Noiz argitaratua Ostirala, 2022.eko Abenduak 16

Zenbait zerga aldatu eta beste tributu-neurri batzuk hartzeko Foru Lege proiektuari buruzko irizpena onetsi da

Testuari 12 zuzenketa gehitu zaizkio, denak ere PSN, Geroa Bai, EH Bildu eta Podemos-Ahal Dugu taldeenak, eta hilaren 22an, ostegunez, Osoko Bilkuran aurkeztuko da, 2023rako Aurrekontu Orokorren proiektuarekin batera

Ekonomia eta Ogasun Batzordeak Zenbait zerga aldatu eta beste tributu-neurri batzuk hartzeko Foru Lege proiektuari buruzko irizpena onetsi du gaur. Ondoren testua Osoko Bilkurara eramanen da 2023rako Aurrekontu Orokorrei buruzko Foru Lege proiektuaren irizpenarekin batera, abenduaren 22ko saioan behin betiko eztabaidatu eta bozkatzeko.

 

Ekonomia eta Ogasun Batzordeak 12 zuzenketa onetsi ditu (horietatik 4 in voce zuzenketak izan dira), guztiak PSN, Geroa Bai eta Podemos-Ahal Duguren ekimenez, eta bat EH Bildurekin batera. Gainerako zuzenketak (Navarra Sumaren 11 eta Izquierda-Ezkerraren 13) atzera bota dira.

 

Foru legearen helburu nagusietako bat egungo testuinguru ekonomikoari erantzutea da. Inflazio tasa altua dela-eta, “errenta apalenak dituzten zergadunen tributazioa gutxituko duten neurri fiskalak hartu behar dira”. Horrekin batera, “ahalmen ekonomiko handiagoa dutenei ekarpen handiagoa exijitu behar zaie”.

 

Horrenbestez, kentzen da pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena egiteko betebeharra errenta maila apalena duten langile eta pentsiodunentzat, horiek direlako egungo egoera ekonomikoak gehien zigortzen dituenak. Aitorpena egiteko gutxieneko errenta igotzearekin bat etorrita, eta neurri horrek ondorioak izan ditzan zergadun horiek 2023ko urtarrilaren 1etik aurrera jasotako errentetan, lan atxikipenetako taulako lehenbiziko bi tarteak kentzen dira, eta, hortaz, atxikipena egiteko betebeharra sortuko da jasotzen diren lan etekinak 14.500 eurotik gorakoak direnean.

 

Sozietateen gaineko zergaren eremuan, 20.000.000 eurora igotzen da negozio-zifraren zenbateko garbiaren muga, enpresa bat enpresa txikitzat hartu eta % 23ko karga-tasa nominalaren arabera tributatu ahal izan dezan.

 

Era berean, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergarako eta sozietateen gaineko zergarako salbuesten dira Ukrainako gerraren ondorio ekonomiko eta sozialei erantzuteko Plan Nazionalaren babesean emandako laguntzak. Horien artean nabarmentzekoak dira diru-sarrera eta ondare gutxiko pertsona fisikoentzako 200 euroko zuzeneko laguntza eta errepideko garraioaren sektorerako zuzeneko laguntzak. Halaber, salbuesten dira, bai pertsona fisikoen errentaren gaineko zergarako bai sozietateen gaineko zergarako, energia-kostuek 2022an zehar izandako gorakada konpentsatzeko Nafarroako enpresei emandako laguntzak.

 

Ildo beretik, garapen ekonomikoarekin eta Nafarroako Gobernuak ekintzailetzaren eta berrikuntzaren alde egindako apustuarekin lotuta, hobetzen dira pertsona fisiko eta entitate ekintzaileentzako zerga-pizgarriak, bai eta entitate ekintzaileentzat inbertitzen dutenentzat ere, bereziki, jarduera berritzaileetarako. Gurera lekualdatu diren pertsonen araubide berezia ere hobetzen da, Nafarroako Foru Komunitatera talentua erakartzeko asmotan.

