Parlamentuko lehendakariak bozeramaile politikoei bigarren kontsulta-txandarako deialdia egin die astelehen honetarako, hilak 29
María Chivitek Unai Hualderi jakinarazi dio bere burua Nafarroako lehendakaritzarako hautagai gisa aurkezteko prestasuna, eta Mahaiak bihar finkatuko du inbestidura-egutegia
Nafarroako Parlamentuko lehendakari Unai Hualdek asmoa du bigarren kontsulta-txanda astelehen honetan egiteko (10:30ean, lehendakariaren bulegoan) ordezkaritza parlamentariodun alderdi edo talde politikoek bidalitako bozeramaileekin, xedetzat harturik hautagai bat proposatzea, hala suertatuz gero, Nafarroako Foru Komunitateko Gobernuko Lehendakaritzarako.
Kontsulta-txanda berri hori eratorri da joan den uztailaren 1ean lehendakariak hartutako konpromisotik; alegia, txanda hori abiaraziko zela bozeramaile parlamentarioren batek bere burua inbestidurara aurkezteko nahia adierazten zuen unean. Hain zuzen ere, horixe egin du gaur Alderdi Sozialistaren talde parlamentarioaren eledun María Chivitek.
Ezarritako hurrenkerari helduta, parlamentu-ordezkaritza txikienetik handienekoari alegia, lehendakariak Izquierda-Ezkerraren ordezkaritzarekin hasiko du kontsulta-txanda (10:30). Jarraian, eta 15 minutuan behin, Unai Hualdek harrera eginen die Podemos-Ahal Duguko solaskideei (10:45), EH Bilduri (11:00), Geroa Bai-ri (11:15), PSNri (11:30) eta Navarra Sumari (11.45).
Ondoren, Nafarroako Parlamentuko lehendakariaren asmoa da Mahaiari eta Eledunen Batzarrari dei egitea, behin kontsulta horiek eginda María Chiviteren proposamena, inbestidurako osoko bilkurara aurkeztekoa, formalizatzeko, Erregelamenduak xedatzen duenez, gutxienez ere 3 eguneko aurredenboraz egin behar baita.
María Chivitek (PSN) gaur arratsaldean eman dio Parlamentuko lehendakariari bere burua inbestidurara aurkezteko prestasunaren berri, ostiralean iragarri zuen bezala, adierazi baitzuen ezen, barne-kontsultak berretsi egiten bazuen Geroa Bai-rekin eta Podemos-Ahal Dugu-rekin iritsitako legegintzaldi-ituna, bere hautagaitza formalizatu eginen zuela.
PSN, Geroa Bai eta Podemos-Ahal Dugu-k joan den ostiralean, hilak 26, María Chivite hautagai sozialistaren lehendakaritzapean koalizio-gobernua eratzeko akordioa iritsi zuten. Exekutibo horrek Izquierda-Ezkerraren sostengu parlamentarioa izanen luke, azken horrek gobernukide bilakatzea errefusatu badu ere.
Lehenago, uztailaren 5ean, PSN, Geroa Bai, Podemos-Ahal Dugu eta I-E beren gobernu-programari buruzko aurreakordio batera iritsi ziren.
Aurretik, ekainaren 26an, Unai Hualdek, Nafarroako Parlamentuko lehendakariak, lehenbiziko kontsulta-txanda egin eta gero ondorioztatu zuen ez zegoela Foru Komunitateko lehendakariaren inbestidurarako hautagaitzarik proposatzeko moduan.
Baldin eta, Nafarroako Parlamenturako hauteskundeak (maiatzaren 26an) egin eta hiru hilabete iraganda hautagairik aurkezten ez bada, edo aurkeztu direnetatik inor hautatua gertatzen ez bada, Parlamentua deseginda geratuko da eta, berehala, beste hauteskunde batzuk deituko dira.