Noiz argitaratua Osteguna, 2022.eko Martxoak 17

Toki Ogasunei buruzko 2/1995 foru legea aldatzen duen foru legea

Osoko bilkuran onetsia. 2022ko martxoaren 17an

Parlamentuaren osoko bilkurak Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legea aldatzeko Foru legea onetsi du gaur PSNren, Geroa Bairen, EH Bilduren, Podemos-Ahal Dugurne eta I-Eren aldeko botoekin eta Navarra Sumaren aurkakoarekin. Testuak "udalerri txikien finantzaketa hobetzeko eta sistemarako sarbide baliokidea bermatzeko eredu berri bat ezartzen du, bizilekua edozein dela ere".

 

Legearen helburua 2/1995 Foru Legearen 123. artikulua aldatzea da Nafarroako Toki Administrazioaren Erreformarako otsailaren 4ko 4/2019 Foru Legeak ezarritakoarekin bat etor dadin, bertan ezartzen baita toki erakundeei finantzaketa egonkorra eman behar zaiela Nafarroako tributuetan duten urteko parte-hartzearen bidez, bai transferentzia arruntei bai kapital-transferentziei dagokienez, eta toki finantzaketarako eredu berria ezarriz, bat etorriko dena printzipio hauekin: finantza nahikotasuna, aurrekontu jasangarritasuna, elkartasuna eta toki autonomia eta lurralde oreka.

 

Helburu horrekin, toki finantzaketarako eredu berri bat ezartzen da, transferentzia arrunten funtsaren eta kapital-transferentzien funtsaren bidez egituratua, eta hauen kopuruak Nafarroako Toki Ogasunak arautzen dituen legean jaso eta bermatuko baitira.

 

Nafarroako Gobernua babesten duten taldeek lege proiektua mamitzen duten printzipioei eutsi diete eta, “lurralde elkartasunarekiko eta justiziarekiko konpromisotik”, proposatutako ereduaren alde egin dute, zeinak, “Europako Estrategiarekin bat, lagunduko baitu zerbitzu publikoak hobetzen eta despopulazioaren kontra borrokatzen, sistemarako sarbide baliokidea bermatuko baitu, bizilekua gorabehera”.

 

Horri dagokionez, adierazten da eredu berriak indartu egiten duela “udalerri txikien finantzaketa, bai eta barreiadura ezaugarri duten udalerriena ere”. Zehaztu denez, 228 udalerrik (% 84k) aurreko ekitaldian baino finantzaketa hobea izanen dute, 43k berdin jarraituko dute eta bakar batek eginen du okerrera. Tuterak izanen du “igoera handiena” (+2,4 milioi).

 

Nabarmendu da, azkenik, egonkortasuna ekarri dutela, batetik, transferentzia arrunten funtsaren urteko eguneratze formulak (KPIa + 2), eta, bestetik, jarduera ekonomikoen gaineko zergaren erreformaren ondorioz galdutako bilketa-ahalmena konpentsatzen duen urteko ekarpenak. Ekarpen hori ezarri da toki erakundeek Nafarroako tributuetan parte hartzeko duten funtsaren zuzkiduraren osagarri gisa. Kontrapartida hori 13,9 milioikoa izanen da 2022an.

 

Udalen finantzaketa berria 310 milioikoa da, 2021ean baino 37 milioi gehiagokoa. Toki Ogasunei buruzko Legea da hura arautzen duten hiru arauetako bat, toki erakundeek Nafarroako tributuetan parte hartzeko duten funtsa (308 milioi) eta Toki Inbertsioen Plana (8,5 milioi, 2017-2019 aldirako TIPeko erreserbako obrak barne) arautzen dituztenekin batera.

 

2/1995 Foru Legea aldatzeko proiektuan 123. artikuluari emandako testu berriaren arabera, hurrenez hurreneko Nafarroako aurrekontu orokorrei buruzko foru legeetan jasoko da toki erakundeek Nafarroako tributuetan parte hartzeko duten funtsaren zuzkiduraren zenbatekoa.

 

Parte-hartze hori partaidetza funts baten bidez gauzatuko da, zeinak osagai izanen baititu transferentzia arrunten funtsa, 257.859.026 euroko zuzkidura izanen duena 2022rako, eta kapital-transferentziena, 30 milioikoa aurrekontu-ekitaldi bakoitzerako. Hurrengo ekitaldietan, zenbatekoa aurreko ekitaldiko aurrekontuan kontsignatutakoa izango da, aurreko ekaineko Foru Komunitateko urte arteko KPIa gehituta. 

 

Bi funts horietan soberakinik izanez gero, hurrengo ekitaldietako kredituak handitzeko erabiltzen ahalko dira, baina ez dira kontuan hartuko urteko zenbatekoen igoerak kalkulatzeko. 

 

Transferentzia Arrunten Funtsaren zenbatekoa banatuko da dagokion foru lege arau-emaileak zehazten duen moduan. Kapital-transferentzietarako aurreikusitako zenbatekoaren banaketa, berriz, toki inbertsioen planak arautzen dituzten foru legeetan ezartzen den moduan eginen da, eta horien helburu nagusia izanen da "Foru Komunitateko esparru osoan nahitaezko udal zerbitzuak bermatzea".

 

Lehen aipatu den bezala, toki erakundeek Nafarroako tributuetan parte hartzeko duten funtsaren zuzkiduraren osagarri, urtero ekarpena eginen da (13,9 milioi 2022an), jarduera ekonomikoen gaineko zergaren erreformak eragindako bilketa-ahalmenaren galera konpentsatzeko.

 

Azkenik, gehienez hiru urteko epean, foru legeak indarra hartu eta biharamunetik hasita, Gobernuak toki erakundeen eskumen banaketa argitzeko proposamena igorriko du Nafarroako Parlamentura, bertan aurreikusirik, halaber, toki erakundeei esleitzen zaizkien eskumenetarako finantza nahikotasuna bermatzeko beharrezkoak diren baliabideen zuzkidura. Hori, Foru Komunitatearen eremu osoan nahitaezko udal zerbitzuen estaldura bermatzeko. 

 

Lege-proiektua 2/1995 Foru Legearen aldaketarekin osatzen da, trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zergaren salbuespenei dagokienez. Salbuespen hori % 33ko edo gehiagoko desgaitasuna duten pertsonei aplikatuko zaie, baldin eta, gainera, “funtzio mentaletan urritasuna badute eta, horren ondorioz, gutxienez, jardueraren % 25eko mugak onartzen badira”.


 

  • www.nafarroakoparlamentua.eus
  • Foru lege proiektua (8. NPAO, 2022- 01-26koa)
  • Zuzenketak (26. NPAO, 2022-02-25ekoa) 
  • Zuzenketak (28. NPAO, 2022-03-04koa) 
  • Irizpena (34. NPAO, 2022-03-15ekoa)