 

Ingurumenarekiko kezkak isla du zerga-pizgarri berri batzuetan, haien bidez sustatzeko, batetik, energia berriztagarrien erabilera, bereziki hidrogeno berriztagarriaren kontsumoa, eta, bestetik, hainbat proiektu gauzatzea haize-energiaren eta fotovoltaikoaren osagaiak edo bateriak birziklatzearen eta berrerabiltzearen arloan eta hidrogeno berriztagarriaren ekoizpenaren eta haren balio-kateko osagaien fabrikazioaren arloan.

 

Beste aldaketa batzuen xedea da, oro har, Foru Komunitateko zerga araudia egokitzea zerga harreman juridikoaren oinarrian dauden errealitate juridiko eta ekonomiko aldakorretara, etengabe bi helburu nagusi bete nahian: ekitatea hobetzea zergen arloan, eta iruzur fiskalari aurka egitea.

 

Horretarako, doikuntza tekniko batzuk egiten dira: puntu batzuk besterik gabe argitzea, edo zenbait kenkariren testuetan aldaketak egitea, jatorrizko helburuari laguntzen ez dioten kasuetan aplika ez daitezen.

 

Halaber, behar diren egokitzapenak egiten dira Europar Batasuneko Justizia Auzitegi Nagusiak (Lehenengo Salak) 2022ko urtarrilaren 27an C-788/19 auzian eman zuen epaia betetzeko; izan ere, epai horrek erabaki zuen atzerrian dauden ondasun eta eskubideen gaineko aitorpena (720 eredua) egiteko betebeharrari lotutako araubide juridikoak, zenbait alderditan, ez zuela betetzen Europako araudia. Azkenik, beste egokitzapen batzuk zergaz kanpoko arau batzuen aldaketen ondorio dira

 

Berdintasunaren aldeko eta genero indarkeriaren kontrako borrokaren esparruan, neurri berritzaile bat gehitzen da, aukera emanen diena genero indarkeriaren biktimei pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren autolikidazioetatik sortutako zorren gainean duten erantzukizuna mugatu dadila eskatzeko, zergaren tributazioa erasotzailearekin baterako araubidean egitea hautatu zuten kasuan. Aldaketa horrekin salbuespen bat ezartzen da familia-unitateko kide guztien erantzukizun bateratu eta solidarioaren arau orokorrean, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren araudiak baterako tributazioaren kasurako ezartzen duen horretan. Xedea da ekiditea genero indarkeriaren biktimek erantzun behar izatea erasotzailearena izaten ahal den zerga zorraren zatiaz, eta mantentzen da erasotzailearen erantzukizuna, bere baldintza guztietan, baterako autolikidazioaren zerga zorraren zenbateko osoaren gainekoa.

 

Arlo horretan berean, ondare eskualdaketen eta egintza juridiko dokumentatuen gaineko zergari buruzko foru araudian txertatzen da, halaber, Genero indarkeriaren biktimen umezurtzen babesa hobetzeko martxoaren 21eko 2/2022 Lege Organikoan aurreikusitako salbuespena.

 

 

Onetsitako 12 zuzenketen zerrenda

 

 

- Zenbait zerga aldatu eta beste tributu-neurri batzuk hartzeko Foru Lege proiektuaren lehenengo artikuluaren Lau apartatua aldatzeko zuzenketa.

 

Helburutzat du LGENF funtseko laguntzei dagokien salbuespena aplikatzea lehentasunezko nekazaritza-ustiategien titularrei. Indarreko testuan jasota zegoen, baina proiektuan aipatzeke utzi zen “nahi gabe”. Beraz, salbuespena izanen dute bai ogibide nagusiz nekazaritzat jotzen direnek bai lehentasunezko sailkapena duten nekazaritza-ustiategien titular direnek. 

 

PSN, Geroa Bai eta Podemos-Ahal Duguk aurkeztu dute. Aho batez onetsi da. 

