Unai Hualdek harrera egin dio Nafarroako Parlamentuak gizarte-zerbitzu publikoak kudeatzeko Gizain Fundazioan duen patronatukide Gustavo Muñozi
Nafarroako Parlamentuko lehendakari Unai Hualdek harrera egin dio gaur Parlamentuan gizarte-zerbitzu publikoak kudeatzeko Gizain Fundazioko patronatukide Gustavo Muñozi.
Geroa Baik proposatuta, Nafarroako Parlamentuak berriz ere hautatu zuen Muñoz martxoaren 26an, 2021eko urrian lehen izendapena egin ondoren. Bere izendapenaren bidez Nafarroako Parlamentuak Gizain Fundazioan duen ordezkaritza osatzen da, Rubén Unanua Ruiz eta José Antonio Villanueva Oyarzábalekin batera.
Gustavo Muñoz Barrutiak apirilaren 29an hartu zuen kargua. Historian lizentziaduna da, Nafarroako Ekonomia Alternatibo eta Solidarioaren Sareko idazkari teknikoa, Paris 365eko ostalaritzako lantegi-eskolako zuzendaria eta Acción Laboraleko, Gurutze Gorriko eta Koiné-Aequalitas Fundazioko lan-orientatzailea.
Protokolozkoa izan den bilera horretan, Unai Hualdek Parlamentuaren laguntza eskaini du, xede harturik Fundazio horrek zerbitzu publikoak hobetzera zuzendutako politika publikoen ildotik betetzen duen eginkizun soziala erraztea, eta une oro kontuan hartuta 2018an ezarritako estatutu-araubide berria.
Lehendakariak zorte eta emaitza onak opa izan dizkio Gustavo Muñozi, hark patronatukide gisa bigarren etapa honetan eginkizun izanen duen kontroleko eta zuzendaritzako lanari begira.
Gizain gizarte zerbitzuak kudeatzeko Nafarroako Fundazioa Eskubide Sozialetako Departamentuari atxikita dago, eta zenbait zerbitzu zuzenean kudeatzea du helburu. Zerbitzu horiek, zuzeneko kudeaketarako sortu ziren arren, hirugarrenei esleituta egon dira kontratazio publikoaren bidez. Hala, gizarte zerbitzuetako zentroak eta beste zerbitzu publiko batzuk gainbegiratzeko eta koordinatzeko eginkizunak berreskuratu dira, bai eta adingabeen babesgabetasun kasuetako balorazio teknikoa ere.
Fundazioaren estatutu berrietan, 2018ko abenduaren 26an onetsitakoetan, Nafarroako Gobernuaren gehiengoa bermatzen da, eta haren ordezkariei beste sei patronatukide gehitu behar zaizkie, Nafarroako Parlamentuak eta Gizarte Ongizatearen Nafarroako Kontseiluak izendatu beharrekoak, erdi bana.