Noiz argitaratua Ostirala, 2020.eko Abenduak 18

Toki Ogasunei buruzko Foru Legearen aldaketari buruzko irizpena onetsi da

Toki entitateen aurrekontuak kudeatzeko prozedurak "bizkortu eta sinplifikatu" nahi dira, eta bidenabar haien diruzaintzako gerakinen erabilera erraztu

Ekonomia eta Ogasun Batzordeak Nafarroako Toki Ogasunak aldatzeko Foru Lege proiektuari buruzko irizpena onetsi du gaur. Testuaren xede arauemailea da toki entitateen aurrekontuak kudeatzeko prozedurak bizkortu eta sinplifikatzea, eta bidenabar haien gerakinen erabilera erraztea.

 

Gobernuak igorritako proiektuak aurreikusten ditu ekonomia-jardueren gaineko zergaren (EJZ) salbuespena, energia berriztagarriei lotutako hautazko hobari fiskalak eta, halaber, lurraren kontribuzioari lotutakoak familia ugarien, guraso bakarrekoen edo gurasobakartasun-egoeran daudenen etxebizitzetan.

 

Horri dagokionez, toki entitateei ahalmena ematen zaie, beren udal autonomia aintzat harturik, hobari hori (zergaren kuotaren % 90erainokoa) kotizazio gabeko pentsioak dituzten zergadunei, errenta bermatuaren hartzaileei eta bizitzeko gutxieneko diru-sarreraren hartzaileei ere aplikatzeko.

 

Hobari hori lortzeko baldintza izanen da subjektu pasiboaren errentak –salbuetsiak kontuan hartu gabe– lanbide arteko gutxieneko soldata (LGS) halako lau izatea gehienez ere. Toki entitate bakoitzak gutxitze portzentaje desberdinak erabili ahalko ditu errentaren arabera, % 90eko gehieneko muga gainditu gabe.

 

Hobariak etxebizitzen balio eguneratuen gainean aplika daitezen, salbuespenak beste baldintza hau ere izanen du: ezartzen diren hobariek ez dute indarrik izanen balorazio txostena azken bost urtean eguneratu bada. Navarra Sumak azken baldintza hori kendu nahi izan du, baina gainerakoek ez dute halakorik onartu.

 

Ordenantza fiskalek hobari bat arautu ahalko dute, zergaren kuota osoaren % 50erainokoa, higiezinean eguzki energia edo beste energia jasangarri batzuen bidezko aprobetxamendu termiko edo elektrikorako sistemak ezarri direnean. Hobari hori emateko, beharrezkoa izanen da beroa sortzeko instalazioetan administrazio eskudunaren homologazioa duten kolektoreak egotea.

 

Hobari horiek –bai ohiko etxebizitzan bizi direnei dagokiona, bai energia sistemei erreparatzen diena– antolatzen dituen zuzenketa PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Eren ekimenez onetsi da. Navarra Sumak aurka bozkatu du.

 

Lege horretan planteatzen den Ekonomia Jardueren gaineko Zergaren erreformaren ondorioz diru-sarrerak murriztuko direnez, EH Bilduk proposatu du, arrakastarik gabe, udalek ekarpen bat jaso dezatela toki ogasunek Nafarroako tributuetan duten parte-hartzearen funtsetik, “jasandako murrizketaren baliokidea”. Salbuespen berria ezarri ez balitz udalerri bakoitzak bere biztanle kopuruaren arabera zergaldian jasoko zituzkeen tributu kuoten % 95eko konpentsazioa proposatzen zen 5.000 biztanle baino gehiagoko udalerrien kasuan, eta % 100ekoa 5.000 biztanle edo gutxiago dituzten udalerrientzat. Geroa Bai, Podemos-Ahal Dugu eta I-Ek babestu badute ere, zuzenketak ez du aurrera egin, PSN abstenitu eta Navarra Sumak aurka bozkatuta.

 

“Berdintasun printzipioa” oinarri, baina behar adinako babesik gabe berriz ere, Navarra Sumak proposatu du diru-bilketan izandako galeraren % 100eko konpentsazioa ematea udalerri guztiei, ‑biztanle kopuruari erreparatu gabe‑, “negozio kopurua milioi bat eurotik beherakoa duten zergadunen” kasuan. PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-E aurka agertu dira.

