Noiz argitaratua Ostirala, 2023.eko Ekainak 16

Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko Lehendakari hautatu dute berriz ere PSN, EH Bildu, Geroa Bai eta Contigo-Zurekinen botoekin

Mahaia osatzen dute Ainhoa Unzu (PSN) eta Juan Luis Sánchez de Muniáin (UPN) lehendakariordeek, eta Yolanda Ibáñez (Navarra Suma) eta Mikel Zabaleta (EH Bildu) idazkariek

Gaur 11:00etan Nafarroako Parlamentuaren XI. legegintzaldiari hasiera eman zaio Ganbera osatzeko saio batekin. 50 forudunek (UPNko 15, PSNko 11, EH Bilduko 9, Geroa Baiko 7, PPNko 3, Contigo-Zurekineko 3 eta Voxeko 2) egin duten lehenengo bilera honetan datozen 4 urteetan erakundea gobernatuko duten Presidentea eta Mahaia hautatu dira.

 

Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko Lehendakari hautatu dute berriz ere 30 aldeko botorekin, PSNren 11, EH Bilduren 9, Geroa Bairen 7, eta Contigo-Zurekinen 3. Unai Hualdek lortu du gehiengoa, Iñaki Iriartek (Navarra Suma) 18 boto eskuratu baititu, bere taldeko kideen 15 eta PPNkoen 3. 2 boto zuri erregistratu dira. Gehiengo absolutua lortu denez, ez da bigarren bozketa behar izan.

 

Unai Hualde da Nafarroako Parlamentuaren historian errepikatzen duen lehen presidentea. Era berean, Ganberan, aurreko legegintzaldiko 50 forudunetatik 30ek jarraitzen dute.

 

Ainhoa Unzu (PSN) lehen presidenteordea hautatu dute 21 aldeko botorekin, PSNren 11, Geroa Bairen 7, eta Contigo-Zurekinen 3.

 

Juan Luis Sánchez de Muniáin (UPN) bigarren presidenteordea hautatu dute 18 aldeko botorekin, bere talde osoaren eta PPNren botoekin. 11 boto zuri egon dira, EH Bildu eta Voxi dagozkionak.

 

Yolanda Ibáñez (UPN) lehen idazkari hautatu dute, 20 boto jaso ditu, bere taldearenak (15), PPNrenak (3) eta Voxenak (2). Mikel Zabaleta (EH Bildu) bigarren idazkari hautatu dute, 19 botorekin, Geroa Bairen (7) eta Contigo-Zurekinen (3) babesa jasota. 11 boto zuri zenbatu dira, PSNri dagozkionak.

 

Hasieran Ganbera eratzeko saioa Emilio Jiménezek (Vox) gidatu du, parlamentari helduena baita, eta Lehen eta Bigarren idazkariak Kevin Lucero (PSN) eta Irati Jimenez (EH Bildu) izan dira, bi gazteenak. Hiru horiek Parlamentuaren Mahaia hautatu arte jardun duen Adineko Mahaia osatu dute.

 

Presidenteak saioa ireki dela adierazi du. Saioari hasiera emateko Nafarroako Gobernuko Tronpeta eta Tinbalen Bandak Nafarroako ereserkia interpretatu du.

 

Jarraian, Legelari Nagusiak deialdiaren Foru Dekretua eta hautatu diren foru parlamentarien zerrenda irakurri ditu, eta adierazi du ez zaiola jabeldurarik aurkeztu Foru Parlamentariak izendatzeari.

 

Adineko Mahaiaren presidenteak beti Nafarroako foru erregimena errespetatuko duela, Konstituzioari eta legeei men egingo diela eta karguak berarekin dakartzan betebeharrak zorrotz beteko dituela zin egin du edo hitza eman du eta ondoren, hori bera egiteko eskatu die idazkariei eta gainerako parlamentari hautetsiei, eta xede horrekin deitu ditu alfabeto hurrenkeran.

 

Honakoak dira zin egiteko edo hitza emateko onesten diren esapideak: “Sí, juro” edo “sí, prometo”, gaztelaniaz; eta “Bai, zin dagit” edo “bai, hitz ematen dut”, euskaraz.

 

Jarraian, Parlamentuko Mahaia osatuko duten kideak hautatu dira. Mahaia presidenteak, bi lehendakariordek eta bi idazkarik osatzen dute. Erregelamendu berriaren 9.2 artikuluan ezarritako genero-irizpideak errespetatuz egin da izendapena.

