Zenbait zerga aldatu eta beste tributu-neurri batzuk hartzeko lege proiektuari buruzko irizpena onetsi da
12 zuzenketa sartuta, denak PSN, Geroa Bai, EH Bildu eta Podemos-Ahal Dugurenak, testua osoko bilkurara eramanen da 23an, osteguna, 2022rako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko proiektuarekin batera
Ekonomia eta Ogasun Batzordeak zenbait zerga aldatu eta beste tributu-neurri batzuk hartzeko lege proiektuari buruzko irizpena onetsi du gaur. Testua osoko bilkurara eramanen da, 2022rako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko Foru Lege proiektuarekin batera, abenduaren 23an izanen den bilkuran behin betiko eztabaidatu eta bozkatzeko.
Ekonomia eta Ogasun Batzordeak 12 zuzenketa onetsi ditu (horietako 2 in voce egin ziren), denak PSNk, Geroa Baik, EH Bilduk eta Podemos-Ahal Duguk eskatuta, zenbait konbinaziotan. Gainerakoak, Navarra Sumak egindako 56 eta Izquierda-Ezkerrak aurkeztutako 10, baztertu egin dira.
Hauek dira zerga- eta tributu-neurriei buruzko legeak barne hartzen dituen neurri nagusiak:
Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari (PFEZ) dagokionez, tarifa % 2 murrizten da tarte guztietan; urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin. Neurri horren helburua da saihestea soldaten igoera baliokideak zerga-tasaren igoera ekartzea.
Gainera, PFEZaren gutxieneko pertsonalak eta familiarrak % 5 igotzen dira, kenkariaren bidez adinarekin, desgaitasunarekin, seme-alaben kopuruarekin edo ardurapeko pertsonen kopuruarekin lotutako egoerak konpentsatzeko asmoz.
Bestalde, 30.000 euro baino gutxiagoko errentetarako 100 euroko hobaria xedatzen da; gutxieneko pertsonaletan ere aplikagarria izanen da.
PFEZean sartutako aldaketen kostu zenbatetsia 53,6 milioi da eta 2023ko errenta aitorpenean izanen du benetako eragina.
Zerga-erreformak beste karga batzuei ere eragiten die hein txiki batean. Hala, etxebizitza alokatzeagatiko kenkaria (Emanzipa eta David) egitea ahalbidetzen duen gehieneko errentari hileko 25 euro gehitzen zaizkio (650etik 675eraino). Bestalde, eta estatuko erreformara egokitzeko, 2.000tik 1.500 eurora murrizten da pentsio planetako gehieneko ekarpen kengarria.
Sozietateen gaineko zergan ez da ia aldaketarik izan. Hala ere, enplegua sortzeagatiko kenkaria (4 milioikoa) ezabatzen da eta enplegu politika aktibo bihurtzen da. Eta tributaziotik salbuetsita gelditzen dira enpresa kaudimena babesteko laguntzak.
Batzordean izandako eztabaidan sarturiko aldaketei dagokienez, PSNk, Geroa Baik eta Podemos-Ahal Duguk kontu batzuk adostu dituzte, funtsean galerengatiko konpentsazioari buruz, murriztu egin baita, eta sozietateen gaineko zergan gizarte-xedeetarako % 0,7a sartzeari buruz, PFEZean jada badagoen moduan.
EH Bilduk, bestalde, aurrera eraman du Audenasak sozietateen gaineko zergan zuen muga-zergen salbuespenezkotasunaren ezabaketa; beraz, urtarrilaren 1etik aurrera beste enpresek bezala tributatu beharko du.
A-15 autobidearen emakidaduna (autobidearen titulartasunaren % 50 Nafarroako Gobernuak dauka, eta beste erdia, Itinere taldeak) bere kapital sozialaren % 10aren baliokidea tributatzetik salbuetsita zegoen, eta, hortaz, haren benetako zerga-tasa % 5 inguru zen, hau da, urteko mozkinaren lehen 17 milioiak.
