Noiz argitaratua Osteguna, 2022.eko Martxoak 10

Patxi Vera Nafarroako Foru Komunitateko Ararteko izendatu du Parlamentuak

PSNren, Geroa Bairen, EH Bilduren, Podemos-Ahal Duguren eta I-Eren babesa lortuta, NAOn izendapena argitaratzen denetik 15 egunera hartuko du kargua

Nafarroako Parlamentuaren osoko bilkurak Patxi Vera Donazar hautatu du gaur datozen sei urtetan Nafarroako Foru Komunitateko Ararteko izateko. Javier Enériz ordezkatuko du, karguan 15 urte egon ostean.

 

Patxi Verak 30 boto lortu ditu (PSNren 11, Geroa Bairen 9, EH Bilduren 7, Podemos-Ahal Duguren 2 eta Izquierda-Ezkerraren 1), eta 20 boto zuri erregistratu dira, Navarra Sumaren ordezkariei dagozkienak. Ararteko izendatzeko gutxienez 30 parlamentariren botoak behar zituen, hau da, Ganbera osatzen dutenen hiru bostenen aldeko botoak.

 

Patxi Vera ararteko izateko hautaketa bozketa bakarrean egin da, isilpean eta txartelen bidez.

 

Parlamentuko lehendakaria, Unai Hualde, izan da botoak zenbatu dituena, eta amaitu duenean ararteko berria, Patxi Vera, zoriondu egin du.

 

Informazio Zientzietan lizentziatua eta azken 29 urteetan UCANeko zuzendari kudeatzailea izan den Patxi Vera Donazar (Iruñea, 1959ko urtarrilaren 6a) hautagai izendatu zuen Foru Araubideko Batzordeak (aldeko 9 boto eta 6 boto zuri), eta otsailaren 16an egin zuen agerraldia bere merezimenduak eta kargua betetzeko jarduera-programa azaltzeko.

 

Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeko 2.1 artikuluak xedatzen du Nafarroako Parlamentuak hautatuko duela Arartekoa, sei urterako. Foru lege horretako 8.1.b) artikuluak ezartzen du Arartekoak kargua utziko duela ezarritako epea amaitzean, eta 8.2 artikuluak zehazten du Nafarroako Parlamentuko lehendakariak kargua hutsik dagoela deklaratuko duela kargualdia amaitzean.

 

4/2000 Foru Legearen 4. artikuluak  ezartzen du Nafarroako Parlamentuko Lehendakariak bere sinaduraren bidez Nafarroako Foru Komunitateko arartekoaren izendatzea egiaztatuko duela, eta NAOn argitaratuko dela, eta arartekoak Parlamentuko Mahaiaren aurrean hartuko duela karguaren jabetza (NAOn argitaratu eta 15 egun naturalen buruan).

 

Gaur egungo arartekoa, Javier Eneriz, 2007ko martxoaren 15ean hautatu zuten gehiengo osoz, eta 2013ko martxoaren 22tik bitarteko egoeran dago. Maria Jesús Aranda ordezkatu zuen, 2001ean izendatua.