Parlamentuak Pilar Aramburo, Mercedes Ferro, José Ángel Andrés, Javier Onieva eta Juana García hautatu ditu Nafarroako Kutxa Fundazioaren Patronatuko kide izateko
Navarra Sumak, PSNk, Geroa Baik eta EH Bilduk proposatuta, Fundazio bereziaren gobernu, administrazio eta ordezkaritza organoa osatu dute
Parlamentuaren osoko bilkurak Pilar Aramburo González, Mercedes Ferro Montiu, José Ángel Andrés Gutiérrez, Javier Onieva Larrea eta Juana García Santamaría aukeratu ditu gaur Nafarroako Kutxa Fundazioaren Patronatuko kide izateko. Organo horretan, Ganberak bost ordezkari izendatzeko eskubidea du, 2/2014 Foru Legea aldatu aurretik zegozkionak baino bi gehiago.
Andrés (29 boto), García (29) eta Onieva (29) PSNko, Geroa Baiko eta EH Bilduko hautagaiek, hurrenez hurren, elkarri eman diote babesa. Pilar Aramburok eta Mercedes Ferrok 20 babes bildu dituzte, Navarra Suma proposatzailearen eserleku kopuruarekin bat datozenak. XX boto zuri erregistratu dira.
Bozketa sekretua egin da boto-paperen bidez, eta parlamentari bakoitzak gehienez hiru izen idazteko aukera izan du, sexu bateko bi eta besteko bat.
Patronatukideek sei urte iraunen dute karguan. Nolanahi ere, lehen agintaldian, aparteko kasuetan, hirugarren urtearen buruan lau kargutik kendu ahal izanen dira 5. artikuluan arautzen den berritze partziala bermatzeko. Horiek ezin izanen dira hautatu hurrengo agintaldirako.
Patronatuko kideen osaera “ahalik eta paritarioena” izanen da, eta burua kideen artean hautako da gehiengo osoaren bidez bozketa sekretuan.
Fundazioaren gobernuan, ordezkaritzan eta administrazioan dauzkaten ahalmenez gainera patronatukideek fundazio berezia sortu duen entitatea eratu zenetik sortutako dokumentazioa zainduko dute, eta horren barruan sorburuaren arabera dagozkien egin beharreko berreskuratze-kudeaketak eginen dituzte.
Gainera, dokumentazioa eskuratzeko protokoloa prestatu beharko dute, zaintzapean dauzkaten agiriak Parlamentuaren eta Nafarroako gainerako erakunde publikoen esku jartzeko.
Estatutuen arabera, Patronatua bederatzi kidek osatuko dute. Horietatik bost Parlamentuak izendatuko ditu, Nafarroako Gobernuak hiru patronatukide izendatuko ditu eta Udalak gainerakoa izendatuko du.
Nafarroako Parlamentuaren Osoko Bilkurak Zenbait fundazioren zuzendaritza organoak arautzen dituen otsailaren 17ko 2/2014 Foru Legearen aldaketa onetsi zuen urtarrilaren 20an aho batez, egungo errealitate juridiko eta sozialarekin bat etorriz, kontrol eta parte-hartze publiko handiagoa erraztuko duen araubide berri bat lortzeko, gardentasun-arauekin bat etorriz.
Jatorria eta berezitasuna kontuan hartuta, Parlamentuak egokitzat jo zuen Nafarroako Kutxa Fundazioari (CANen oinordekoa) fundazio arrunten araubidea ez den beste bat ematea, behin aurrezki-kutxen eta banku-fundazioen araudiak eskatzen dituen baldintzak betetzeari utzi ondoren.