Saharar errefuxiatuen kanpamentuak bisitatzen ari da Nafarroako Parlamentua
Nafarroako Parlamentuak, Nafarroako Gobernuak eta Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak osatutako ordezkaritzak Saharara egindako bidai instituzionala igandean hasi zen, XVIII. FiSahararen egoitza eta Nazioarteko Zine Jaialdia bisitatuz. Halaber, ordezkaritza Abdulah Arabi Fronte Polisarioak Espainian duen ordezkariarekin eta Dih Chadad Bojadorreko gobernadorearekin bildu zen.
Nafarroako Parlamentuko Lehendakari Unai Hualdek, Bakea eta Askatasuna Saharan taldearteko parlamentarioak, Inés Jiménez Nafarroako Gobernuko Babes Sozialaren eta Garapenerako Lankidetzaren zuzendari nagusiak, Sara Ayerbe Diru-sarreren Bermearen eta Garapenerako Lankidetzaren Zerbitzuko zuzendariak, Xabi Alcuaz Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko presidenteak, Juan Antonio Urra Gesalatzeko alkateak, ANAS elkarteko Carol Garcíak eta ANARASDeko Charo Pardok, Saharako kanpamentuak bisitatzeari ekin zioten igandean, Bojadorren Abidin Kaid Saleh Zinema Eskola ezagutuz. Hain zuzen ere, larunbatean amaitu zen XVIII FiSahara Nazioarteko Zine Jaialdia.
Zinema Eskola saharar gazteei formakuntza eskaintzeko proiektu bat da, istorioak kontatzeko, eta gai garrantzitsuen inguruan sentsibilizatzeko aukera ematen diena. Helburua Saharako gazte errefuxiatuak zinema, bideo eta argazki ekoizpenean trebatzea da, beren bizitzak erretratatu ditzaten. Saharako kanpalekuetan dauden errefuxiatuentzat, beren bizitzei eta erronkei buruz hitz egiten duten filmak egiteko gaitasuna ahalduntzen duen esperientzia bat da, aukera bat.
Bisitaren ondoren, ordezkaritza Abdulah Arabi Fronte Polisarioak Espainian duen ordezkariarekin bildu zen. Arabik Nafarroako ordezkaritzaren bisita eskertu zuen, "saharar herriarentzat hain garrantzitsua den Nafarroako erakundeen babes instituzional gisa" baloratu baitzuen. Fronte Polisarioaren ordezkariak ohartarazi zuenez, "beti egin dute irtenbide baketsuaren alde, elkarrizketaren eta negoziazioaren bidez, Marokorekin Saharak duen gatazka politikoa konpontzeko. Ez zaigu gerra gustatzen, baina saharar herriaren independentzia eta subiranotasunaren alde borrokatzera behartzen gaituzte".
Arabiren esanetan, "Espainiak Marokorekin harreman ona izateak ezin du ekarri nazioarteko zuzenbidea eta saharar herriaren autodeterminazio eskubidea urratzea. Lanean jarraitu beharko dugu Espainiako Gobernuak gure eskubideak aitor ditzan eta hainbeste urteko bidegabekeriarekin amai dezan".
Unai Hualde Parlamentuko Lehendakariak berretsi egin du Nafarroako herritarrak ordezkatzen dituen erakundeak saharar herriari ematen dion babesa, eta nabarmendu du "talde parlamentario guztiak" Carlos Guzmán parlamentariak koordinatzen duen Bakea eta Askatasuna Saharan taldeartekoan ordezkatuta daudela. Hualdek gogorarazi zuenez, "aurreko legealdian taldeartekoa ezin izan zen Saharara etorri, baina erakunde gisa beti aitortu dugu saharar herriaren autodeterminazio eskubidea, eta nazioarteko zuzenbidea errespeta dadin eskatu dugu".
Bestalde, Carlos Guzmánek adierazi duenez, "Parlamentuak aintzat hartu du beti Saharar herriaren autodeterminazio eskubidea aitortzeko Nafarroako herritarren gehiengoaren sentimendua, eta hori egiten du udaran dozenaka haur hartuz, mobilizazioetan, babes ekonomikoan eta abarretan".
Nafarroako Gobernuko Babes Sozialaren eta Garapenerako Lankidetzaren zuzendari nagusi Inés Jiménezek adierazi du Nafarroako Gobernuak Saharako herriarekin elkarlanean jarraitzeko eta 2016an abian jarritako eta urtero berritzen den Hitzarmenarekin jarraitzeko konpromisoa duela.
Arratsaldean, Nafarroako ordezkaritzak bilera bat izan zuen Bojadoreko gobernadore Dih Chadadekin, eta bertan Saharako Dairaren funtzionamendua eta garatzen ari diren Osasun, Hezkuntza eta Kultura zerbitzuak azaldu zituen, "etorkizuneko belaunaldiak prestatzeko helburuarekin, saharar herri independente bat izan dezaten".
Gainera, Nafarroako ordezkaritzak Bubisher proiektuaren instalazioak bisitatu zituen, 2008an martxan jarri zen liburutegi eta bibliobusen sarea. Proiektua gaztelaniaren irakaskuntza indartzeko eta berreskuratzeko helburuarekin sortu zen, kultura eta ezagutza eskuratzeaz gain. Aurreko legealdian, Nafarroako Parlamentuak proiektu horri buruzko erakusketa bat hartu zuen.