Parlamentuko lehendakaria Giza Eskubideak sustatzeko Jaime Brunet Sariak banatzeko ekitaldian izan da
Fontilles Fundazioak baztertutakoen alde gauzatzen duen egitekoa azpimarratu du Hualdek, eta giza eskubideen indarra defendatu du Palestinako “eguneroko sarraski izugarriaren” eta Ukrainako inbasioaren aurrean
Nafarroako Parlamentuko lehendakari Unai Hualdek Jaime Brunet Sariak banatzeko ekitaldian parte hartu du gaur Iruñerriko Mankomunitateren egoitzan, eta Giza Eskubideak Sustatzeko 2023ko Nazioarteko Saria eman dio Fontilles Fundazioari, zeina erakundeko nagusi Alberto Navarro Casanovak ordezkatu baitu ekitaldian.
Egin duen hitzaldian Unai Hualdek azpimarra jarri du Fontilles Fundazioak landa eremuetan, gune behartsuetan, isolatuetan edota oinarrizko osasun zerbitzuetatik urrun daudenetan legenarra eta artatzen ez diren beste gaitz tropikal batzuk dituzten pertsonen gizarte-bazterketaren aurka eta osasunaren alde egiten duen lanean, eta nabarmendu egin du adingabe, emakume eta familia indigenei ematen zaien arreta.
Hualdek adierazi duenez, “orain, pandemiaren ostean, mundu guztiak du biziki gogoan osasunerako eskubidearen garrantzia, eta aintzatetsi egin behar da Fontilles Fundazioak Afrika, Asia eta Amerikako pertsona babesgabeekin duen eskuzabaltasuna. Berandu goaz, beharbada, baina Nafarroak duen konpromisoa, berez solidarioa baita, ukaezina da mundu justuago eta berdinzaleagoa eraikitzeko. Akordio handiak behar dira politika handietarako. Beharrezkoa da ere bai lan handiak egitea, eta gaur nabarmentzen direnak bezalako ibilbide handiak. Nahiz eta urrats txikien antza izan, aurrerapen handiak ahal dira lortu”.
Ildo horretatik, eta berriz ere aipatuz egungo garai “aztoratuetan” “giza eskubideak bete eta sustatzeak” duen garrantzia, “Ukrainaren inbasio luze eta odoltsuak eta egunero Israelek Palestinan gauzatzen duen sarraski izugarriak” eragin nabarmena baitute, lehendakariak Anne Garmendia, Oier Santamaría, Álvaro Gurbindo eta María Dolores Núñezen ekarpena nabarmendu du, 2023ko Sari Unibertsitarioetarako merezidun izan baitira, eta, María Dolores Núñezen kasuan. Doktore Tesiaren Sarirako.
“Anneren lana laguntza bat da, adingabeenganako tratu txarrak detektatzeko eta prebenitzeko gida bat, marrazkien bidez. Oierrek azterlan aurrendaria egin du, memoria ematen diona diktaduran eta trantsizioan zehar LGTBI kolektiboak pairatutako sufrimenduari. Álvarok azterlan bat egin du gutxiengo nazionalen inguruan, arreta jarriz jurisprudentziako eta doktrinako erabaki adierazgarrienetan. Eta María Doloresek Ekuadorreko eredu estraktibistaren eragina erakusten digu. Eskerrik asko lauroi. Sari hauek ikasleengandik ikasten ahal dugun guztiaren adierazgarri dira”, adierazi du Hualdek amaitzeko.
Horrez gain, lehendakariak berriz ere egin du deialdia “argi eta garbi eta indarrez salatzeko oinarrizko eskubideen urraketa”, eta eskerrak eman ditu NUPk sustatzen duen prestakuntzako eta ikerketako zereginagatik, berarentzat “funtsezkoa baita nafar gizartea hobetzeko”.
Ekitaldian, Unai Hualderekin batera, Brunet Fundazioko presidente eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektore Ramón Gonzalo eta Brunet Fundazioko presidenteorde Joaquín Mencos izan dira, eta honako hauek ere bertaratu dira: Eskubide Sozialetako kontseilari Carmen Maeztu, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilari Patricia Fanlo eta askotariko talde parlamentarioetako zenbait ordezkari.
Giza Eskubideak sustatzeko Jaime Brunet Nazioarteko Saria 2023 –36.000 euro, diploma eta Caros Ciriza sarirako egindako eskultura– Fontilles Fundazioak irabazi du “legenarra eta pobreziari lotutako beste gaitz batzuk desagerrarazteko” ekarpenagatik, baita “gizarte-bazterketako beste forma batzuetarako” emandako arretagatik ere. Hori guztia, azpimarratu denez, osasunerako eskubidea defendatzeko, “baldintza berebizikoa baita garapenerako, askatasunerako eta parte hartze sozial eta politikorako”.
Halaber, Doktore Tesiaren Jaime Brunet Saria eman zaio María Dolores Núñez Ávilari, eta Giza Eskubideetako eta Garapenerako Lankidetzako Jaime Brunet Sari Unibertsitarioa Anne Garmendia Zubikoa, Oier Santamaría Remón eta Álvaro Gurbindo Marticorenari.
Jaime Brunet Fundazioa fundazio kultural pribatua da, xede duena giza duintasunarekiko, oinarrizko askatasunekiko eta giza eskubideekiko errespetua sustatzea, bai eta egoera eta tratu gizagabeak eta apalgarriak desagerraraztea ere.