Noiz argitaratua Asteazkena, 2018.eko Azaroak 28

Sodenari buruzko Ikerketa Batzordeak txosten juridiko bat eskatu du bere lanen konfidentzialtasun-maila zehazteko

Jaso ez duen dokumentazioa berriz eskatu du, eta iragarri du 14an agerraldien egutegia zehaztuko duela. Lehenengo agerraldia urtarrilean izanen da.

Sodenaren jarduketa eta Nafarroako Gobernuak eta haren kideek Iberdrolaren akzioen salerosketan (2004-14), huts egindako zenbait inbertsio finantzario zehazterakoan eta Davalor Salud SLri maileguak ematean izandako inplikazioa aztertzeko eratu den Ikerketa Batzordeak gaur erabaki du oraindik ere jaso ez duen dokumentazioa berriz eskatzea —izapidetu direnen % 20 inguru da—, zeren eta hura jasotzeko azken eguna joan den ostirala baitzen, hilaren 23a.

 

Gaur arte egindako dokumentazio-eskaerei, beste bi gehitu zaizkio. Lehenengoa Geroa Baik, EH Bilduk, Podemos-Ahal Dugu-Orain Baik eta I-Ek izenpetu dute, eta Parquenasari (Sendavida) buruzko informazioa eskatzen dute. Bigarrena UPNk aurkeztu du, eta Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren zuzendari nagusi Yolanda Blanco Rodríguezen agerraldia eskatzeko da.

 

Bestalde, Ikerketa Batzordeak erabaki du txosten juridiko bat eskatzea, zehatz jakite aldera ea bere lanetan Nafarroako Kutxaren desagertzeari buruzko Ikerketa Batzordeak izan zuen konfidentzialtasun betebehar bera ote daukan. Txosten horrek zehaztu beharko du, gainera, dokumentazio horrek norainoko “isilpekotasun maila” duen.

 

Eskaera aho batez onetsi da, eta haren arrazoia da hedabide batek informazio bat eman duela, “zeinaren edukia egindako informazio-eskaeretako bati baitagokio, hain zuzen joan den astean haren erantzuna jaso baitzen” bidean den Ikerketa Batzordean.

 

Hori dela eta, Ikerketa Batzordeko buru Jokin Castiellak gogorarazi du zein izan zen Parlamentuko Zerbitzu Juridikoek, Nafarroako Kutxaren desagertzeari buruzko Ikerketa Batzordearen lanen harira, 2017ko urtarrilaren 30ean eman zuten txostenaren edukia. Azaldu duenaren arabera, hartan “erantzukizun-araubidea ezartzen zen sekretuaren eta konfidentzialtasunaren betebeharrak ez betetzeko kasuetarako”, batzordekideek betebehar horiek baitzeuzkaten.

 

“Ikerketa Batzordeak informazioa erabiltzeko dauzkan mugak” direla-eta azalpen gehiago emate aldera, Castiellak azpimarratu du ezen, txosten hartan aipatutakoaren arabera, “sekretu-betebehar bat badagoela edukiari dagokionez”, zeina Parlamentuko Erregelamenduaren 78. artikuluan ere jasota baitago; hartan ezartzen da “hedabideentzako irekiak ez diren lanak eta saioak sekretuak direla”.

 

Castiellak amaitu du gogoraraziz “Izaera Pertsonaleko Datuen Babesari buruzko Lege Organikoaren 10. artikuluak ezarritako sekretu-betebeharra, datu pertsonalen tratamenduaren edozein fasetan esku hartzen duen ororentzat dena, eta, horrenbestez, baita haien lagapena egiten duenarentzat ere, lege beraren 11.5 artikuluak ezartzen duen bezala”.

 

Ikerketa Batzordea berehala hasiko da eskaerak izapidetzen, eta erabaki du eskatzea dokumentazioa “ahal bezain laster” bidal dakiola, eta abenduaren 14a, ostirala, 12:00ak arte, izanen dela hura aurkezteko azken eguna.

 

Batzordeak hurrengo bilera abenduaren 19an eginen duela ezarri du, asteazkenez, 12:00etan. Bilera horretan, eskaera egin zaien entitateen dokumentazio-bidalketa baloratu ondoren, agerraldien egutegia zehaztuko da. Lehenengoa urtarrilerako aurreikusi da.