 

Lehenik eta behin Lehendakaria hautatu da. Hautaketa horri ekin aurretik saioa 5 minutuz bertan behera utzi da eta behin bitartean foru parlamentariek hautagaiak aurkeztu ahal izan dituzte Adineko Mahaiari idatzi bat igorrita. Berriro saioari ekin ondoren, Adineko Mahaiaren lehendakariak aurkeztu diren bi hautagaiak izendatu ditu, Iñaki Iriarte, UPNk eta PPNk babestua eta Unai Hualde, Geroa Baiko, PSNko, EH Bilduko eta Contigo-Zurekineko parlamentari guztiek babestu dutena.

 

Presidentea txartel bidez egin den isilpeko bozketaren bidez hautatu da. Foru parlamentari bakoitzak hautagai baten izena idatzi ahal izan du soilik txartelean. Zuriz ematen diren botoak ere ontzat eman dira. Gainerako botoak baliogabeak dira.

 

Foru Parlamentariak haien izenez eta alfabeto hurrenkeran deitu dira Mahaira, txartela lehendakariari eman diote eta horrek hautestontzian sartu ditu (Uxue Barkosek izan ezik, osasun arrazoiengatik botoa jaso behar izan baitiote). Gero Adineko Mahaiaren kideek bozkatu dute eta amaitzeko Mahaiaren presidenteak; horrela bozketa amaitutzat eman da.

 

Ondoren botoak zenbatu dira. Horretarako lehendakariak txartelak hautestontzitik atera ditu eta idazkarietako batek txartelak altuan irakurri ditu. Zenbaketa amaitu ondoren, Presidenteak bozketaren emaitza jakinarazi die foru parlamentariei. Geroa Baiko hautagaiak gehiengo osoa lortuta (30 boto), bigarren bozketa ez da beharrezkoa izan.

 

Behin Presidente hautetsia izendatu denean, bi presidenteordeak hautatzeari ekin zaio. Hautaketa aldiberekoa izan da eta Presidentea hautatzeko ezartzen den prozedura berdinari jarraiki egin da, baina kasu honetan boto gehien jaso dituzten bi hautagaiak hurrenez hurren hautatu dira: Ainhoa Unzu (21 boto) eta Juan Luis Sánchez de Muniáin (18).

 

Lehendakariordeak izendatzeko ezarritako prozedurari jarraiki izendatu dira bi idazkariak. Era horretan, Yolanda Ibáñez (20 boto) eta Mikel Zabaleta (19) hautatu dira.

 

MAHAIA IZENDATZEA

 

Idazkariak hautatu ondoren, Adineko Mahaiko lehendakariak Mahaiko kide guztiak izendatu ditu eta bakoitzak bere lekua hartu du; era horretan nork bere kargua hartu du. Jarraian, Unai Hualde lehendakariak Nafarroako Parlamentua osatu dela adierazi du eta saioari amaiera eman dio.

 

Lehendakariak Parlamentua osatu dela jakinaraziko die erregeari, Nazioko Gobernuko lehendakariari, Foru Diputazioko lehendakariari eta Diputatuen Kongresuaren zein Senatuaren lehendakariei.

 

PRESIDENTEA HAUTETSIAREN AGURRA

 

Nafarroako Parlamentuko lehendakari berri gisa egin duen lehenengo hitzaldian, Unai Hualdek eskerrak eman dizkie “konfiantza beregan jarri duten Ganberako kideei, berrautaketa ahalbidetu baitute, baita egin ez dutenei ere”.

 

“Aurreko legegintzaldian izan genuen lan-giro atsegina izatea espero dut. Batzuek diote Legebiltzarreko Lehendakaritza garrantzi instituzionaleko postua dela, baina pisu politiko gutxikoa, pertsonaren arrastoaren araberakoa den iritzi subjektiboa. Nire kasuan, argi dago pisu handiko pertsona naizela”, esan du ironiaz.

 

“Gizarte-aurrerapenen legealdi bat izan dadin nahi dut, eta horrek erabakigarritasuna eta akordiorako borondatea eskatzen du. Une garrantzitsuenetan herritarren interesa populismoaren aurretik jartzea espero dut”.

 

Mahai berriaren osaerari dagokionez, “anitza eta aurrerakoia”, Hualdek adierazi du lehen urratsa izan litekeela ildo horretako erakundeak eraikitzeko, “baita udal mailan ere”.

 

GONBIDATUEN ZERRENDA

 

Deialdiak duen garrantzia eta izaera instituzionala dela-eta, Nafarroako Parlamentua osatzeko saioan agintari nagusiak eta Foru Komunitateko gizarte esparruetako ordezkari ugari egon dira.