 

- Zenbait zerga aldatu eta beste tributu-neurri batzuk hartzeko Foru Lege proiektuaren lehenengo artikuluaren Bederatzi apartatua aldatzeko zuzenketa.

 

Aldaketa honen bitartez igo egiten dira basogintzako jarduerengatik aplikatu ahal diren murrizketa ehunekoak.

 

“Bederatzi. 34.6 artikulua, b) letra gehitzea, oraingo edukia a) letra bihurtuz, 2022ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin.

 

b) Basogintza jardueren kasuan, a) letran ezarritako murriztapen ehunekoa honako hau izanen da:

 

1) 100eko 55, mozketa aldia 15 urtekoa edo gehiagokoa eta 70 urtekoa edo gutxiagokoa bada.

 

2) 100eko 65, mozketa aldia 70 urte baino gehiagokoa bada”.

 

PSN, Geroa Bai eta Podemos-Ahal Duguk aurkeztu dute. Aho batez onetsi da. 

 

- Zenbait zerga aldatu eta beste tributu-neurri batzuk hartzeko Foru Lege proiektuaren lehenengo artikuluaren Hamalau apartatua aldatzeko in voce zuzenketa.

 

Proiektuan Hamalau apartatuan egindako aldaketak 4. apartatua gehitzen zion artikuluari, eta bertan salbuespena ezartzen zen 26/2016 Foru Legearen hirugarren xedapen gehigarrian araututako kenkaria aplikatzeko eskubidea ematen duten entitate ekintzaileetako akzioak eta partaidetzak eskualdatzeagatik lortutako ondare gehikuntzetarako. Baina ez zen adierazten zer epetan berrinbertitu behar den salbuespen hori aplikatu ahal izateko.

 

Zuzenketa honen bitartez urtebeteko epea ezartzen da. Beraz, epe horretan berrinbertitzen ez bada, salbuespenerako eskubidea galduko da, eta tributu egoera erregularizatu beharko da 83.4 artikuluan ezarritakoaren arabera.

 

PSN, Geroa Bai eta Podemos-Ahal Duguk aurkeztu dute. PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerraren aldeko botoekin eta Navarra Sumaren aurkako botoarekin onetsi da. 

 

- Zenbait zerga aldatu eta beste tributu-neurri batzuk hartzeko Foru Lege proiektuaren bigarren artikuluaren Bi apartatua aldatzeko zuzenketa.

 

Bi. 5.8 artikulua, Bi.A).b) apartatua, eta Hiru eta Bost apartatuak, eta Bost apartatuaren egungo edukia Sei apartatua izatera igarotzea, 2023ko urtarriletik aurrerako ondorioekin.

 

“b) Ez dira balore gisa kontatuko, ez eta lanbide edo enpresa jarduerei loturik ez dauden ondare elementu gisa ere, haien erosketa-prezioa entitateek lorturiko mozkin ez banatuen zenbatekoa baino handiagoa ez bada, baldin eta mozkin horiek lanbide- edo enpresa-jardueren ondoriozkoak badira. Urte horretan berean eta azken hamar urteetan lorturiko mozkinen batura muga gisa hartuko da.

 

Ondorio horietarako, enpresa- edo lanbide-jardueretatik etorritako mozkinen parekotzat jotzen dira aurreko d’) letran aipatutako baloreetatik heldu diren dibidenduak, bai eta partaidetza horien eskualdaketetatik lortutako gainbalioak ere, baldin eta partaidetutako entitateak lortutako diru-sarreren ehuneko 90, gutxienez, enpresa- edo lanbide-jarduerak egitetik heldu badira”.

 

“Hiru. Bi apartatuan aipatzen den kenkariak partaidetzen balioa baizik ez du hartuko –balio hori 15. eta 16. artikuluek ezarritako arauekin bat finkatuko da–; hain zuzen, lanbide- edo enpresa-jarduera aurrera eramateko behar diren aktiboei jarduera horretatik heldu diren zorrak kendu ondoren ateratzen denaren eta entitateak duen ondare garbiaren balioaren artean dagoen proportzioari dagokion zatian. Arau horiexek aplikatuko dira entitate partaidetuen partaidetzen balorazioan, entitate edukitzailearen partaidetzen balioa zehazteko.