 

Jokin Castiella buru duen Ikerketa Batzordeak honako kide hauek ere badauzka: Juan Luis Sánchez de Muniáin, Mariano Herrero (UPN talde parlamentarioa), Rafael Eraso (Geroa Bai talde parlamentarioa), Maiorga Ramírez, Arantxa Izurdiaga (EH Bildu talde parlamentarioa), Carlos Couso, Laura Pérez (Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioa), Guzmán Garmendia, Ainhoa Unzu (PSN talde parlamentarioa), Ana Beltrán (PPNko foru parlamentarien elkartea) eta José Miguel Nuin (Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkartea).

 

Parlamentuko Mahaiak hilaren 15ean onetsitako arauei jarraituz, proposatutako ikerketa batzordearen xedea izanen da “Sodena enpresa publikoak Iberdrolako akzioak salerosteko operazioan (2005-2014) izandako prozedura eta haren emaitza aztertzea”.

 

Halaber, Sodenaren jarduna aztertuko da hauei lotuta: “Zenbait proiektutan egindako finantza-inbertsioak, eta Kontuen Ganberak aztertutakoen artetik (2002-13), huts egin zutenak, bai eta sozietate publiko horren eginkizunera egokitzen den ere”.

Sodenak Davalor Salud SL enpresari “mailegu batzuk emateko erabilitako prozedura” ere ikertuko da.

 

Eta amaitzeko, “operazio horietan guztietan Nafarroako Gobernuak eta bertako kideek izandako inplikazioa” izanen da aztergai.

 

Batzordeak (talde parlamentario bakoitzeko bi batzordekide eta parlamentari elkarte bakoitzeko batzordekide bat) boto haztatuaren sistemaz hartuko ditu erabakiak, hau da, talde bakoitza zenbat parlamentarik osatzen duten, hainbeste boto izanen ditu taldeko eledunak.

 

Informazio eta dokumentazio eskaerei erantzuteko epea kasu bakoitzean zehaztuko da. Informazioa edo dokumentazioa Batzordeko Lehendakaritzari helaraziko zaio zuzenean, berak berehala bidal diezaien batzordekide diren parlamentariei.

 

Batzordearen aurrean agertzeko errekerimenduak Parlamentuko lehendakariak eginen ditu, zitazio sinesgarriaren bidez, hiru egun lehenago, gutxienez. Zitazioan argibide hauek jarriko dira:

 

a) Batzordeak zein egunetan erabaki duen agerraldia eskatzea.

b) Agertu behar duenaren izen-deiturak.

 

c) Zein toki, egun eta ordutan agertu behar duen. Funtzionario publiko bati egiten zaionean, hierarkian haren gainean dagoenari igorriko zaio zitazioaren kopia, jakinarazpen-ondorio hutsetarako.

 

d) Agertzen ez bada Zigor Kodearen 502.1 artikuluan jasotako desobedientzia delitua eginen duela ohartaraziko zaio.

 

e) Zeri buruzko agerraldia izanen den.

 

f) Berariaz adieraziko da errespetatu eginen direla Konstituzioak onartutako eskubideak eta, batez ere, pertsonen intimitaterako eta ohorerako, lanbide-sekreturako eta kontzientzia-klausularako eskubideak.

 

g) Agerraldiko bilkura hedabideentzat irekia izanen dela ohartaraziko da. Hala ere, agertu behar duenak bilkura sekretua egiteko eskatu ahal izanen dio batzordeari. Arrazoiak azaldu beharko ditu.

 

Agertu behar duenak pertsona bat izendatu ahal izanen du berarekin joateko. Batzordearen aurrean hitz egin aurretik, batzordeko buruak gogora ekarriko dio Zigor Kodearen 502.3 artikuluan zer zigor ezartzen den, Parlamentuko ikerketa batzorde baterako deialdia jaso duen norbaitek lekukotza faltsua ematen badu.

 

Ikerketa batzordea bere eginkizunak amaitu arte arituko da lanean. Otsailaren 1a baino lehen lana amaitu eta txostena eman beharko du, baina epe hori luzatu ahal izanen da.