EH Bilduk gobernuko kideekin adostutako bigarren zuzenketak auto elektrikoa erosteagatiko tributazioa hobetzen die 30.000 euro baino gutxiagoko errentei (60.000 baino gutxiagokoei, familia unitateentzat). Zehatz-mehatz, % 30etik % 35eraino igotzen da ibilgailu elektriko berrietan inbertitzeagatiko kenkaria, eta % 5etik % 10eraino hibrido entxufagarriak badira.
Navarra Sumak erregistratutako 56 zuzenketak batera ezetsi zituzten PSNk, Geroa Baik, EH Bilduk, Podemos-Ahal Duguk eta I-Ek. Ordezko zerga-erreforma baten alde egiten zuten, ia tributu guztietan zerga-beherapenak ezarriz. Proposatzaileak ekonomiarekin eta diru-bilketarekin lotutako arrazoiak eman ditu (“zenbat eta jarduera ekonomiko handiagoa, orduan eta zerga-sarrera gehiago”) bere proposamena defendatzeko, alferrik.
Zatika, eta PFEZari dagokionez, Ganberako talde gehiengodunak errenta ertainen eta baxuen tributazioa arintzearen alde egin zuen, besteak beste tarteen kopurua handituz eta zerga-tasa murriztuz, baita gutxieneko pertsonaletan eta familiarretan ere. Halaber, nekazaritza eta abeltzaintza sektoreen eta pentsio planen fiskalitatea hobetzea proposatzen zuen.
Sozietateen gaineko zerga dela eta, Navarra Sumaren zuzenketek honako honen alde egiten zuten: tasa orokorrak % 24raino murriztea (orain % 28 dira), tributazio-gutxienekoak murriztea eta enpresa sortu berrientzako tasa murriztuak, % 15ekoak, finkatzea; azken neurri hori ekintzailetzarako babes handiagoa sustatzeko uziarekin lotuta dago.
Ondarearen gaineko zergari dagokionez, Navarra Sumak proposatzen zuen minimo salbuetsia 800.000 eurora igotzea (gaur egun 550.000 euro dira), familia-enpresen fiskalitatea hobetzea eta zerga-ezkutua indartzea, estatuan eta Euskal Autonomia Erkidegoan agindutakoarekin bat etorriz.
Azkenik, oinordetzen eta dohaintzen gaineko zerga dela eta, tarte salbuetsia 400.000 euroraino igotzea (orain 250.000 euro dira) eta gainerako tarteetarako % 0,8ko tasa berreskuratzea defendatzen zuen.
Izquierda-Ezquerrak aurkeztutako hamar zuzenketak ere baztertu egin dira; haien helburua zen, “justizia fiskalaren” mesedetan, gutxi gorabehera “200 milioi gehiagoren” bilketa ahalbidetzea, batez ere sozietateen gaineko zergaren bidez. “Galerengatiko konpentsazioak, zerga-oinarriak eta kenkariak” atalean eskatzen zituen aldaketetako batek ere ez du babesik lortu.
Onetsitako 12 zuzenketen zerrenda
- Foru Lege proiektuaren lehen artikuluari (Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legea) hamar bis apartatua gehitzea, 62.13 artikuluaren d) letra aldatzeko eta e) letra gehitzeko. Hala, d) letraren oraingo edukia e) letrara pasatuko da, 2022ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin:
“d) Baldin eta subjektu pasiboaren errentak, salbuetsiak barne, zergaldian 30.000 euro baino gehiago ez badira, hauek izanen dira a) letran ezarritako kenkari ehunekoak, hurrenez hurren: 100eko 35 ibilgailu elektrikoetarako eta 100eko 10 ibilgailu hibrido entxufagarrietarako. Subjektu pasiboa familia unitate batean badago, errenta muga hori ezin izanen da 60.000 euro baino gehiago izan eta familia unitate osoari egokituko zaio”.
EH Bilduk aurkeztuta. PSNren, Geroa Bairen, EH Bilduren, Podemos-Ahal Duguren eta Izquierda-Ezkerraren aldeko botoekin eta Navarra Sumaren kontrako botoarekin onetsita.