 

Ondorio horietarako, Bi.a).b) apartatuan aipatzen diren horiek kontatuko dira beharrezko aktibo gisa, salbu eta:

 

  1. Enpresa- edo lanbide-jarduera bati lotuta ez dauden ondasun higiezinak direnean.
  2. Bigarren mailako merkatuetan kotizatutako baloreak, inbertsio kolektiboko erakundeetako partaidetzak, eta 18. artikuluan aipatzen diren ibilgailu, ontzi eta aireontziak direnean.

 

Letra honetan aurreikusitakoa ez zaie aplikatuko Bi.A).a).d’) apartatuan aipatutako bigarren mailako merkatuetan kotizatutako baloreei.

 

Paragrafo honetan xedatutakoa aplikatuz beharrezko aktibo gisa kontatzen diren elementuek ezin izanen dute gainditu aktiboaren guztizkoaren 100eko 75”.

 

“Bost. Bi apartatuan araututako salbuespena ez zaie aplikatuko inbertsio kolektiboko erakundeetako partaidetzei”.

 

PSN, Geroa Bai eta Podemos-Ahal Duguk aurkeztu dute. PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerraren aldeko botoekin eta Navarra Sumaren abstentzioarekin onetsi da. 

 

- Zenbait zerga aldatu eta beste tributu-neurri batzuk hartzeko Foru Lege proiektuaren bigarren artikuluaren Lau apartatua aldatzeko zuzenketa.

 

“Lau. 6. artikulua, 3. apartatua aldatzea eta 4. apartatua gehitzea.

 

“3. Hitzarmen Ekonomikoaren 17.2 artikuluaren arabera betebehar errealarengatik Foru Komunitatean zergapetuak izan behar diren subjektu pasiboen zergapetzea izanen da Espainiako lurraldean kokatuta dauden, balia daitezkeen edo bete beharrekoak diren ondasun eta eskubideengatik.

 

Ondorio horietarako, Espainiako lurraldean kokatutzat joko dira edonolako entitate baten funts berekietako partaidetzaren adierazgarri diren baloreak, merkatu antolatuetan negoziatu gabekoak, horren aktiboa ehuneko 50eko gutxieneko neurrian osatuta dagoenean, zuzenean edo zeharka, Espainiako lurraldean kokaturiko ondasun higiezinekin.  Aktiboaren zenbatzea egiteko, ondasun kontabilizatu guztien kontabilitate-balio garbiak ordeztuko dira zerga-sortzapenaren datan dauzkaten merkatu-balioekin. Ondasun higiezinen kasuan, kontabilitate-balio garbiak ordeztuko dira 10. artikuluak dioenaren arabera zerga-oinarri gisa kasuan-kasuan hartu behar diren balioekin.

 

Apartatu honek adierazitako subjektu pasiboek, izaera hori hartzen dutenetik bi hilabeteko epean, helbidea Espainian duen pertsona fisiko edo juridiko bat izendatu beharko dute, hark Nafarroako Zerga Ogasunaren aurrean ordezka ditzan zerga honengatik dituzten betebeharrei dagokienez. Aipatutako izendapenaren egunetik bi hilabeteko epean frogatu beharko da izendapen hori ogasun horretan.

 

Aurreko betebeharretako edozein urratzea zerga arloko arau-hauste arina izanen da, 1.000 euroko isunaz zehatzeko modukoa. Zehapen hori mailakatu eginen da, eta suertatzen den zenbatekoa %100 handituko da baldin eta tributu arloko arau-haustea behin baino gehiagotan egiten bada.

 

4. Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 52 ter artikuluan lekualdatutako pertsonentzat ezarritako araubide berezia aukeratzen duten subjektu pasiboek betebehar errealaren arabera tributatuko dute. Ondorio horietarako, ez zaie aplikatuko 3. apartatuko hirugarren eta laugarren paragrafoetan xedatutakoa”.

