Noiz argitaratua Asteazkena, 2020.eko Abenduak 23

Toki Ogasunei buruzko Foru Legea aldatzen duen Foru Legea

Osoko bilkuran onetsia. 2020ko abenduaren 23an

Nafarroako Toki Ogasunak aldatzeko Foru Legea onetsi du gaur Nafarroako Parlamentuaren osoko bilkurak. Testuaren xede arauemailea da toki entitateen aurrekontuak kudeatzeko prozedurak bizkortu eta sinplifikatzea, eta bidenabar haien gerakinen erabilera erraztea. Navarra Suma abstenitu egin da.

 

Gobernuak igorritako legeak aurreikusten ditu ekonomia-jardueren gaineko zergaren (EJZ) salbuespena, energia berriztagarriei lotutako hautazko hobari fiskalak eta, halaber, lurraren kontribuzioari lotutakoak familia ugarien, guraso bakarrekoen edo gurasobakartasun-egoeran daudenen etxebizitzetan.

 

Horri dagokionez, toki entitateei ahalmena ematen zaie, beren udal autonomia aintzat harturik, hobari hori (zergaren kuotaren % 90erainokoa) kotizazio gabeko pentsioak dituzten zergadunei, errenta bermatuaren hartzaileei eta bizitzeko gutxieneko diru-sarreraren hartzaileei ere aplikatzeko.

 

Hobari hori lortzeko baldintza izanen da subjektu pasiboaren errentak –salbuetsiak kontuan hartu gabe– lanbide arteko gutxieneko soldata (LGS) halako lau izatea gehienez ere. Toki entitate bakoitzak gutxitze portzentaje desberdinak erabili ahalko ditu errentaren arabera, % 90eko gehieneko muga gainditu gabe.

 

Hobariak etxebizitzen balio eguneratuen gainean aplika daitezen, salbuespenak beste baldintza hau ere izanen du: ezartzen diren hobariek ez dute indarrik izanen balorazio txostena azken bost urtean eguneratu bada. Navarra Sumak azken baldintza hori kendu nahi izan du, baina gainerakoek ez dute halakorik onartu.

 

Ordenantza fiskalek hobari bat arautu ahalko dute, zergaren kuota osoaren % 50erainokoa, higiezinean eguzki energia edo beste energia jasangarri batzuen bidezko aprobetxamendu termiko edo elektrikorako sistemak ezarri direnean. Hobari hori emateko, beharrezkoa izanen da beroa sortzeko instalazioetan administrazio eskudunaren homologazioa duten kolektoreak egotea.

 

Beste alde batetik, lege proiektuak aurreikusten du aurrekontu aldaketak azkarrago izapidetzea, diruzaintzako gerakinen erabilera erraztu ahal izateko.

 

Horretarako, osoko bilkurak aparteko kredituak edo kreditu-gehigarriak onetsi ahal izanen ditu, gerakinekin finantzatuak, aurrekontuaren likidazioaren onespenaren zain egon gabe; gauza bera aurreikusten da aurreko ekitaldian gastatu gabeko kredituak sartzeko ere.

 

Salbuespenez eta aurreko ekitaldiko aurrekontuaren likidazioa onetsi arte, erabili gabeko baliabideak (aurreko ekitaldikoak) erabili ahal izanen dira aldaketak finantzatzeko, gastu berriei edo handiagoei aurre egin ahal izateko.

 

Eta erabili gabeko kredituak sartu ahal izanen dira (219. artikuluaren 1. apartatuan azaltzen direnak), aurreko ekitaldian erabili gabeko baliabideekin finantzatuak, besteak beste. Bi kasuetan nahitaezkoa izanen da kontu-hartzailetza zerbitzuak txostena egitea finantzaketaren erabilgarritasunari buruz eta, bigarren kasuan, egiazko kreditua izateari buruz.

 

Halaber, aukera ematen da osoko bilkurak exekuzio oinarrietan jaso dezan bere eskumenekoak diren aurrekontu aldaketak izapidetzeko eta indarrean jartzeko mekanismo bizkorrago bat; esaterako, udalaren iragarki-oholean argitaratzea, Nafarroako Aldizkari Ofizialera igorri beharrik izan gabe; edo hasierako onespenetik behin betiko onespenera arte egun asko ez igarotzea, orain arte gertatzen zen bezala.

 

Badago beste berritasun nabarmen bat: toki entitateek kreditua egon aurretik izapidetu ahal izanen dituzte, besteak beste, kontratazio espedienteak, ez bakarrik hurrengo ekitaldirako (jada Kontratu Publikoei buruzko 2/2018 Foru Lege indardunak aurreikusten duen bezala), baizik eta unean uneko ekitaldirako ere bai.

 

Bestalde, toki ogasunen arloko eskumen historikoaz baliatuz, aurrekontu egonkortasunaren eta finantza jasangarritasunaren inguruko arau fiskalak betetzeko foru araudia garatzen da.

 

Aurrekontu egonkortasunaren inguruko berritasun nagusi gisa, jasorik uzten da ezen, ez-betetzea gertatzen bada diruzaintzako gerakina erabili delako, jada ez dagoela ekonomia eta finantza plana egin beharrik, nahikoa izanen baita horren antzeko txosten bat igortzea toki entitatearen osoko bilkurari. Aurreikuspen hori toki ogasunen oreka eta jasangarritasun finantzariorako irizpide orokorrak betetzearen menpe egonen litzateke.

 

Aurrekontuaren likidazioa onesteko data martxoaren 31ra aldatzen da, eta toki entitatearen egoera-orriak eta kontuak aurkezteko data, berriz, apirilaren 30era. Halaber, fiskalizazio eta barne-kontroleko prozesuak erraztu egiten dira; izan ere, aldez aurreko kontu-hartze mugatua egiteko aukera ezartzen da toki entitate guztientzat, baita barne-kontroleko araubide erraztua ere entitate txikientzat.