Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea aldatzen duen Foru Legea
Osoko Bilkuran onetsia. 2019ko urtarrilaren 17an
Nafarroako Parlamentuaren Osoko Bilkurak Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea aldatzen duen Foru Legea onetsi du gaur aho batez.
Gobernuak sustatutako foru legeak indarrean sartzen denetik udalei ahalmena ematen die ezkontza zibilak egiteagatik tasa bat ezartzeko, eta tributu kategoria berri bat sartzen du: zergaz kanpoko ondare prestazio publikoak. Jarduera Ekonomikoen Erregistroak ematen duen informaziotik zerga-egoitzari buruzko publizitatea kentzen du, eta hiri-lurren balio-gehikuntza kalkulatzeko gehieneko koefizienteak urtero eguneratuko direla ezartzen du.
Bestalde, udalei ahalmena ematen die Trakzio Mekanikodun Ibilgailuen gaineko Zergaren %100eko murrizketa ezar dezaten 0 emisiodun ibilgailuen kasuan, eta %50ekoa ECO ibilgailuen kasuan. Erregelamendu zehatza zerga ordenantzan ezarriko da.
Atalez atal aztertuta, legeak zergaz kanpoko ondare prestazio publikoak sartzen ditu, derrigorrezko zerbitzu publikoak, dela pertsona pribatuen bidez dela zeharkako kudeaketaren bidez, ematen diren kasuetarako. Zehazki, halakotzat hartuko dira “obrak ustiatu edo zerbitzuak emateak eskatzen dituztenak, emakida araubidean, ekonomia mistoko sozietate bidez, enpresa-entitate publikoen bidez, osotara kapital publikokoak diren sozietateen bidez eta zuzenbide pribatuko gainerako formulak erabiliz”.
Obrak erabiltzeagatik edo zerbitzuak jasotzeagatik ordaindu behar dutenek ordaintzen dituzten tarifen izaera juridikoa argitzeko asmoa dago, bai pertsona pribatuen bidez zuzenean kudeatzen direnean, Administrazioaren beraren bidez, bai zeharkako kudeaketaren kasuan (emakida-hartzaileen bidez). Horretarako, kontraprestazio ekonomiko horiek ordenantzaz arautuko dira.
Jarduera Ekonomikoen Erregistroak ematen duen informaziotik zerga-egoitzari buruzko publizitatea kentzeari dagokionez, legean aipatzen da gerta daitekeela jarduera ekonomikoaren helbidea eta zerga-egoitza berdinak ez izatea (jarduera ohiko etxebizitza ez den lokal batean egiten denean). Halakoetan “zerga-egoitzaren berri ematea gehiegi sartzea dela dirudi, gatazka sor baitezake oinarrizko datuak babesteko printzipio batzuekin”. Horrelakorik gerta ez dadin, eta, gainera, informazio hori ez dela beharrezkoa iritzita, aldatu egiten da 156.2 artikulua.
Bestalde, hiri-lurren balio-gehikuntzaren kalkulurako gehieneko koefizienteak urtero eguneratu behar direla xedatzen da. Koefiziente horiek zehazteko, higiezinen (pisuen) urte bakoitzeko batez besteko balioak hartzen dira oinarritzat, eta katastroko baloraziorako onetsitako eraikuntza kostuaren modulua kentzen zaie. Horrela lortzen da lurzoruaren batez besteko balioa urte bakoitzeko.
Gogora ekarri behar da Konstituzio Auzitegiaren 72/2017 Epaiak galarazi egiten duela hiri-lurren eskualdaketan balio-gehikuntzarik ez dagoenean zerga ordainaraztea. Epai hori betetzeko, balio-gehikuntzaren kalkulurako metodo objektibo bat sartu zen 2/1995 Foru Legean, higiezinen merkatuko prezioen bilakaera aintzat hartzen duten koefizienteen arabera betiere. Parlamentuaren Osoko Bilkurak 2017ko abenduaren 21ean onetsi zituen koefiziente horiek, eta urtero berrikusi beharko dira.
Legeak egiten duen azken aldaketak akats bat zuzendu du eta indarra hartu du berriro hamabigarren xedapen gehigarriaren lehengo testuak. Horrenbestez, Iruñeko Udalaren araubidea (aurrekontuena, ekonomiko-finantzarioa, kontabilitatearena, kontu-hartzailetzarena, finantza kontrolarena eta eraginkortasun kontrolarena) Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen X. tituluan aurreikusitakoa izanen da, foru lege honen berezitasunekin.
-
Foru lege proposamena (110. NPAO, 2018-09-14koa)