Noiz argitaratua Osteguna, 2023.eko Irailak 21

Parlamentuak Uxue Barkos (Geroa Bai) hautatu du Nafarroako Foru Komunitateko senatari izateko

Nafarroako lehendakari ohiak Geroa Baiko Koldo Martinezek utzitako hutsunea beteko du, Iruñeko zinegotzi eta UPNko hautagai Juan José Echeverria 3 boto gehiagorekin gainditu ondoren

Nafarroako Parlamentuko Osoko Bilkurak Uxue Barkos Berruezo hautatu du gaur Nafarroako Foru Komunitateko senatari autonomiko izateko, UPNren hautagai Juan José Echeverríaren kaltetan. Azken honek Geroa Baik proposatutako hautagaiak baino 3 boto gutxiago jaso ditu.

 

Uxue Barkosek 21 boto jaso ditu bere alde (11 PSNrenak, 7 Geroa Bairenak eta 3 Contigo-Zurekinenak), eta Juan José Echeverríak, ordea, 18 boto besterik ez ditu jaso (UPNreb 15 eta PPNren 3). Gainera, 11 boto zuri erregistratu dira, EH Bilduren 9 eta Voxen 2.

 

Nafarroako Parlamentuko Osoko Bilkurak Uxue Barkos senatari izateko egin duen hautaketa bozketa bakarrean egin da, isilpean eta txartelen bidez. Foru parlamentari bakoitzak txartelean hautagai baten izena idazteko aukera izan du, eta era berean, boto zuriak ere balekoak izan dira.

 

Parlamentuko lehendakari Unai Hualde izan da botoak zenbatu dituena, eta amaitu duenean karguan Koldo Martinez ordezkatuko duen senatari berria, Uxue Barkos, zoriondu egin du.

 

Foru Erkidegoko senatari izendatu ostean, Uxue Barkosek "eskerrak" eman dizkie babesa eman dioten taldeei, eta "Nafarroaren interes orokorraren alde eta Ganbera honekin bat eginez" lan egiten jarraitzeko asmoa azaldu du.

 

Foru erkidegoko Legebiltzarrak izendatutako senatariaren agintaldia, Parlamentuko Erregelamenduaren 235.7 artikuluak dioenez, hautatu duen Nafarroako Parlamentuaren ondorengoa eratzen den egun berean bukatuko da.

 

Bestalde, agintaldi hori bukatuko da, halaber, Senatuko legegintzaldia Konstituzioak ezarritako edozein arrazoirengatik bukatzen denean. Senaturako hauteskundeak egin ondoren eta Senatua eratu aurretik, Legebiltzarreko Mahaiak Nafarroako Parlamentuko legegintzaldiaren hasieran hautatuko pertsona berari emanen dio agintea.

 

Uxue Barkos Berruezo (Iruñea, 1964) Nafarroako Gobernuko presidentea (2015-19), diputatua (2004-15) eta Iruñeko Udaleko zinegotzia (2007-15) izan da. Joan den legealditik Geroa Bairen Parlamentuko bozeramailea da. Informazio Zientzietan lizentziatua da Nafarroako Unibertsitatean.

 

Koldo Martínez Urionabarrenetxea izan da Nafarroako Foru Komunitateko azken senatari autonomikoa, eta joan den ekainaren 16an utzi zuen kargua, Parlamentu berria eratu zen egun berean. 2019ko irailaren 26an hautatu zuten: aldeko 22 boto jaso zituen (PSNren 11, Geroa Bairen 9, eta Podemos-Ahal Duguren 2) eta 8 boto zuri (EH Bilduren 7 eta I-Eren 2) erregistratu ziren. Navarra Sumaren hautagaia zen Arancha Ariasek, ordea, bere taldearen 20 boto jaso zituen.