- Foru Lege proiektuaren bigarren artikuluari (Sozietateen gaineko Zergari buruzko Foru Legea) hamaikagarren apartatua gehitzeko zuzenketa. Hamaseigarren xedapen gehigarria gehitzen da, 2022ko urtarrilaren 1etik aurrera hasten diren zergaldietarako ondorioekin:
“1. Nafarroako autobidea eraiki, kontserbatu eta ustiatzeko oinarrien pleguak onesteko Nafarroako Foru Diputazioak 1972ko irailaren 1ean hartutako Erabakian ezarritako zerga-onurak ez dira aplikatuko 2022ko urtarrilaren 1etik aurrera hasten diren zergaldietan.
2. Erabaki horretan aurreikusitakoarekin bat zerga horretan salbuespena izan duten onuretatik datozen dibidenduek ez dute 35. artikuluko salbuespenerako eskubidea emanen”.
EH Bilduk aurkeztuta. PSNren, Geroa Bairen, EH Bilduren, Podemos-Ahal Duguren eta Izquierda-Ezkerraren aldeko botoekin eta Navarra Sumaren kontrako botoarekin onetsita.
- Foru Lege proiektuaren bigarren artikuluari (Sozietateen gaineko Zergari buruzko Foru Legea) hamaikagarren apartatua gehitzeko zuzenketa. Hamazazpigarren xedapen gehigarria gehitzen da: “2022. urtean hasten diren zergaldietan likidazio oinarri negatiboak murrizteko mugak”.
Podemos-Ahal Duguk aurkeztuta. PSNren, Geroa Bairen, EH Bilduren, Podemos-Ahal Duguren eta Izquierda-Ezkerraren aldeko botoekin eta Navarra Sumaren kontrako botoarekin onetsita.
- Foru Lege proiektuaren laugarren artikuluari (Ondare eskualdaketen eta egintza juridiko dokumentatuen gaineko zergaren testu bategina) bost bis apartatua gehitzeko zuzenketa. 35.II artikulua gehitzea; horren bidez, “8. eta 26. apartatuak indargabetzen dira, 2022ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin”.
PSNk, Geroa Baik eta Podemos-Ahal Duguk aurkeztuta. Aho batez onetsita.
- Foru Lege proiektuaren laugarren artikuluari (Ondare eskualdaketen eta egintza juridiko dokumentatuen gaineko zergaren testu bategina) lau bis apartatua gehitzeko zuzenketa. 35.I.B artikuluari 33. apartatua gehitzea, 2022ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin. Honako hau da haren edukia:
“33.1. Bonu bermatuei buruzko Europar Batasuneko zuzentarauaren transposizioa, inbertsio kolektiboko erakundeen mugaz haraindiko banaketari buruzkoarena, datu irekiei eta sektore publikoko informazioaren berrerabilerari buruzkoarena, egile eskubideen erabilerari eta lineako transmisio jakin batzuetan eta irrati eta telebista programen birtransmisioetan aplikatu beharreko antzeko eskubideen erabilerari buruzkoarena, inportazio eta hornidura jakin batzuetarako aldi baterako salbuespenei buruzkoarena, kontsumitzaileei buruzkoarena eta garbiak eta energiaren ikuspegitik efizienteak diren errepideko garraioko ibilgailuen sustapenari buruzkoarena egiteko azaroaren 2ko 24/2021 Errege Lege Dekretuan araututako bonu bermatuen, hipoteka partaidetzen eta hipoteka eskualdaketaren ziurtagirien jaulkipena, eskualdaketa, amortizazioa eta itzulketa.
2. Erakunde jaulkitzailea konkurtsoan sartzen denerako xedatutako ondare bereizia eratzeko aktiboen eskualdaketak eta jaulkipenak batera finantzatzeko beste kreditu erakunde batera egiten diren maileguen eskualdaketa, 24/2021 Errege Lege Dekretuaren 14. artikuluan xedatutakoaren arabera”.
PSNk, Geroa Baik eta Podemos-Ahal Duguk aurkeztuta. Aho batez onetsita.
- Foru Lege proiektuaren zortzigarren artikuluari (Tasa eta Prezio Publikoei buruzko Foru Legea) bis apartatua gehitzeko in voce zuzenketa. 23. artikulua gehitzea, eduki honekin:
“Funtzio publikoan sartzeko hautapen prozesuetan parte hartzeko eskubideengatiko tasa.
