Noiz argitaratua Asteazkena, 2022.eko Azaroak 9

Parlamentuko lehendakaria Diabetesaren Nafarroako Elkartearekin bildu da

Nafarroako Parlamentuko lehendakari Unai Hualdek harrera egin die gaur, Legebiltzarraren egoitzan, Diabetesaren Nafarroako Elkartearen ordezkariei; hauek bertaratu dira: Juantxo Remón elkarteko lehendakaria, Humberto Pérez lehendakariordea eta Cristina Salvador koordinatzailea.

 

Remón, Pérez eta Salvadorrek azaldu dutenez, bilkuraren xedea izan da Nafarroako Parlamentua gonbidatzea Diabetesaren Mundu Egunaren ospakizunean parte hartzera. Hilaren 14an ospatuko da, “Heztea, etorkizuna babesteko” lelopean, ardatza prestakuntza diabetologikoan jarrita.

 

“Patologia honekin bizi direnen bizi-kalitatea hobetzeko lanean jarraitzen dugu, eta, ildo horretatik, diabetesaren alorreko hezkuntza eskubide bat da, eta bermatu egin behar da kronikotasuna lantzea eta arreta langile espezializatuek ematea ardatz dituen osasun sistema baten bidez” adierazi du Cristina Salvadorrek.

 

Anadi elkarteko bozeramaileek esan dutenez, zenbait konpromiso zehazteke daude oraindik. “Duela urtebete, Osasuneko kontseilariak iragarri zuen glukosa neurtzeko sentsoreak une batetik bestera jarriko zirela martxan, baina urtarrilera arte atzeratu berri dituzte. Helduentzako endokrinologiako diziplina anitzeko unitatea, mediku-jarraipena espazio bakar batean kontzentratzeko kontzebitua, ez da existitzen oraindik ere. Burutza bakarra dago, baina ez du ez egiturarik ez azpiegiturarik. Eta adingabeentzako osasun-hezkuntza protokoloa dokumentu bakar batek osatuta dago eta, funtsean, lehendik egiten zena jasotzen du, eta gu ez gara horren parte sentitzen” adierazi dute.

 

ANADI-Diabetesaren Nafarroako Elkartea 1983an sortu zen, gaixotasun hori duten pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko xedez, dela osasun-laguntza egoki baten bidez, dela hezkuntza diabetologiko egoki baten bidez, hori guztia gaixo horien erabateko gizarteratzea lortzera bideratutako prozesu baten baitan.