Noiz argitaratua Asteartea, 2020.eko Irailak 8

Parlamentuko lehendakaria Iruñeko Udalak pandemiaren biktimen omenez antolatutako omenaldian izan da

Nafarroako Parlamentuko lehendakari Unai Hualde pandemiaren ondorioz hildako iruindar guztien oroimenez Iruñeko Udalak ziudadelan antolatu duen omenaldian egon da gaur arratsaldean, Batasunaren pribilegioa dela eta

 

Zeremoniak birusaren aurka lehen lerroan borrokatu diren hainbat kolektibo aintzat hartu ditu, eta esparru guztietako agintariak ere bildu ditu, besteak beste,  Nafarroako Gobernuko lehendakari Maria Chivite, Iruñeko alkate Enrique Maya eta Gobernuaren ordezkari Jose Luis Arasti.

 

Maria Jesus Artaiz iruindarra arduratu da herritarrei ahotsa jartzeaz, eta, batez ere, zaharrenei, adinagatik eta osasunagatik pandemiari kalteberatasun handiagoarekin aurre egin behar izan dion kolektiboari. Artaizek iruindarren jarrera eredugarria eta “eskuzabaltasun amaigabea” azpimarratu ditu, eta eskerrak eman dizkie besteei lagundu dieten guztiei, batez ere, gazteak, boluntarioak eta kulturaren sektorea gogoan hartuta. Artaizek erantzukizuna eskatu du “laster izugarrikeria hau guztia oroitzapen txar bat izan dadin”.

 

Pandemiak iraun duen bitartean bizia galdu duten iruindar guztien oroimenez, minutu bateko isilunea egin da eta zuhaitz bat ongarritu da, Ginkgo Biloba bat, betiereko itxaropenaren ikurra. Gainera, 1.476 lore jarri dituzte, hildako bakoitzeko bat.

 

Raquel Mateo Goizargi elkarteko lehendakariak ahotsa jarri dio “minari, beldurrari, hainbeste pertsona galdu ditugun egunotan sortzen den ziurgabetasunari”. Erakunde horren helburua doluan dauden pertsonei laguntzea da, maite duten pertsona bat galdu ondoren bizitza normalizatzen laguntzeko, eta itxaropen-mezu bat helarazi dute, “mina beti gertatzen da eta bizitzak beste kolore bat izatea eragiten du. Heriotzak eragindako minak pisua du eta batzuetan ito egiten du, eta min horrek espazio bat, leku bat, toki bat merezi du, eta denok eman diezaiokegu”, azaldu du Mateok.

 

Ekitaldian zehar Iruñeko Zapia ezarri da, zeinak aurten Nafarroako osasun arloko profesionalak omentzeko balio izan baitu. Vicente Estremera sendagileak eta Belen Izcue erizainak jaso dute saria, kolektibo osoaren izenean.

 

Vicente Estremerak gogoratu du batasunak garrantzia handia izan zuela gaur Iruñean ospatzen ari den gertakari historikoan, eta sentimendu hori berreskura dadila eskatu du, erantzun bateratu bat emateko eta “oraindik amore eman ez duen pandemiari aurre egiteko. Oraindik garaiz gabiltza egoera kontrolik gabe gera ez dadin, osasun-agintarien gomendioak zorrotz praktikan jarriz. Gomendatutako neurriak bete behar dira (maskara, eskuak maiz garbitzea eta pilaketak saihestea) txerto eraginkorra izan arte”.

 

Belen Izcuek, bere aldetik, aipamen berezia egin die pandemiaren unerik txarrenetan dena utzi zutenei, euren bokazioari erantzuteko eta besteei eta haien familia eta lagunei laguntzeko. “Haiei esker denbora hau guztia errazagoa eta eramangarriagoa izan da. Denok dugu egiteko oso garrantzitsua COVID-19aren aurkako borrokan. Garrantzitsua da iraganari begiratzea, bizi izandakotik ikasteko, pandemian zehar igarotako une on eta txarretatik ikasteko; baina are garrantzitsuagoa da etorkizunari arduraz begiratzea, ez ahaztea hau guztia ez dela amaitu”.

 

Pandemiaren aurka lehen lerrotik borrokatu diren kolektiboen aitorpenaren atalean, oparitxo bana eman zaie talde horietako ordezkariei. Honako hauek jaso dute: Cristina Iriarte farmazialaria; Juan Antonio Castro udaltzaina, segurtasunaren arloaren ordezkari; Iruñeko Udaleko Sagrario Zueco gizarte-langilea, gizarte-zerbitzuen ordezkari; Maria Diaz de Rada udal-teknikaria, ekintza komunitarioaren ordezkari; Sagrario Goñi Cáritaseko boluntarioa, boluntarioen ordezkari gisa; Carmelo Buttini liburu-saltzailea, saltoki txikien izenean; Iñaki Ibáñez FCC enpresako langilea, garbiketaren sektoreko ordezkari gisa, eta Gazteriaren Etxeko Zibergelako arduradun Pablo Aragón, gazteen kolektiboaren ordezkari gisa.

 

Musikaz La Pamplonesa, Musika-kapera eta Nafarroako Orkestra Sinfonikoa arduratu dira. Aldi berean, bi ikus-entzunezko proiektatu dira, pandemiaren unerik txarrenak Iruñeak nola bizi izan zituen eta birusaren ondorio negatiboei Nafarroako hiriburutik nola aurre egiten ari zaien erakusteko.