1. Zerga-egitatea. Administrazioak funtzio publikoan sartzeko hautapen prozesuetan parte hartzeko behar diren zerbitzuak ematea da tasaren zerga egitatea.
2. Subjektu pasiboak. Zerga-egitatea osatzen duten zerbitzuak emateko eskatzen duten pertsona fisikoak dira tasaren subjektu pasiboak.
3. Sortzapena. Hautapen prozesuetan inskribatzeko eskaera aurkezten den unean sortuko da tasa.
4. Tarifak. Tasa tarifa hauen arabera eskatuko da:
1) tarifa. Karrerako funtzionario gisa A mailako taldean sartzeko: 41,60 €.
2) tarifa. Karrerako funtzionario gisa B mailako taldean sartzeko: 41,60 €.
3) tarifa. Karrerako funtzionario gisa C mailako taldean sartzeko: 26,00 €.
4) tarifa. Karrerako funtzionario gisa D mailako taldean sartzeko: 15,60 €.
5. Salbuespenak.
a) 100eko 33ko edo gehiagoko desgaitasuna duten pertsonak.
b) Gutxienez hautapen probaren deialdia argitaratu baino hilabete bat lehenago langabe gisa inskribatutako pertsonak”.
PSNk, Geroa Baik eta Podemos-Ahal Duguk aurkeztuta. Aho batez onetsita.
- Foru Lege proiektuaren hamargarren artikulua (Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legea) aldatzeko zuzenketa. Lehen apartatuan 162.1 artikulua aldatzen du eta hamargarren artikuluaren oraingo edukia bigarren apartatura pasatzen du, lehen paragrafoa aldatuz baina hiri-lurren balio-gehikuntzaren gaineko zergan aplikagarriak diren gehieneko koefizienteak proiektuan onetsi ziren moduan mantenduz. Zuzenketak trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zergaren tarifak % 3,2 eguneratzea jasotzen du, 2020ko ekainetik 2021eko ekainera arteko KPIaren gehikuntzarekin bat etorriz.
PSNk, Geroa Baik eta Podemos-Ahal Duguk aurkeztuta. PSNren, Geroa Bairen, EH Bilduren, Podemos-Ahal Duguren eta Izquierda-Ezkerraren aldeko botoekin eta Navarra Sumaren abstentzioarekin onetsita.
- Foru Lege proiektuaren lehen bis xedapen gehigarria gehitzeko zuzenketa. Hona hemen edukia: “2022. urtean likidatuta desegitea erabakitzen duten kapital aldakorreko inbertsio sozietate jakin batzuen bazkideei aplikatu beharreko zerga-araubidea.
1. Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren, sozietateen gaineko zergaren edo ez-egoiliarren errentaren gaineko zergaren ondorioetarako, Sozietateen gaineko Zergaren azaroaren 27ko 27/2014 Legearen berrogeita batgarren xedapen iragankorraren 1. apartatuan ezarritakoarekin bat etorriz likidatuta desegiten diren kapital aldakorreko inbertsio sozietateetako bazkideek ez dituzte beren zerga-oinarrian sartuko erakundearen likidaziotik datozen errentak, baldin eta likidazio kuota gisa egokitzen zaizkien diru edo ondasun guztiak berrinbertitzen badituzte 27/2014 Legearen 29.4 artikuluaren a) eta b) letretan xedatutako inbertsio kolektiboko erakundeetako bateko akzioen edo partaidetzen eskurapenean edo harpidetzan, hurrengo paragrafoetan xedatutako moduan eta baldintzetan. Hori eginez gero, eskuratutako edo harpidetutako akzio zein partaidetza berriek likidatu den sozietatearen akzioen eskurapen-balioari eta -datari eutsiko diete. Bazkideak likidatzen ari den sozietateari komunikatu beharko dio aurreko paragrafoan xedatutakoari heltzea erabaki duela; orduan, likidatzen ari den erakundeak ez dio egokitzen zaionari ez inolako dirudik ordainduko ez ondasunik emanen likidazio kuota gisa. Era berean, bazkideak akzioen eskurapen-balioa eta -data egiaztatzeko agiriak eman