Noiz argitaratua Astelehena, 2019.eko Uztailak 29

Unai Hualdek Maria Chivite proposatu du Gobernuko Lehendakaritzarako hautagai gisa

Geroa Baik, Podemos-Ahal Duguk eta I-Ek PSNren hautagaiaren alde egin dute eta hala adierazi diote Legebiltzarreko Lehendakariari, lau indarren arteko legegintzaldi akordioa adostu ostean

Nafarroako Parlamentuko Lehendakaria, Unai Hualde, Marisa de Simónekin (I-E), Mikel Builekin (Podemos-Ahal Dugu), Bakartxo Ruizekin (EH Bildu), Uxue Barkosekin (Geroa Bai), María Chiviterekin (PSN) eta Javier Esparzarekin (Navarra Suma) bildu da gaur, Parlamentuan ordezkaritza duten talde eta alderdi politikoek izendatutako ordezkariekin egin duen bigarren bilera errondaren baitan, Nafarroako Foru Erkidegoko Gobernuko Lehendakaritzarako María Chiviteren hautagaitza proposatzeko helburuarekin.

 

Erronda amaitzean, Unai Hualdek Mahaiaren eta Eledunen Batzarraren bilkurarako deia egin du, María Chivite Nafarroako Foru Erkidegoko Lehendakari izateko hautagaitza aurkeztu asmoz, "beharrezko babesa duela ziurtatu ondoren".

 

Legebiltzarreko organo gidariek inbestidura eztabaidarako Osoko Bilkura deitu dute, eta ostegun honetan, abuztuaren 1ean ospatuko da (12:00), araututako epeen arabera lehenengo epe posiblea izanik, inbestidura bilkurarako deia hiru egun lehenago egin behar baita gutxienez. Lehenengo bozketan hautagaiak gehiengo osoa lortzen badu, konfiantza ematen zaiola ulertuko da; halako gehiengorik lortzen ez badu, hogeita lau orduren buruan beste bozketa bat eginen da, abuztuaren 2an, eta horretan konfiantza eman zaiola ulertuko da gehiengo soila lortzen badu.

 

Ramón Alzórrizek (PSN) adierazi du gobernu egitura eta programa akordioen ostean, eta pasa den igandean egindako kontsultaren ostean, zeinetan %90ak babesa erakutsi zuen, “inbestidurari ekiteko moduan” daudela.

 

Jakinarazi du elkarrizketarako orduan lehentasuna edukiko dutela “gobernu kideek”, baina zenbait afera Parlamentura eraman beharko direla “behar diren gehiengoak lortu ez izanagatik”, eta kasu horietan Navarra Sumak eta EH Bilduk “zer esana izango dutela”.

 

“Alderdi osoaren babesa” dutela nabarmendu du, “badakitelako PSNk Nafarroaren estatusa defendatzen duela, gizarte politikak lehenesten dituela eta gugan konfiantza eduki dezaketela”. Bestalde, Alzórrizek eskuinari “gatazka politika” egin izana eta “etorkizuneko gobernu hau babesten duen gizartearen gehiengoa banatzen saiatu” izana egotzi dio.

 

Koldo Martínezek (Geroa Bai) jakinarazi du, gobernu programa adostu dutenez gero, Maria Chiviteren aldeko apustua egingo dutela, sinesten baitute Nafarroarentzat positiboa izango den gobernu “anitz eta aurrerakoia” osatuko dutela.

 

Etorkizunari begira adierazi du, EH Bilduri bilera batean esan bezala, “askoz ere garrantzitsuagoa dela koalizio abertzalearekin akordioetara iristea Navarra Sumarekin baino”, azken honek egin duen oposizioa “negargarria izan baita eta eraikitzailea izatetik oso urrun egon da”.

 

Mikel Builek (Podemos-Ahal Dugu) adierazi du bere taldeak Chiviteren inbestidura babestuko duela eskuinaren gobernu bat ekiditeko adierazi duen borondateagatik.

 

Nabarmendu du euren konpromisoa “politika aurrerakoiak ateratzeko lan egitea dela, eta horretarako egokiago deritzogu EH Bildurekin akordioetara iristea PP, Ciudadanos edo UPNrekin baino”.

 

Marisa de Simónek (Izquierda-Ezkerra) jakinarazi du Chiviteren inbestiduraren alde egingo dutela PSNrekin, Geroa Bairekin eta Podemos-Ahal Dugurekin sinatutako “gobernu programan” oinarrituta, izan ere, “politika sozialak, anitzak eta elkarbizitzan oinarritutakoak garatzen jarraitzeko ateak irekitzen baititu”.

 

Gaineratu du I-Ek EH Bildurekin akordioak lortzeko lan egingo duela, baita “oposiziotik ere” politika propioak defendatzeko, eta horien artean nabarmendu ditu “hezkuntza, elkarrizketa sozialaren sustapena edo tren “jasangarria”.

 

Bakartxo Ruizek (EH Bildu) azaldu du burutzen ari diren kontsultarako, zeinaren emaitza loteslea izanen den, Mahai Politikoak “inbestidura ahalbidetzeko beharrezko abstentzioa” ematea proposatu duela, “estrategikoa baita eta Nafarroarentzat positiboa, Nafarroako eskuina eta are gehiago Navarra Suma bezalako formatu bat, oposizioan gelditu dadin”.

 

EH Bilduk nabarmendu du koalizioa “giltzarri izango dela” Gobernuak politika aurrerakoiak martxan jar ditzan, eta horren garrantzia azpimarratu du.

 

Javier Esparzak (Navarra Suma) “lotsagarritzat” jo du Pedro Sánchezek "Estatu zentzua" eskatzea eta Nafarroan EH Bildurekin akordioetara iristea, izan ere, “beti askatasuna eta demokrazia defendatu dutenekin egin baitzezakeen. Zoritxarrez ETAko hiltzaileen lagunak hautatu ditu”.

 

Sánchezek “duintasun ezaren muga gurutzatu duela” adierazi du Esparzak, “Arnaldo Otegiren kide bihurtu da, eta honek politika espainiarrean eta nafarrean inflexio puntu bat suposatzen du”.

 

Horregatik azpimarratu du “Chivite lehendakari bada, Bilduri esker izango dela”, eta hau “onartezina” dela, Navarra Suma “abertzaletasuna nahi ez duen ahots bakar” gisa uzten baitu.