Hitzarmen Ekonomikoari buruzko II. mintegiari hasiera eman diote
Catalan Hitzarmen Ekonomikoa azkar berritu delako poztu egin da, zerga eta tributu-autogobernuak "krisia gainditzeko eta berreskurapena finkatzeko" duen erabilgarritasunean pentsatuta
Nafarroako Parlamentuko lehendakariak, Alberto Catalanek, Hitzarmen Ekonomikoa delakoari buruzko II. mintegiari hasiera eman dio gaur arratsaldean. Zikloa NUPek eta NUk antolatu dute, hitzarmena berritzea xede duten negoziazioen hasiera eta bukaerarekin bat eginda, “zergen eta tributuen autogobernuaren egia, funts juridiko eta konstituzionala eta Espainiako gainerako herrialde guztiei dagokienez duen izaera solidario eta justua” jakitera emateko.
Hasiera emateko egin duen parte-hartzean, lehendakariak “gure foru erregimenaren oinarrizko tresna hau jakitera ematea” laguntzea xede duen ekimen honek izaera akademikoa duela azpimarratu du. “Erresuma zahar honen idiosinkrasia ulertzeko oinarrizko eta funtsezko kontu bat da, zergak ezarri eta jasotzeko gaitasunaz ari baikara, zertarako eta, gainerako espainolekin legezko armonizazio logiko baten barruan, egoki irizten diren politika publikoei baliabideak bideratu ahal izateko”.
Ildo horretan, Catalanek berretsi duenez mintegiaren xedeetako bat “Foru Komunitatearen finantza- eta tributu-erregimenaren azterketa konparatua sustatzea” da, izan ere, “sistema berezia da, baina ez bakarra, gero eta zorrotzagoak diren Europako arauei eta ekonomien arteko menpekotasun progresiboari jarraiki testuinguruan kokatu behar direnak”.
Horren harira, lehendakariak batzuetan sistema horiek “interpretatzerakoan” sortzen diren “desadostasunak” aipatu ditu. “Hitzarmenarekin gertatu zaigu, baina horretarako daude arbitraje-batzardeak. Edonola ere, gaur goizean argi geratu den moduan, administrazioen artean adostasunetara iristeko nahia dagoenean ez dago konpondu ezin den desadostasun edo istilurik”.
Amaitzeko eta “funtsik gabeko erasoen” aurrean, lehendakariak Negozioazio Batzordean parlamentu-talde guztiak daudela azpimarratu du eta, Hitzarmen Ekonomikoa azkar eta arrakastaz berritu delako poztu egin da, eta ondoren, batasunerako deialdia egin du, horrakoan ere zerga- eta tributu-autogobernuak “krisia gainditzeko eta berreskurapena finkatzeko” duen erabilgarritasunean pentsatuta.
Jarraian, Hitzarmen Ekonomikoa Nazioarteko eta Europako Testuinguruan gaiari buruzko mahai ingurua hasi da. Hugo Lopez Lopez NUPek kontratatutako irakasle doktorea izan da moderatzailea. Bertan izan dira Juan Jose Zornoza Perez, Madrileko Carlos III unibertsitateko finantza eta zerga zuzenbidean katedraduna eta erkidego autonomoei lagatutako estatuaren tributuen alorreko istiluen ebazpenerako arbitraje batzordeko lehendakaria, eta Ignacio Borrajo Iniesta, zuzenbide administratiboan katedraduna eta Konstituzio Auzitegiko oposizio bidezko legelaria.
Juan Jose Zornozak, erkidego autonomoei lagatutako estatuaren tributuen alorreko istiluen ebazpenerako arbitraje batzordeko lehendakariak, Hitzarmen Ekonomikoak “zalantzarik gabe” Konstituzioan lekua duela defendatu du eta “ez litzateke zalantzarik egon beharko”, “nahiz eta Estatuak eta Foru Erkidegoak hura edo zenbait klausula era ezberdinean interpretatu”.
"Europako eta nazioarteko esparruek erreferentzia marko bat osatzen dute, Foru Komunitateak den moduan, muga baten moduan, aprobetxatzen jakin behar duena. Alde batetik, Nafarroaren eskumenak erabiltzeko, Europako armonizazio arauei jarraiki. Eta bestetik, bere zerga sistema ahalik eta era lehiakorrenean arautzeko aukera gisa”, esan du.
Juan Jose Zornozak adierazi duenez, Hitzarmen Ekonomikoak “autonomia aukera handiagoa ematen dio Nafarroari, baina ez du zertan inongo abantailarik ekarri behar, presio efektibo osoa estatukoaren antzekoa izan behar baita”.
"Hortaz, pribilegioa baino erkidego autonomoaren zerga erregimenaren ezberdintasuna da”, azpimarratu du Zornozak, Jarraian, Hitzarmen Ekonomikoak Europan lekua izaten jarraituko duela nabarmendu du.
Ildo horretan, esan duenez, “gertatzen dena da ziurrenik geroz eta txikiagoa izango da Nafarroako Parlamentuak diskrezio politikorako izango duen tartea”, baina “ez du zertan guztietan izan behar”, izan ere “inposaketa zuzenean ez dago armonizaziorik, zenbait erregimen berezietan bakarrik”. Hortaz, gaineratu du, “sozietateen gaineko zergari edo PFEZri dagokionez ezberdintzeko aukera egongo da oraindik”.
Iristear dagoen Hitzarmen Ekonomikoaren eguneraketari dagokionez (akordioa aldez aurretik Nafarroako Parlamentuak eta Gorte Nagusiek onetsi behar dute), Zornozak esan duenez “argitu beharko litzateke erkidego autonomo guztientzat tributu propioak sortzeari dagokionez dauden mugak zein punturaino aplikatu daitezkeen hitzartuta ez dauden tributuekin alderatuta, Hitzarmenaren ondoren sortu diren tributu-figura berriak baitira. Hori argitu beharko litzateke beharrezkoak ez diren liskarrak saiheste aldera”.
Bestalde, Ignacio Borrajok, zuzenbide administratiboan katedradunak eta Konstituzio Auzitegiko oposizio bidezko legelariak, esan duenez Hitzarmen Ekonomikoa “lege bat da eta legeak seriotasun handiz hartu behar dira. Pribilegioak XVIII. mendean ezeztatu ziren, jada ez dago pribilegiorik”, nabarmendu du. Jarraian, azpimarratu du ezen “foru erregimenaren oinarriak negoziazioa eta hitzarmena” direla.
Hurrengo hitzordua martxoaren 3an (19:00) eta Hitzarmen Ekonomikoa Espainiako Konstituzioaren esparruan gaiari buruzkoa izango da. Gai horri buruz eztabaidatuko dute Rosana Navarro Heras koordinazio autonomiko eta lokaleko idazkari nagusiak eta Violeta Ruiz Almendral Madrileko Carlos III unibertsitateko irakasle tituludun eta Konstituzio Auzitegiko legelariak. Moderatzailea Eugenio Simon Acosta izango da, Nafarroako Unibertsitateko finantza eta tributu zuzenbideko katedraduna eta Nafarroako Kontseiluko lehendakaria.