 

Beste alde batetik, lege proiektuak aurreikusten du aurrekontu aldaketak azkarrago izapidetzea, diruzaintzako gerakinen erabilera erraztu ahal izateko.

 

Horretarako, osoko bilkurak aparteko kredituak edo kreditu-gehigarriak onetsi ahal izanen ditu, gerakinekin finantzatuak, aurrekontuaren likidazioaren onespenaren zain egon gabe; gauza bera aurreikusten da aurreko ekitaldian gastatu gabeko kredituak sartzeko ere.

 

Eremu horretan, PSN, Geroa Bai eta Podemos-Ahal Dugu taldeek proposatuta, honako hau jaso da: salbuespenez eta aurreko ekitaldiko aurrekontuaren likidazioa onetsi arte, erabili gabeko baliabideak (aurreko ekitaldikoak) erabili ahal izanen dira aldaketak finantzatzeko, gastu berriei edo handiagoei aurre egin ahal izateko.

 

Eta erabili gabeko kredituak sartu ahal izanen dira (219. artikuluaren 1. apartatuan azaltzen direnak), aurreko ekitaldian erabili gabeko baliabideekin finantzatuak, besteak beste. Bi kasuetan nahitaezkoa izanen da kontu-hartzailetza zerbitzuak txostena egitea finantzaketaren erabilgarritasunari buruz eta, bigarren kasuan, egiazko kreditua izateari buruz. Hori xedatzen duten bi zuzenketak aho batez onetsi dira.

 

Halaber, aukera ematen da osoko bilkurak exekuzio oinarrietan jaso dezan bere eskumenekoak diren aurrekontu aldaketak izapidetzeko eta indarrean jartzeko mekanismo bizkorrago bat; esaterako, udalaren iragarki-oholean argitaratzea, Nafarroako Aldizkari Ofizialera igorri beharrik izan gabe; edo hasierako onespenetik behin betiko onespenera arte egun asko ez igarotzea, orain arte gertatzen zen bezala.

 

Badago beste berritasun nabarmen bat: toki entitateek kreditua egon aurretik izapidetu ahal izanen dituzte, besteak beste, kontratazio espedienteak, ez bakarrik hurrengo ekitaldirako (jada Kontratu Publikoei buruzko 2/2018 Foru Lege indardunak aurreikusten duen bezala), baizik eta unean uneko ekitaldirako ere bai.

 

Bestalde, toki ogasunen arloko eskumen historikoaz baliatuz, aurrekontu egonkortasunaren eta finantza jasangarritasunaren inguruko arau fiskalak betetzeko foru araudia garatzen da.

 

Aurrekontu egonkortasunaren inguruko berritasun nagusi gisa, jasorik uzten da ezen, ez-betetzea gertatzen bada diruzaintzako gerakina erabili delako, jada ez dagoela ekonomia eta finantza plana egin beharrik, nahikoa izanen baita horren antzeko txosten bat igortzea toki entitatearen osoko bilkurari. Aurreikuspen hori toki ogasunen oreka eta jasangarritasun finantzariorako irizpide orokorrak betetzearen menpe egonen litzateke.

 

Aurrekontuaren likidazioa onesteko data martxoaren 31ra aldatzen da, eta toki entitatearen egoera-orriak eta kontuak aurkezteko data, berriz, apirilaren 30era. Halaber, fiskalizazio eta barne-kontroleko prozesuak erraztu egiten dira; izan ere, aldez aurreko kontu-hartze mugatua egiteko aukera ezartzen da toki entitate guztientzat, baita barne-kontroleko araubide erraztua ere entitate txikientzat.

 

Batzordean egindako eztabaida saioan 9 zuzenketa eztabaidatu dira eta horietatik 3 onetsi: PSN, Geroa Bai eta Podemos-Ahal Dugu taldeen bi zuzenketa, eta talde horiek EH Bildurekin batera aurkeztutako hirugarren bat.

 

Irizpena jaso ondoren, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legea aldatzeko Foru Lege proiektua osoko bilkuran aurkeztuko da behin betiko eztabaida eta bozketa egiteko, datorren asteazkenean, abenduak 23.