Tafallan bultzatutako arreta integratu sozial eta sanitarioaren proiektua beste eskualde batzuetara zabaltzea aurreikusi du Nafarroako Gobernuak
Egungo eredua zaharkituta dagoenez, zahartuta dagoen gizarte baten eskakizunei erantzuteko estrategia zehatz bat eskatzen duen Nafarroa Sumako interpelazio bati erantzunez
Nafarroako Gobernuko Osasuneko kontseilari Santos Indurainek azaldu duenez, hasiera batean Tafallan abian jarritako arreta integratu sozial eta sanitarioaren proiektua Foru Komunitateko beste eskualde eta eremu batzuetara zabaltzea aurreikusi dute.
Arreta sanitarioan eta soziosanitarioan laguntza integratua emateko Gobernuak eginen duen politikari buruz Navarra Sumak aurkeztu duen interpelazio bati erantzunez, Indurainek adierazi du, Tafallan garatutako ekintzen ebaluazioa egin ondoren, osasuneko eta eskubide sozialetako departamentuek planteatu dutela arreta integratuko eredu hori beste eskualde batzuetan garatzea. Hala, 2021ean Tuterara eta Lizarrara zabaltzea aurreikusten da.
Kontseilariak kontroleko osoko bilkurari hasiera eman dio nabarmenduz eredu hori “zerbitzuak modu integralean ematen dituen lehen mailako arreta sozial eta sanitarioan oinarritzen dela, pertsonak independenteak eta autonomoak izan daitezen beren ohiko ingurunean”.
Zentzu horretan, azpimarratu duenez, “pandemiak agerian utzi du ahalegin handiagoa egin behar dela eta elkarrekin lan egin behar dela osasun eta ongizate sistematik, norabide berean". Halaber, krisi egoera honetan "pertsona eta erakunde boluntarioekin elkarlanean aritzeko sare komunitarioak sortu eta sustatu" direla azpimarratu du, "elkarlanaren emaitza onak lortuz".
Testuinguru horretan, kontseilariaren ustez, "bistan da arreta integratu sozial eta sanitarioaren proiektua Nafarroako herritar guztiei zabaldu behar zaiela", eta proiektu hori 2021ean Tuterara eta Lizarrara zabaltzea aurreikusten dutela aurreratu du.
Halaber, Indurainek azaldu duenez, "etorkizunerako informazio partekatuko sistema bat lantzen ari dira, eta helburuak, estrategiak eta prozedurak sinkronizatzen ari dira, lantalde soziosanitario horietan arreta integratua emateko".
Gainera, “egoitzen eremuan osasun-sistemak nolakoa izan behar duen hausnartzen ari gara, arreta hobetzeko eta zaintza-gizarte bat eraikitzen aurrera egiteko, non errekonozimendua, parte-hartzea eta ahulenak direnei laguntzea konpromiso eta lehentasun sozial bihurtuko diren”.
Navarra Sumako Cristina Ibarrolak aipatu duenez "koordinazio-eredua zaharkiturik eta pobre geratu da, eta integrazioa askoz gehiago da. Ez da nahikoa koordinatzea, ezta protokolo bateratuak edukitzea ere; pertsona batera artatzea da helburua. Integrazioaren barruan prozesu osoa sartzen da, non profesional guztiek batera jardunen baitute prozesua ahalik eta azkarren eta hobekien konpontzeko”.
Ibarrolaren arabera, "eredu horretarantz aurrera egitea behar konplexuak dituen gizarte zahar baten behar integralei erantzuteko modua da. Une honetan, Foru Komunitatean ez dago ez ikuspegi ez estrategia zehatzik. Dagoeneko legegintzaldiko urte eta erdi igaro da, eta orain arte ez da lidergorik izan", esan du.
Nuria Medinaren (PSN) ustez, UPNren aurreko kudeaketatik "irakaspen gutxi atera ditzakegu Nafarroako osasun publikoa hobetzeko. Ibarrola Osasuneko zuzendari nagusia izanik, eredu integratu soziosanitarioa defizitetako bat izan zen, eta hori ez dator bat Gobernu honen apustuarekin; izan ere, urte eta erdian, eredu integratu horren alde egin du ikuspegi biopsikosikail batekin, eta hori guztia, gainera, COVID-ak ekarri duen premiari erantzunez egin du.
Isabel Aranburuk (Geroa Bai) Tafallako esperientzia baita COVIDak eragindakoak ere baloratu ditu, eta adierazi duenez, "lehentasunezkoa da esku-hartzeei beste ikuspegi bat ematea, pertsona bakoitza bere alderdi guztietan kontuan hartuz, bai fisikoa, ekonomikoa, baita harremanei dagokiona ere, arlo guzti hauek definitzen baitute pertsonen osasuna eta ongizatea. Horretarako, osasun-sistemaren eta sistema soziosanitarioaren arteko koordinazioa eta lankidetza defendatzen ditugu".
Txomin Gonzalezek (EH Bildu) esan du bere taldea "UPNren ereduaren antipodetan" dagoela, "sistema pribatuarekin lankidetzan aritzea defendatzen duelako, eta horrek kudeaketa soziosanitario eskasa ekarri zuen. Ezinbestekoa da legegintzaldi honetan zerbitzu publiko sanitarioak eta soziosanitarioak integratzea, baina horretarako baliabideak behar dira".
Mikel Builek (Podemos-Ahal Dugu) esan duenez, pandemiaren ondorioz, "lan handia egin da bi esparruen arteko koordinazioan baina osasun arloaren nagusitasunarekin"; eta hori dela eta, ohartarazi du "zahartzarotik haratago, genero indarkeria edo etxegabetzeak bezalako egoerek ondorio argiak" dituztela osasunean.
Marisa de Simonen (Izquierda-Ezkerra) ustez, profesionalen arteko lankidetza ezin da zalantzan jarri, eta adierazi du nahiz eta “aurrera egiten ari garen, bide luzea gelditzen da arreta integrala bizitza osoan zehar aplikatzeko eta bizitza osasuntsuarekin zerikusia duten esparru eta esku-hartze guztiak inplikatzeko".