Noiz argitaratua Asteartea, 2022.eko Urtarrilak 25

Parlamentuko Lehendakariak bilera egin du Chechu Rodríguez CCOOko Nafarroako idazkari nagusiarekin eta Carmen Vidal erakunde-politiketako arduradun konfederalarekin

Unai Hualdek Legebiltzarraren eginkizuna nabarmendu du indar sindikal gehienentzako eztabaida eta gogoeta gune gisa, elkarrizketa sozialaren eta solaskidetza instituzionalaren esparruan

Nafarroako Parlamentuko Lehendakari Unai Hualdek gaur arratsaldean bere bulego ofizialean hartu du Chechu Rodríguez CCOOko idazkari nagusia, eta horrekin batera bertaratu dira Joseba Eceolaza, sindikatu horretako Politika Sozial eta Publikoetako idazkaria, eta Carmen Vidal eta Armando Recio, Erakunde Politiketako idazkari konfederala eta idazkariordea, hurrenez hurren.

 

Bileran Chechu Rodríguez eta Carmen Vidalek elkarrizketa sozialaren eta solaskidetza instituzionalaren balioa azpimarratu dute, horien bidez, lankidetzara eta adostasunera bideratutako jarrera hartuta, indartu egiten baitira enpleguaren eta gizarte eskubideen babesa erdigunean jartzen dituzten lankidetza eremuak.

 

“Garrantzitsua da eztabaida eta negoziazio foroak mantendu eta elikatzea, are gehiago egungo gizarte eta osasun krisiaren testuinguruan, enplegua babesteko eta langileen interesen alde jarduteko, oraingo honetan Nafarroako Parlamentuan. Aldarrikatzen dugu Foru Komunitateko sindikatu gehiengoduna garela eta, hortaz, lan inguruneetan erreferente garela Estatu mailan”, adierazi dute Rodríguezek eta Vidalek.

 

Unai Hualdek azpimarratu du, bestalde, Nafarroako Parlamentuak sindikatu guztiekin eguneroko harreman bizia duela eta maiz parte hartzen duela lan bileretan, arlo asko jorratuz (hezkuntza, osasuna, enplegua, funtzio publikoa eta abar).

 

Halaber, Lehendakaria CCOOren ordezkariekin batera gaur-gaurko gaiak hausnartzen aritu da, hala nola arlo publikoan aldi baterako enplegua murriztea, pandemiaren krisiak enpleguan duen eragina, edo lan erreforma, une hauetan Diputatuen Kongresuan ontzat emateko zain dagoena eta duela gutxi Parlamentuaren Osoko Bilkuran eztabaidagai izan dena.