horren zioen azalpenean osasun sistema publikoaren gabeziak –“pandemiak areagotuak”– nabarmentzen dira eta biztanleen osasun mentalean eragina izan dutela baieztatzen da. “Haur eta gazteen kolektiboa izan da kaltetuena, zaharren kolektiboarekin batera, larriagotu egin baitira haien patologiarik ohikoenak”.
Horiek horrela, osasun-laguntzako sareak gainezka egin duela eta estres-egoeran dagoela adierazten da, horrenbestez “sintomatologiaren detekzioa berandutu” egin dela eta horrek ondorioak ekarri dituela. Gainera, “patologiak lehenagotik pairatzen zituzten pertsonengan okerrera egin dutela ikusi da”.
Proposatzaileak, azkenik, depresioaren prebalentzia “orain arte ohikoa zena baino halako hiru handiagoa” dela ohartarazten du. Gainera, “antsietatea pandemia aurreko sasoikoa baino halako lau handiagoa da, eta trauma osteko estresaren diagnostikoa, berriz, halako bost handiagoa”.
- www.nafarroakoparlamentua.eus
- Mozioa (131. NPAO, 2021-11-16koa)