Noiz argitaratua Osteguna, 2024.eko Urriak 17

Senatuari eskatzen zaio trafikoaren eskumena bere gain hartzeko Lorafna aldatzeko Nafarroako Parlamentuaren borondatea errespeta dezan

Ganberak PPren geroratze-taktika arbuiatu du; izan ere, Senatuan duen gehiengo absolutua baliatuko du Kongresuak betoa kentzeko erabakia har dezan

Parlamentuaren osoko bilkurak ebazpen bat onetsi du gaur UPNren, PSNren, EH Bilduren, Geroa Bairen eta Contigo-Zurekinen aldeko botoekin eta PPN eta Voxen aurkakoekin, zeinaren bidez Ganberak “Senatua eta bertako talde parlamentarioak premiatzen ditu Nafarroako Parlamentuaren gehiengoaren borondatea errespeta dezaten, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoa aldatzearen alde agertu baitzen”.

 

Era berean, onetsitako ebazpenak Gorte Nagusietako talde parlamentarioei eskatzen die “epeak luzatu gabe egin dezaten horri buruzko bozketa, albait azkarren bete dadin gure autogobernua, trafikoaren eskumena Nafarroari eskualdatzeari dagokionez.

 

Hirugarren atal bat baztertu egin da UPNren, PSNren, PPNren, Contigo-Zurekinen eta Voxen aurkako botoekin eta EH Bilduren eta Geroa Bairen aldekoekin, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak adierazten zuen “gure autogobernuak eta, bereziki, gure eskumen historikoen defentsak oinarritu beharko duela forutasunaren berezitasun asimetrikoaren aitorpenean, elkar-errekonozitzearen eta errespetu instituzionalaren printzipioen bidez, bitariko izaera duen berme sistema berri bat aintzat hartuta”. Atal hau EH Bilduk aurkeztutako eta Geroa Baik, ekimenaren titularrak onartutako zuzenketa baten emaitza zen.

 

UPNk aurkeztu duen zuzenketa, berriz, ez da onartu. Helburua zen Nafarroako Parlamentuak Foru Hobekuntzaren garapena babestea eta horretarako duen konpromisoa berritzea, bereziki 1., 2. eta 3. artikuluei dagokienez.

 

Zioen azalpenean, Geroa Bai TPak aurkeztu duen ebazpenak PPk prozesua luzatzeko gauzatu duen taktika arbuiatzen du, izan ere, Lege Organikoaren proiektuari "beto" bat aurkeztuz, trafikoaren, ibilgailu motordunen zirkulazioaren eta segurtasunaren arloko eskumenaren transferentzia "atzeratu” nahi izan du. Senatuak, Nafarroako Parlamentuak eta Kongresuak onetsi ondoren, horri buruzko iritzia eman behar du, eta, ziurrenik, testua Behe Ganberara itzuliko du (bi hilabeteko epea azaroan amaitzen da), behin betiko berresteko.

 

Proposamena egin duenak dioenez, jarrera horrekin prozedura alferrik luzatzen da, Nafarroaren autogobernuari bidenabar kalte eginez. “Geroratze-taktika bat besterik ez da, eskumena Nafarroari eskualdatzea atzeratzeko, Nafarroako Parlamentuaren jarrera eta agindua gorabehera, 50etik 45ek eman baitzuten aldeko botoa bertan”.

 

 

· www.nafarroakoparlamentua.eus

· Mozioaren eztabaida (117. NPAO, 2024-10-25ekoa)