Sustapen Ekonomikorako Eremuei buruzko Foru Legea
Osoko Bilkurak onetsi du. 2024ko azaroaren 21ean
Nafarroako Parlamentuaren Osoko Bilkurak Sustapen Ekonomikorako Eremuei buruzko Foru Legea onetsi du gaur. UPNk, PSNk, EH Bilduk, Geroa Baik, PPNk eta Contigo-Zurekinek alde bozkatu dute, eta Voxek abstenitu egin du.
Gobernuak bultzatutako foru legeak xede du sustapen ekonomikorako eremuen sorrera ahalbidetzea, hiriguneak suspertzea eta/edo bestelako ingurune batzuk hobetu eta sustatzea ekarriko luketen ekimenak bultzatzeko; esate baterako, industrialdeak edo eremu turistikoak.
Tresna hori –garapen ekonomikoa kokatzen den hiriguneen biziberritze eta gobernantzara bideratua– sektore pribatuan BID (Business Improvement District) izenez ezagutzen den formularen egokitzapena baizik ez da; izan ere, horren mugak gainditu nahi dira, batez ere "laguntza eta dirulaguntza publikoekiko mendekotasun handiari" dagokionez.
Hartara, foru lege honek entitate pribatu gisa eratzen ditu sustapen ekonomikorako eremuak –irabazi asmorik gabekoak eta kudeaketa autonomokoak–, zona jakin baten erakarmena eta lehiakortasuna hobetzeko helburuarekin, eremu horretan jardun diren eragile ekonomikoak asetzearren.
Eremu horiek soilik eratuko dira enpresaburuek eta profesionalek horiek eratzea erabakitzen duten tokietan; horretarako, horien onura jaso dezaketen babesa izan beharko dute; hortaz, horiek finantzatzeko konpromisoa hartu beharko dute.
Finantzaketa-sistema, beraz, ekonomia-jardueren titularrek eta ondasun higiezin okupatugabeen jabeek –ondasun horiek etxebizitzetarako erabili ezin badira eta aipatu jarduerak hartzeko egokiak badira– nahitaez egin beharreko ekarpenetan oinarrituko da. Kuotek zergaz kanpoko ondare-prestazio publikoaren izaera izanen dute, Foru Komunitateak toki-ogasunen gaineko eskumena baitauka.
Sektore publikoak ezin du inposatu sustapen ekonomikorako eremuak eratzea, baina udalek baimendu egin behar dute horien eraketa, egiaztatu ondoren haien jarduketa-plana interes orokorrekin bat datorrela, eta eskumen publikorik bereganatu gabe. Hori dela-eta, udalek ordezkariak izanen dituzte Sustapen Ekonomikorako Eremuetako batzar nagusian bezala zuzendaritza batzordean ere.
Sustapen ekonomikorako eremuen helburuak betetzen direla bermatzeko aurreikusten diren kontrol-tresnen artean dago horien eta kasuko udalaren arteko hitzarmena. Hor ezartzen dira aldeen betebeharrak, interes publiko eta pribatuen koordinazioa bermatzeko batez ere.
Foru legean azkenik jasotzen denez, hiri-jarduera ekonomikoa bultzatzeko eta sustatzeko arrazoiak ez dira soilik arrazoi komertzial eta finantzarioak (aberastasuna eta enplegua sortzen du), orobat ukitzen baitituzte identitatearen esparrua (nortasun bereki eta bereiziko merkataritza), ingurumenaren esparrua (mugikortasuna eta joan-etorriak murrizten dira) eta are gizarte-kohesioaren esparru (eremu horien degradazioa ekiditen da).
Horrek guztiak berretsi egiten du lankidetza publiko pribatuko tresna horren eraginkortasuna, ikuskera estrategikoa duena tokiko interesen arteko lankidetzarako espazio bat eskaintzeko, tartean sartzen direlako higiezinen jabeak, profesionalak, enpresaburuak, agintariak eta komunitateak.
Sustapen Ekonomikorako Eremuei buruzko Foru Legeak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.
- https://parlamentodenavarra.es/eu
- Foru lege proiektua (103. NPAO, 2024-09-13koa)
- Zuzenketak (130. NPAO, 2024-11-08koa)
- Irizpena (136. NPAO, 2024-11-19koa)