 

Bertaratu direnen artean hurrengo hauek egon dira: María Chivite, Nafarroako Gobernuko jarduneko lehendakaria, Dolores Eguren, Nafarroako Parlamentuko lehendakari ohia, Patxi Vera, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoa, Sergio Sayas, Carlos García Adanero, Isabel Pozueta, Nafarroatik Kongresurako Diputatuak, Alberto Catalán, Senatari eta Nafarroako Parlamentuko Lehendakari ohia, Amelia Salanueva, Ruth Goñi, Antonio Magdaleno eta Koldo Martínez, Nafarroako Senatariak, Idoia Villanueva, Europarlamentaria, Ignacio Cabeza, Kontuen Ganberako Lehendakaria, José Luis Arasti, Espainiako Gobernuko Ordezkaria Nafarroan, José Antonio Sánchez -Villaré, Foru Erkidegoko Fiskal Nagusia, Joaquín Galve, Nafarroako Justizia Auzitegi Goreneko lehendakaria.

 

Jesús Mª Ezponda, Nafarroako Unibertsitateko idazkari nagusia, Francisco Germán Martínez, Nafarroako Komandante Militarra, Enrique Maya, Iruñeko alkatea, Alejandro Toquero, Tuterako alkatea, Koldo Leoz, Lizarrako alkatea eta Maite Garbayo, Erriberriko alkatea.

 

Chechu Rodríguez, CCOOko idazkari nagusia, Jesús Santos Pérez, UGTko idazkari nagusia, Ignacio Ugalde, ANEL, Imanol Ibero, EHNEko lehendakaria, eta Octavio Romano, Nafarroako GKEen Koordinadorako Lehendakaria.

 

Mª Carmen Maeztu, Eskubide Sozialetako jarduneko kontseilaria, Juan Cruz Cigudosa, Ekonomia eta Ogasuneko eta Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko jarduneko kontseilaria, Jose Mª Aierdi, Bigarren lehendakariorde eta Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako jarduneko kontseilaria, Ana Ollo, Herritarrekiko Harremanetako jarduneko kontseilaria, Itziar Gómez, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko jarduneko kontseilaria, Javier Remírez, lehen lehendakariorde eta Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko jarduneko kontseilaria, Eduardo Santos, Justiziako eta Migrazio Politiketako jarduneko kontseilaria, Bernardo Ciriza, Lurralde Kohesioko jarduneko kontseilaria, Carlos Gimeno, Hezkuntzako jarduneko kontseilaria, Mikel Irujo, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko jarduneko kontseilaria eta Santos Induráin, Osasuneko jarduneko kontseilaria.

 

INBESTIDURA PROZESUA

 

Ganbera osatu ondoren, Nafarroako Foru Komunitateko hurrengo lehendakariaren inbestidurarako epeek aurrera egiten dute.

 

Zehazki, Parlamentua osatzen denetik hamar eguneko epean, Parlamentuaren Presidenteak parlamentuan ordezkariak dituzten alderdi edo talde politikoek izendatu dituzten eledunekin kontsultak egin eta Foru Komunitaterako hautagai bat proposatu beharko du. Horretarako, osoko bilkura bat deituko du gutxienez 3 egun lehenago.

 

Horretarako, datozen egunetan Mahaiak eta Eledunen Batzarrak eginen duten bilkuran egutegia onetsi beharko dute, eta haren arabera Parlamentuko Presidente berriak kontsulta txanda bat hasiko du.

 

Txanda amaitu ondoren, Mahaiak eta Eledunen Batzarrak hautagaia proposatuko dute eta Osoko Bilkura deituko dute.

 

Nafarroako Parlamenturako hauteskundeak egin zirenetik (maiatzaren 28a) hiru hilabete igaro ondoren ez bada hautagairik aurkeztu edo aurkeztu direnetatik ez bada inor hautatu, Parlamentua deuseztatuko da eta hauteskunde berriak deituko dira berehala.

 

UNAI HUALDEREN PROFILA

 

Unai Hualde Iglesias (Altsasu, 1976-7-25). Parlamentuko Lehendakaria X. legegintzaldian (2019/2023), Parlamentaria eta Nafarroako Parlamentuko Mahaiaren Lehendakariordea izan da IX. Legegintzaldian (2015/2019), Zinegotzia (2003/2007, 2011/2015) eta Altsasuko Alkatea (2007-2011) Nafarroa Bairekin, eta NBBko lehendakaria 2015etik. EAJ-PNVn afiliatua 1999tik eta NBBko kidea 2004tik. Zuzenbidean lizentziatua da eta Zuzenbide Publikoaren esparruan aholkulari juridiko gisa lan egin izan du.