Noiz argitaratua Asteartea, 2023.eko Maiatzak 30

Parlamentuko Lehendakariak Nafarroako Gardentasun Kontseiluaren 2022ko oroitidazkia jaso du

Gobernuak betebeharrak betetzen dituela kontrolatzen duen organoari egiten zaizkion errekerimendu gehienak administrazioaren isiltasunarekin eta erantzun ezarekin lotuta daude

Nafarroako Parlamentuko lehendakariak, Unai Hualdek, Juan Luis Beltrán Nafarroako Gardentasun Kontseiluko lehendakariari harrera egin dio gaur bere bulego ofizialean. Beltránek 2022ko jarduera oroitidazkia eman dio, irailetik aurrera Batzordean aurkeztuko dena.

 

Juan Luis Beltránek azaldu duenez, erreklamazioen kopuruak goranzko joerari eutsi dio, guztira 78 izan baitira 2022an. Nabarmentzekoa da “pertsona fisikoek aurkeztutako erreklamazioek gora egin dutela nabarmen” 2021ean aurkeztutakoekin alderatuta ( % 56tik % 72ra igarota). Generoaren arabera, gizonezkoek ( % 62) emakumezkoek ( % 38) baino erreklamazio gehiago aurkeztu dituzte.

 

Erreklamazio gehienak eragin dituen arrazoia, zehazki % 77, "administrazioaren isiltasuna eta erantzunik eza" da, eta subjektu pasiboak oro har Foru Komunitateko Administrazioa edo Toki Administrazioak izan dira.

 

Beltránek ehuneko hori “altuegitzat” jotzen du, "bereziki toki-erakundeen eremuan, % 94koa baita. Horrek adierazten du derrigortuak dauden subjektuen administrazio-organoak administrazio-isiltasuna erabiltzen ari direla denbora irabazteko estrategia gisa, baina, batez ere, eskatutako informaziorako sarbidea ez ahalbidetzeko; izan ere, kasu askotan ez dute jarduten harik eta Gardentasun Kontseiluak informazioa emateko erreklamazioa helarazi arte”.

 

Gardentasun Kontseiluko presidenteak adierazi du “arazo” bat dagoela Estatu osoan, administrazioaren isiltasunarekin eta erakundeen erreakzio-faltarekin zerikusia duena, eta oraindik “bide luzea dagoela egiteko. Lanean jarraitu behar da gardentasunaren kultura Administrazioan eta erakundeetan sar dadin, eta, horretarako, gardentasuna, Administrazioa eta langile publikoak bitarteko gehiagoz dohitu” behar direla azpimarratu du.

 

Unai Hualdek, bere aldetik, Foru Parlamentuan X. legegintzaldian Nafarroako administrazioen gardentasunaren lege-erregulazioari buruz jorratu diren gaiak nabarmendu ditu, bai eta Foru Parlamentuaren jarduerari berari buruzkoak ere.

 

Ildo horretan, nabarmendu du berriki onartu dela Ganberaren Erregelamenduaren aldaketa, besteak beste, haren funtzionamendua Gardentasunari buruzko Foru Legearen eskakizunetara egokitzeko. Datorren legegintzaldiari begira, Hualdek beharrezkotzat jo du talde parlamentario berrien artean hausnarketa egitea, Gardentasunaren Kontseiluari bere eginkizuna betetzeko beharrezko bitartekoak emateko.

 

Zuzenbidean lizentziatua eta doktorea da Juan Luis Beltrán, eta 2018ko martxoaren 22tik Nafarroako Gardentasun Kontseiluko lehendakaria.

 

Osoko Bilkurak 2016ko apirilaren 21ean Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko 11/2012 Foru Legearen aldaketa bat onetsi zuen eta haren ondorioz sortu zen Nafarroako Gardentasunaren Kontseilua. Organo independentea da, Gobernuaren publizitate aktiboaren arloko betebeharrak eta herritarrek Gobernuaren esku dagoen informazio publikoa jasotzeko duten eskubidea zaindu behar dituena.