Unai Hualdek eman die amaiera NUPekin batera antolatu diren "Ikerketa eta ikuspegi berriak errepresio frankistari buruz Nafarroan" jardunaldiei
Lehendakariak negazionismoaren gorakadaz ohartarazi du, demokrazian bizikidetza zibikoaren oinarri diren erakundeak eta justizia balioak defendatzeko deia egiteaz gain
Ikerketa eta ikuspegi berriak errepresio frankistari buruz Nafarroan izeneko jardunaldiei amaiera eman die gaur arratsaldean Unai Hualde Parlamentuko lehendakariak. Gogoetarako eta eztabaidarako gune hori Ganberak eta NUPek Nafarroako Memoria Historikoaren Dokumentu Funtsa garatzeko sinatutako hitzarmenaren esparruan programatutako jardueren parte da.
Gerra zibilean eta diktaduran izandako gertakariei buruzko lan, azterlan eta ikerketa programa bat da, 2009an onetsitako eta 2013an hezurmamitutako ebazpen batean duena jatorria; Unai Hualdek adierazi duen bezala, dokumentu funtsetik egindako erregistro eta analisi lan hori guztia hedatzeko behar adina proiekzio publikoa du ebazpen horrek.
Horri dagokionez, eta “negazionismoaren gorakada” dela-eta “demokrazian bizikidetza zibikoaren oinarri diren justizia balioak” arriskuan jartzen dituen “une sozial eta politikoari” gagozkiola, lehendakariak deialdia egin du “instituzioak defendatzera” eta “giza eskubideen” babesarekin zerikusia duen guztian aurrera egitera, “are gehiago orain, frankismoa bera ere erromantizatu egiten baita”. Halaber, Hualderen hitzetan, “Aurrerapauso handiak eman ditugu estatu kolpearen eta diktaduraren errepresioaren biktimen bilaketan eta identifikazioan, baina garrantzitsua da memoria, justizia eta erreparazioa egiten jarraitzea, ziurtatzeko hura guztia ez dela berriz jazoko”.
Testuinguru horretan, eta Nafarroako Gobernuak memoria historikoa “ikasgeletan, gazteekin” aztertzeko apustu irmoan egindako ahalegina azpimarratu ondoren, lehendakariak gogorarazi du “Nafarroan eta Nafarroako Parlamentuan demokrazian sinesten duen, demokrazia zaintzen duen eta demokraziaren alde egiten duen gehiengo handi bat” dagoela. “Dokumentu funtsa osatzen duten edo iraganean osatzen zuten pertsona guztien lana eta lankidetza eskertu nahi dut. Elkarrekin lan egiten jarraituko dugu, gure iraganaren ezagutza zaindu, zabaldu eta bermatzeko”, adierazi du amaitzeko.
Horren aurretik, Aitor Carrillok mintzaldi bat eman du: Errepresio-eragileen jarrerak Nafarroako trenbideetako langileen garbiketan.
Horren ondoren, Naroa Carrascok Boluntario behartuen fenomenorako hurbilketa bat hitzaldia eman du, sozialista nafarrek 1936tik 1939ra bitartean gudaroste kolpistan izandako eginkizunean zentratua.
Fernando Mendiola NUPeko Memoria Historikoaren Dokumentu Funtsaren zuzendariak inauguratu zituen jardunaldiak joan den asteartean.
Inaugurazio saio horretan, Emilio Majuelok Olaechea apezpikua Nafarroako errepresioaren aurrean (1936-1938) izeneko hitzaldia eman zuen, eta Oier Santamaríak, berriz, honi buruzko iritzia eman zuen: Nafarroako LGTBIren errepresioa frankismoan.