Noiz argitaratua Osteguna, 2022.eko Martxoak 3

Toki ogasunek transferentzia arrunten bidez Nafarroako tributuetan parte hartzeko duten funtsaren zenbatekoa eta banaketa ezartzen dituen Foru Lege proiektuari Navarra Sumak egindako osoko zuzenketa atzera bota dute

PSNk, Geroa Baik, EH Bilduk, Podemos-Ahal Duguk eta I-Ek eredu berriak ekarritako finantza egonkortasuna azpimarratu dute, Navarra Sumak, aldiz, Iruña kaltetzeko desitxuratze eta interesa salatu ditu

Parlamentuaren osoko bilkurak baztertu egin du gaur, PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-E taldeen aurkako botoekin, Toki ogasunek transferentzia arrunten bidez Nafarroako tributuetan parte hartzeko duten funtsaren zenbatekoa eta banaketa ezartzen dituen Foru Lege proiektuari Navarra Sumak aurkeztutako osoko zuzenketa. Navarra Sumaren iritziz, testuak “ez du finantzaketaren egonkortasuna bermatzen”.

 

Udalen finantzaketa berria 310 milioikoa da, 2021ean baino 37 milioi gehiagokoa. Toki-erakundeek transferentzia arrunten bidez Nafarroako tributuetan parte hartzeko duten funtsari buruzko Legea da hura arautzen duten hiru arauetako bat, Toki ogasunak eta Toki Inbertsioen Plana arautzen dituztenekin batera.

 

Parte-hartze hori partaidetza funts baten bidez gauzatuko da, zeinak osagai izanen baititu transferentzia arrunten funtsa, 257.859.026 euroko zuzkidura izanen duena 2022rako, eta kapital-transferentziena, 30 milioikoa aurrekontu-ekitaldi bakoitzerako. Bi funts horietan soberakinik izanez gero, hurrengo ekitaldietako kredituak handitzeko erabiltzen ahalko dira, baina ez dira kontuan hartuko urteko zenbatekoen igoerak kalkulatzeko.

 

2022 ekitaldirako Transferentzia Arrunten Funtsaren zenbatekoa Nafarroako 272 udalerriren eta 346 kontzejuren artean banatuko da, honela: Finantzaketa Orokorreko Funtsa (196.709.026 euro), Zerbitzuak Finantzatzeko Funtsa (20.000.000 euro), Montepioen Defizita Finantzatzeko Funtsa (24.500.000 euro), Lurralde Kohesiorako Funtsa (16.200.000 euro) eta Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federaziorako Laguntza (450.000 euro).

 

Transferentzia Arrunten Funtsa eguneratzeko formulatik (KPI + 2) eratorritako eta, Ekonomia-jardueren gaineko zergaren erreformaren ondorioz diru-bilketan izandako galeraren konpentsazio gisa, Nafarroako tributuetan parte hartzeko duten funtsaren zuzkidura osatzeko ezartzen den urteko ekarpenetik eratorritako egonkortasuna nabarmentzen du lege-proiektuak. Kontrapartida hori 13,9 milioikoa izango da 2022an.

 

Navarra Suma talde parlamentarioak aurkeztutako osoko zuzenketak azaltzen duenez, Toki ogasunek transferentzia arrunten bidez Nafarroako tributuetan parte hartzeko duten funtsaren zenbatekoa eta banaketa ezartzen dituen Foru Lege proiektuak “ez du bermatzen toki-entitate bakoitzak jasoko duen berariazko finantzaketaren egonkortasuna, ezen entitate bakoitzaren parte-hartzea ez da bakarrik banaketa-sistemetan zeinek propioak dituen aldagaien baitan egonen, baizik eta, halaber, gainerakoen aldagaiek eta guztien multzoak pairatzen duten aldaketaren arabera aldagai propio horiek duten aldaketaren baitan ere”.

 

Navarra Sumaren ustez, “funts arruntaren zenbateko osoa eta etorkizuneko igoerak egonkortu badira ere”, banaketa-sistema berria NUPek prestaturikoa den lehenagoko banaketa-formula bat eguneratzetik abiatzen da; eta “orain, formula hori aplikatzean distortsionatu egiten da Iruñeko 2019, 2020 eta 2021eko aldagaiak sartzean. Desitxuratze larria da, baina balio izan du mezu gisa jendearenganatzeko ezen Iruña “eredu”aren gainetik kobratzen ari dela berme-klausula aplikatzearen ondorioz”.

 

Horrez gain, berresten denez, “guztizko funts arruntaren % 57,21ek baizik” ez du heldulekua NUPen azterlanean eta zuzeneko lotura udal zerbitzu publikoen gastu globalarekin”.

 

Gauzak horrela, proiektuaren jatorria “irizpide politiko argietan” kokatzen du, bai Iruñearen Hiriburutza Agiria ezabatzeari dagokionez, bai Tuterarako figura baliokide bat ez ezartzeari dagokionez.

 

Era berean, nabarmentzen da Transferentzia Arrunten Funtsaren zuzkiduraren igoera (18 milioi, +% 7,6) Foru Ogasunaren bilketa-ahalmenaren berreskurapena ( % 15) eta Nafarroako 2022rako Aurrekontu Orokorren guztizko igoera ( % 8,2) baino askoz txikiagoa dela. Esandakoak Lurralde Kohesiorako Funtsa eguneratzeko formularako ere balio du, KPIra mugatuta soilik, eta urteko bi puntu gehiago eskatzen dira markagailu horretatik gora.

 

PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-E alderdiek nabarmendu dute banaketa-formulak berme-sistema bat ezartzen duela, eta horrek ziurtatzen duela udalerri eta kontzeju guztiek gutxienez 2019koaren kopuru bera jasoko dutela, gehi ehuneko bi puntu. Formulak kopuru teoriko handiagoa esleitzen dienei, eta finkatu ezin direnei, zati proportzionala ematen zaie aurrekontu-muga osatu arte.

 

Iruñeko Udalari hiriburutza-agiriagatik dagokion zuzkidura (26 milioi euro) eta Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioari esleipena (434.000 euro) 2019an esleitutako zenbatekoari dagokio, ehuneko bi puntu gehituta.

 

Berrikuntza nagusi gisa, desagertu egiten da hautetsiei ordaintzea erabakitzen zuten udalei egiten zitzaien ordainketaren izaera konpentsatzaila, eta urteko ekarpen finko bat ezartzen da, Nafarroako udal guztiek jasoko dutena, kargu hautetsien kopuruaren arabera, ordainsariak jaso izana justifikatu beharrik gabe, eta 2019an jasotakoarekin alderatuta ere ehuneko bi puntu igo dena. Zuzkidura hori 6,1 milioi eurokoa da.

 

Lege proiektua Gobernuari itzultzea baztertu denez, Lurralde Kohesiorako Batzordera eramanen da. Bertan irizpena eratzeko lanak eginen dira, eta gero irizpena Osoko Bilkurari aurkeztuko zaio behin betiko eztabaida eta bozketa egiteko.