beharko dizkio sozietateari, hark ez badauka informazio hori. Berrinbertsioak bazkidearen likidazio kuota osatzen duten diru edo ondasun guztiak izan beharko ditu xede, alegia, ezin izanen da berrinbertsio partzialik egin; hala ere, inbertsio kolektiboko erakunde batean edo batzuetan egiten ahalko da. Bazkideak datu hauek emanen dizkio berrinbertsioa eginen duen inbertsio kolektiboko erakundeari: bere identifikazio datuak, likidatzen ari den sozietatearenak, haren erakunde kudeatzailearenak eta erakunde gordailuzainarenak, baita xede-erakundean berrinbertitu beharreko likidazio kuota osatzen duten diru kopurua edo ondasunak ere. Ondorio horietarako, bazkideak harpidetza- edo eskurapen-agindu egokia beteko du eta baimena emanen dio erakunde horri likidatzen ari den sozietatearen aurrean agindua izapidetzeko. Likidatzen ari den sozietateak agindua jasotakoan, berrinbertsioa egiteko, bere gordailuzainari agindu beharko dio berrinbertitu beharreko dirua edo ondasunak likidatzen ari den sozietatearen kontuetatik berrinbertsioa eginen den inbertsio kolektiboko erakundearen kontuetara transferi ditzala, bazkidearen kontura eta hark aginduta. Transferentzia horrekin batera, likidatzen ari den sozietatetik berrinbertituko diren akzioen eskurapen-balioei eta -datei buruzko informazioa aurkeztuko da. Lehen paragrafoan xedatutako tratamendua aplikagarria izateko, likidatuta desegiteko erabakia hartzeko 27/2014 Legearen berrogeita batgarren xedapen iragankorraren 1. apartatuan ezartzen den epetik zazpi hilabete igaro baino lehen egin beharko da berrinbertsioa.
2. Ez da betebeharrik egonen xedapen honek hizpide dituen kapital aldakorreko inbertsio sozietateen likidazioetatik sortutako errentak direla-eta bazkideari dagokion zerga pertsonalaren konturako ordainketak egiteko, 1. apartatuan araututako berrinbertsio araubidearen aplikazioari heltzen diotenean.
3. Xedapen honetan ezarritakoa ez da aplikagarria izanen ez Inbertsio Kolektiboko Erakundeei buruzko azaroaren 4ko 35/2003 Legearen 33 bis artikuluak hizpide dituen inbertsio askeko sozietateak likidatuta desegiten direnean, ez 35/2003 Legea Garatzeko Erregelamenduak, uztailaren 1082/2012 Errege Dekreturen bidez onartuak, 79. artikuluan aipatzen dituen indize kapital aldakorreko inbertsio sozietate kotizatuei dagokienez”.
PSNk aurkeztuta. Navarra Sumaren, PSNren, Geroa Bairen eta Podemos-Ahal Duguren aldeko botoekin eta EH Bilduren eta Izquierda-Ezkerraren abstentzioarekin onetsita.
- Foru Lege proiektuaren lehen ter xedapen gehigarria gehitzeko in voce zuzenketa. Hona hemen edukia:
“Lehen ter xedapen gehigarria. Hirugarren pertsonekiko eragiketen urteko aitorpena.
Ez dute hirugarren pertsonekiko eragiketen urteko aitorpena, azaroaren 8ko 69/2018 Foru Dekretuan araututakoa, aurkezteko betebeharrik izanen, 2021ean hirugarren pertsonekin egindako eragiketei dagokienez, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan errentak esleituta dauzkaten pertsona fisikoek eta erakundeek, zerga horretan zuzeneko zenbatespenaren araubidearen modalitate berezian eta aldi berean balio erantsiaren gaineko zergan araubide berezi erraztuan, nekazaritza, abeltzaintza eta arrantzaren araubidean edo baliokidetasun-errekarguaren araubidean tributatzen duten jarduerengatik, balio erantsiaren gaineko zergaren ondorioetarako faktura jaulkitzen duten eragiketengatik izan ezik.