 

PSN, Geroa Bai eta Podemos-Ahal Duguk aurkeztu dute. PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerraren aldeko botoekin eta Navarra Sumaren aurkako botoarekin onetsi da. 

 

- Zenbait zerga aldatu eta beste tributu-neurri batzuk hartzeko Foru Lege proiektuaren bigarren artikuluari Bost apartatua gehitzeko in voce zuzenketa.

 

Zergaren tarifa igo egiten da 11.003.784,50 eurotik gorako likidazio oinarria duten zergadunentzat, hartara zerga egoitza Nafarroako lurraldean duten zergadunek Nafarroan ordain dezaten fortuna handien gaineko aldi baterako elkartasun-zergarengatik legokiekeena.

 

Nafarroako zergadunek ondarearen gaineko zergarengatik bakarrik aitortu eta tributatu beharko dute, eta ez fortuna handien gaineko zergarengatik. Hala ere, tributazio horren emaitza fortuna handien gaineko zerga Nafarroan aplikatuko balitz bezalatsukoa izanen da.

 

Aldaketak 2022an eta 2023an sortzen diren zergaldietarako izanen ditu ondorioak, kontuan izanik ondarearen gaineko zergaren sortzapena urte bakoitzeko abenduaren 31n gertatzen dela.

 

PSN, Geroa Bai, EH Bildu eta Podemos-Ahal Duguk aurkeztu dute. PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerraren aldeko botoekin eta Navarra Sumaren aurkako botoarekin onetsi da. 

 

- Zenbait zerga aldatu eta beste tributu-neurri batzuk hartzeko Foru Lege proiektuaren hirugarren artikuluaren Hemezortzi apartatua aldatzeko zuzenketa.

 

Zuzenketak planteatzen du foru lege proiektuan jasotakoak baino hobari portzentaje handiagoa ezartzea etxebizitzen errentamenduan diharduten entitateentzat, baldin eta, 92. artikuluko betekizunak beteta, babestutako, alokairu sistema publikoari atxikitako edo desgaitasuna duten pertsonek alokatutako etxebizitzen errentamenduan badihardute.

 

Proiektuak ehuneko 70eko hobariak jasotzen ditu desgaitasuna duten pertsonei etxebizitzak alokatuz lortutako errenten kasuan, eta ehuneko 65eko hobariak etxebizitza babestuak eta alokairu sistema publikoari atxikitakoak alokatuz lortutako errenten kasuan. Zuzenketak ehuneko 85eko hobaria planteatzen du hiru kasuetarako, egungo sustapenetan errenta babestuaren baldintzei eusten laguntzeko eta, horrez gain, errentamendu babestuko sustapen gehiago abian jar daitezen pizgarriak emateko.

 

PSN, Geroa Bai eta Podemos-Ahal Duguk aurkeztu dute. Boto haztatuaren bidez onetsi da, PSN, Geroa Bai eta Podemos-Ahal Duguren aldeko botoekin, EH Bilduren eta Izquierda-Ezkerraren abstentzioarekin eta Navarra Sumaren aurkako botoarekin. 

 

- Zenbait zerga aldatu eta beste tributu-neurri batzuk hartzeko Foru Lege proiektuaren bosgarren artikuluari Bi bis apartatua gehitzeko zuzenketa.

 

Azaroaren 22ko 19/2022 Errege Lege-dekretuaren bidez eginiko aldaketaren ildotik –zeinak ohiko etxebizitzaren gaineko hipoteka-maileguetan interes-tasen igoera samurtzeko Jardunbide Egokien Kode bat ezartzen baitu, baliabiderik gabeko zordun hipotekarioak babesteko presako neurriei buruzko martxoaren 9ko 6/2012 Errege Lege-dekretua aldatzen baitu eta hipoteka-maileguen merkatua hobetzeko bestelako neurri egiturazkoak hartzen baititu–, aldaketa hau jasotzen da Nafarroan ere egintza juridiko dokumentatuen modalitateko notario-agirien mailakako kuotatik salbuetsirik uzte aldera Jardunbide Egokien Kode horren babesean egiten diren kontratuzko nobazioak formalizatzeko eskritura publikoak, haiei emanez martxoaren 9ko 6/2012 Errege Lege-dekretuko Jardunbide Egokien Kodeari loturik daudenen tratamendu berbera.

