Rodrigo Arvizu, Luis Echarte eta Nicolás de Augusto ikasleek osatutako taldeak irabazi du NUPeko XXII. Eztabaida Liga
Mintzaldi Hoberenaren VI. Lehiaketan, Adrian Ruiz izan da irabazlea
Rodrigo Arvizu Sarasa, Luis Echarte Moreno eta Nicolás de Augusto Oiz (lehen hirurak Zuzenbideko graduko ikasleak, eta azkena Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako gradukoa) izan dira irabazle Nafarroako Unibertsitate Publikoaren (NUP) XXII. Eztabaida Ligan. Finala gaur (ostirala) egin da osoko bilkuren aretoan. Adrián Ruiz Elvirak (Zientzietako gradua) irabazi du Mintzaldi Hoberenaren VI. Lehiaketa.
Irabazleak beste ikasle talde honi nagusitu zaizkio finalean: Javier Serrano Royo (Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoko gradua), Javier Baigorri Martínez (Komunikazioen Teknologietako, Bioingeniaritzako eta Energia Berriztagarrietako doktorego programa), Sara Cristina Idrovo Tapia (Elikagaien Prozesu eta Produktuen Berrikuntzako gradua) eta Oumy Samb Diagne (Zuzenbideko gradua).
Hirugarren postuan sailkatu da honako ikasle hauek osatutako taldea: Rubén Asier Palma Pérez (Lan Harremanetako eta Giza Baliabideetako gradua), Eneko Andueza del Campo (Ingeniaritza Informatikoko gradua), Iván Espinosa Milla (Ingeniaritza Informatikoko gradua), Alejandra Nicole Guzmán Quinteros (Lan Harremanetako eta Giza Baliabideetako gradua) eta Adrián Ruiz Elvira (Zientzietako gradua).
Oraingoan eztabaidagai hau aukeratu da: Egokia al da energia nuklearra energia berdetzat hartzea trantsizio ekologikorako? Ligako araudiak ezartzen duenez, parte hartzen duten taldeek kontrako jarrerak defendatu behar dituzte. Norgehiagoka hasi baino minutu batzuk lehenago erabakitzen da nor ariko den alde eta nor kontra. Mintzaldi Hoberenaren Lehiaketan, bestalde, gaia hau izan da: Online eskolak ala aurrez aurreko eskolak unibertsitatean?
Talde irabazleak NUP ordezkatzeko aukera izanen du martxoaren 22, 23 eta 24an Oviedoko Unibertsitateak antolatutako G9ko Unibertsitateen arteko XIII. Eztabaida Ligan.
Unai Hualdek ireki du NUPeko XXII. Eztabaida Ligako azken fasea. Parlamentuko lehendakariak “gazteen gaitasun dialektikoa eta grina” azpimarratu ditu, gazteria “oso prestatua” ikusten baitu. Ondoren, negoziazioaren alde egin du, “mota guztietako gaiak eta arazoak” konpontzeko bide den aldetik. “Beste parlamentu eta komunikabide batzuetan ohikoak diren irudi ez oso eraikitzaileak ikusita, ez da unerik onena hitza eta elkarrizketa aldarrikatzeko, baina politikaren funtsezko elementuak izaten jarraitzen dutela uste dut. Zuen hausnarketei adi egonen gara, izan ere, legegintzaldi honetan energiari buruz asko eztabaidatu baitugu”.
Bestalde, NUPen eta Legebiltzarraren arteko lankidetzari dagokionez, lankidetza hitzarmenen garrantzia azpimarratu du Hualdek. Izan ere, legegintzaldian zehar hitzarmenak sinatu dira, batetik desgaitasuna duten pertsonen eskubideak eta bermeak foru legeriara eramateko, eta bestetik pobreziaren eta desberdinkeriaren aurkako ituna zorrotz aplikatzeko. Gainera, espero du laster zabaldu ahal izatea “gazteen egoerari eta kezkei” buruzko barometroa. “Hurrengo ziklo parlamentariorako oinarri izanen ahal da”.
Unibertsitate Proiekzioko, Kulturako eta Dibulgazioko Errektoreordetzak antolatzen du NUPeko Eztabaida Liga, eta Nafarroako Parlamentuak lagundu egiten du. Talde irabazleak 650 euro jasotzen ditu, bigarrenak 300 eta hirugarrenak 150. Bestalde, mintzaldi hoberena egiten duen ikasleak 100 euro jasotzen ditu. Ekimen honen helburua da unibertsitateko ikasleen artean elkarrizketa sustatzea eta jendaurrean ideiak aurrez aurre jartzea, elkarrekin bizitzeko eta trebetasun pertsonalak garatzeko ariketa gisa.