Aurrekoa gorabehera, balio erantsiaren gaineko zergaren araubide erraztuari heltzen dioten subjektu pasiboek hirugarren pertsonekiko eragiketen urteko aitorpenean sartuko dituzte egin dituzten eta Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak otsailaren 23an emandako 24/2021 Foru Aginduak, zeinaren bidez 2021. urterako garatzen baita balio erantsiaren gaineko zergaren araubide erraztua, 4. artikuluan aipatzen duen jasotako fakturen erregistro liburuan idatzi behar diren ondasunen eta zerbitzuen eskurapenak. Xedapen hau erregelamendu bidez aldatzen ahalko da”.
PSNk, Geroa Baik eta Podemos-Ahal Duguk aurkeztuta. PSNren, Geroa Bairen, EH Bilduren, Podemos-Ahal Duguren eta Izquierda-Ezkerraren aldeko botoekin eta Navarra Sumaren kontrako botoarekin onetsita.
- Foru Lege proiektuaren xedapen indargabetzailea aldatzeko zuzenketa. Honela gelditzen da:
“1. 2022ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin, zenbait zerga aldatu eta beste tributu-neurri batzuk hartzeari buruzko abenduaren 28ko 25/2016 Foru Legearen zazpigarren artikulua indargabetzen da.
2. 2023ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin, honako hauek indargabetzen dira:
a) Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariak otsailaren 19an emandako 73/2014 Foru Agindua, zeinaren bidez arautzen baita Nafarroako Foru Komunitateko bikote egonkorren erregistro fiskalaren edukia eta funtzionamendua.
b) Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariak apirilaren 4an emandako 117/2014 Foru Aginduan, zeinaren bidez “Helbide aldaketaren edo norberaren edo familiakoen datuen aldaketaren berri ematea. Bikote egonkorren erregistro fiskala” izeneko 030 eredu berria onesten baita, bikote egonkorren erregistro fiskalari buruz egiten diren aipamenak. Zehatz-mehatz, “bikote egonkorren erregistro fiskala” aipamena izenburutik kentzen da eta artikulu hauek indargabetzen dira: 2.4, 2.5, 3.2 (tartekia: "…edo bikote egonkorren Erregistro fiskaleko inskripzioa bertan behera uzteko eskatzen denean…") 3.3, 6.1 d) eta 6.2”.
PSNk, Geroa Baik eta Podemos-Ahal Duguk aurkeztuta. Aho batez onetsita.
– Foru Lege proiektuari azken xedapenetako lehen bis xedapena gehitzeko zuzenketa, zeinaren bidez Nafarroako Hondakin Uren Saneamenduari buruzko Foru Legea aldatzen baita. 2022ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin, Nafarroako Hondakin Uren Saneamenduari buruzko abenduaren 29ko 10/1988 Foru Legearen 13. artikulua aldatzen da eta honela idatzita gelditzen da:
“13. artikulua.
1. Saneamendu kanonaren tarifak honako hauek izanen dira:
a) Uraren etxeko erabilerak, saneamendu sare publikoetara konektatuak: 0,597 euro metro kubikoko.
b) Uraren etxez kanpoko erabilerak, saneamendu sare publikoetara konektatuak: 0,715 euro metro kubikoko. Hala badagokio, erregelamenduz ezarritako kutsadura-kargagatiko indize zuzentzailea aplikatuko da.
c) Saneamendu sare publikoetara konektatuta ez dauden eta erakunde eskudunek emandako beharrezko administrazio baimenak dauzkaten erabiltzaileak: 0,086 euro metro kubikoko. Ibilgu publikora isurtzeko baimenean ezarritako baldintzak betetzen ez badira, bidezkoa den tarifa, a) edo b) letretan ezarritakoa, aplikatuko da.
2. Ura banatzen duten erakundeek ur horniduraren eremuan zehazten dituzten irizpideak aplikatzen ahalko dizkiote saneamendu kanonari, ihes ezkuturik egonez gero isuritako emaria zenbatesteko. Ihes gisa zenbatetsitako bolumenari aplikatu beharreko tarifa 1 c) apartatuan ezarritakoa izanen da.
