Noiz argitaratua Asteazkena, 2022.eko Apirilak 6

Parlamentuak Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioa premiatzen du berrikus ditzan gas naturalaren azken baliabideko tarifaren arauak

Galdara komunitarioek merkatu arauturako sarbidea izan dezaten

Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Batzordeak gaur onetsi duen erabaki batean, Parlamentuak Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioa premiatzen du “berrikus ditzan gas naturalaren azken baliabideko tarifa erregulatzen duten arauak, auzokideen komunitateei zerbitzu ematen dieten galdara komunitarioak merkatu arauturako sarbidea izan dezaten”. Navarra Sumak, Geroa Baik, EH Bilduk eta I-Ek aldeko botoa eman dute eta PSNk eta Podemos-Ahal Duguk abstentzioa bozkatu dute. 

 

Onetsitako erabakiaren bigarren puntuan, Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du “sendotu eta areagotu ditzan eskuragarri dauden laguntza-deialdiak auzokide-komunitateen efizientzia eta energia-aurrezpena hobetzeko”. Atal honek Podemos-Ahal Duguren babesa ere jaso du. 

 

EH Bildu talde parlamentarioak sustatutako erabaki horren zioen azalpenean, “prezioak eta energiari lotutako kostuak etengabe gora egiten” ari direla gogorarazi ondoren, nabarmentzen da mugatua dela gas naturalaren azken baliabideko tarifaren erregulazio berria, urriaz geroztik indarduna. Izan ere, urteko 50.000 kWh baino gutxiagoko kontsumoei bakarrik aplikatzen zaie eta galdara komunitarioak kanpoan gelditzen dira, merkatu librea beste aukerarik ez dutela.

 

Proposatzailearen iritziz, galdara komunitarioak “energia kontsumitzaile handitzat” hartzeak urratu egiten du “mantentzearekin loturiko zamak banatu” ahal izateko moduan historikoki sortutako planteamenduaren muina. Horregatik, ezegokitzat jotzen du galdara-sistema indibidualak dituzten etxebizitzak eta pertsonak saritzen dituen bereizketa, horiek bai, tarifa arautuak baliatzeko aukera baitute.

 

Testuinguru horretan baieztatzen da ezen galdara komunitarioek, “atari eta pertsona askori modu konpartituan eta guztien partaidetzarekin zerbitzu ematen dieten azpiegitura horiek”, ez dutela jaso behar “energia-baliabideen erabilera oso intentsiboa egiten duten enpresen” tratamendu bera. Hori dela eta, “erabaki-ahalmena” eskatzen da, “burujabetzaren bidez honelako egoerei aurre egin ahal izateko”.

 

María Solanak (Geroa Bai talde parlamentarioa) bilkuraren buru egin du, eta hauek bertaratu dira: Elena Llorente, José Suárez, Cristina Ibarrola, Carlos Pérez-Nievas, Maribel García-Malo, Juan Luis Sánchez de Muniáin (Navarra Suma talde parlamentarioa), Javier Lecumberri, Arantza Biurrun, Virginia Magdaleno (PSN talde parlamentarioa), Mikel Asiáin (Geroa Bai talde parlamentarioa), Laura Aznal, Maiorga Ramírez (EH Bildu talde parlamentarioa), Ainhoa Aznárez (Podemos-Ahal Dugu foru parlamentarien elkartea) eta Marisa de Simón (I-E talde parlamentario mistoa).

 

 

www.nafarroakoparlamentua.eus

• Mozioa (38. NPAO, 2022-03-25ekoa)