 

PSN, Geroa Bai eta Podemos-Ahal Duguk aurkeztu dute. Aho batez onetsi da. 

 

- Zenbait zerga aldatu eta beste tributu-neurri batzuk hartzeko Foru Lege proiektuaren bederatzigarren artikuluaren Hamaika apartatua aldatzeko in voce zuzenketa.

 

Hamahirugarren xedapen gehigarria aldatzen da zehazte aldera zein kirol jarduera deklara daitezkeen gizarte-interesekoak eta zein pertsona edo entitate izan daitezkeen kirol mezenasgoaren onuradun.

 

PSN, Geroa Bai eta Podemos-Ahal Duguk aurkeztu dute. PSN, Geroa Bai, EH Bildu eta Podemos-Ahal Duguren aldeko botoekin, Navarra Sumaren aurkako botoarekin eta Izquierda-Ezkerraren abstentzioarekin onetsi da. 

 

- Zenbait zerga aldatu eta beste tributu-neurri batzuk hartzeko Foru Lege proiektuaren bederatzigarren artikuluaren Hamalau apartatua kentzeko in voce zuzenketa.

 

Zuzenketa hau aurreko in voce zuzenketa bat onesteari lotuta dago; aurreko horren bidez hamahirugarren xedapen gehigarria aldatzen da gizarte-intereseko kirol jarduerak aintzatesteko betekizunak garatzeko, eta, beraz, bidezkoa da Hamalau apartatua kentzea, aipatutako hirugarren xedapen iragankorra gehitzen baitzuen.

 

PSN, Geroa Bai eta Podemos-Ahal Duguk aurkeztu dute. Navarra Suma, PSN, Geroa Bai, EH Bildu eta Podemos-Ahal Duguren aldeko botoekin eta Izquierda-Ezkerraren abstentzioarekin onetsi da.

 

- Hamargarren artikuluari Bat apartatu berria gehitzeko zuzenketa.

 

EJZko epigrafeetako 86. elkartean (lanbide liberalak, artistikoak, literarioak eta kulturalak) proiektuak sartzen dituen aldaketen ondorioz, doitu beharrekoa gertatzen da Kultur Mezenasgoari buruzko Foru Legeak mezenasgo horren onuradun izan daitezkeen EJZko epigrafeei buruz egiten duen erreferentzia.

 

PSN, Geroa Bai eta Podemos-Ahal Duguk aurkeztu dute. PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerraren aldeko botoekin eta Navarra Sumaren aurkako botoarekin onetsi da. 

 

- Zenbait zerga aldatu eta beste tributu-neurri batzuk hartzeko Foru Lege proiektuaren xedapen gehigarri bakarra aldatzeko zuzenketa.

 

Ekainaren 25eko 11/2022 Errege Lege-dekretuaren babesean emandako laguntzak PFEZetik eta Sozietateen gaineko Zergatik salbuetsita egonen dira –errege lege-dekretu horren bidez, Ukrainako gerraren ondorio ekonomiko eta sozialei erantzuteko, zaurgarritasun sozial eta ekonomikoko egoerei aurre egiteko eta La Palma uhartearen susperraldi ekonomiko eta sozialerako zenbait neurri hartu eta luzatzen dira–. Halaber egonen dira salbuetsita Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusiaren azaroaren 15eko 770/2022 Erabakiari loturik emandako laguntzak, zeinaren bidez onesten baita Nafarroako enpresentzako laguntzen deialdia, energia-kostuek 2022an zehar izandako gorakadari aurre egiteko.

 

PSN, Geroa Bai eta Podemos-Ahal Duguk aurkeztu dute. Aho batez onetsi da.