3. Ura banatzen duten erakundeek horniduragatiko tasak arautzen dituzten ordenantzetan ezarritakoa aplikatzen ahalko diote saneamendu kanonari, hobari sozialak aplikatu behar diren kasuetan.
4. Hauek izanen dira titulartasun pribatuko arazketa instalazioetatik datozen lohiak, Nafarroako Ibaien Saneamendurako Plan Zuzentzaileari atxikitako hondakin uren araztegietako lohi lerroetan onartuta daudenak, tratatzeagatiko tarifa aplikagarriak: Gehienez 5 m³: 42,50 €. Gehienez 10 m³: 85,00 €. 10 m³ baino gehiago: 8,50 €/m³.
5. Aurreko zenbatekoei dagokien balio erantsiaren gaineko zerga gehituko zaie.
6. Tarifak printzipio hauen arabera eguneratuko dira:
a) Nahikotasun finantzarioa, foru lege honetan aipatutako beste baliabide batzuekin batera bertan xedatutako helburuak erdiestea ahalbidetu ahal izateko.
b) Gehikortasuna ezarketan.
c) Erabiltzaileen tratu berdintasuna, sortzen duten kutsadura mailaren arabera”.
PSNk, Geroa Baik eta Podemos-Ahal Duguk aurkeztuta. Aho batez onetsita.
– Foru Lege proiektuaren azken xedapenetako lehen ter xedapena, zeinaren bidez Foru Komunitateko zergadunek gizarte-intereseko beste xede batzuetarako bideratzen duten tributuen 100eko 0,7 arautzen baita, gehitzeko zuzenketa. 2021eko urtarrilaren 1etik aurrera hasitako zergaldietarako ondorioekin, Foru Komunitateko zergadunek gizarte-intereseko beste xede batzuetarako bideratzen duten tributuen 100eko 0,7 arautzeko ekainaren 5eko 7/2009 Foru Legeko manuak, zeinak jarraian zerrendatzen diren, honela idatzita geldituko dira:
“Bat. 1. artikulua.
PFEZaren eta sozietateen gaineko zergaren aitorpena egitean “gizarte-intereseko beste xede batzuk” hautatu duten zergadunen kuota osoen baturari 100eko 0,7 aplikatzetik ateratzen den zenbatekoak berariazko atxikipena izanen duen aurrekontuko partida bat osatuko du urte bakoitzeko Nafarroako Aurrekontu Orokorretan, “gizarte-intereseko beste xede batzuetarako 100eko 0,7ko funtsa” izenekoa.
Bi. 4 bis.1 artikulua. Hiru hilabeteko epean, urteko errenta kanpaina bukatu eta gero, gizarte-entitateentzako dirulaguntzetarako deialdiak onetsiko dira. Aipatu deialdiak aribideko urtea bukatu baino lehen ebatziko dira, hurrengo urteko urtarriletik aurrera bete ahal izan daitezen. Sozietateen gaineko zergari dagokion urteko esleipena zehazteko ondorioetarako, aurreko hamabi hilabeteetan, aribideko urteko uztailaren 31tik aurrera, aurkeztutako autolikidazioetatik ateratako kuota osoak hartuko dira kontuan. Aldez aurretik, Nafarroako Gobernuak eta gizarte-entitateek adostuak izanen dituzte zeintzuk izanen diren deialdi horien bidez dirulaguntzak jaso behar dituzten jarduketa ildo nagusiak; deialdi horiek Nafarroako Gizarte Ongizatearen Kontseiluari eta Nafarroako Ingurumen Kontseiluari bidaliko zaizkie, horien berri izan eta onets ditzaten.
Hiru. 7. artikulua, bigarren paragrafoa. Foru lege honen 3. artikuluan zehaztutako multzo bakoitzeko behar adina deialdi eginen dira, harik eta aribideko aurrekontu ekitaldian ateratzen den “gizarte-intereseko beste xede batzuetarako 100eko 0,7ko funts” guztia agortu arte”.
PSNk, Geroa Baik eta Podemos-Ahal Duguk aurkeztuta. Aho batez onetsita.