Noiz argitaratua Asteartea, 2017.eko Martxoak 7

CAN Fundazioaren aktak eskuratzeari buruz Gobernuak ematen duen erantzunaren zain dago Ikerketa Batzordea

UPNk txosten juridiko bat eskatu du zehaztu dadin ea aktak eskuratzeak Nafarroako Kutxa eta Banca Cívica hartzen dituen. Zerga Ogasunak Viálogos SLri buruzko informazioa ukatu du

Nafarroako Kutxaren desagerpenari buruzko Ikerketa Batzordeak gaur erabaki du CAN Fundazioaren 2002tik 2012ra bitarteko bileren aktak eskuratzeari buruz Nafarroako Gobernuak ematen duen erantzunaren zain geratzea (bihar amaituko da epea). Erantzuna positiboa bada, UPNren eskaerari baiezkoa emanen dio, Parlamentuko zerbitzuen txosten juridikoa zabaltzeko eskatu baitu.

 

Erabakiak Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu, PSN eta I-Eren babesa izan du. PPNk UPNren jarrerarekin bat egin du. Izan ere, UPNk eskatu du ezer baino lehen Parlamentuko zerbitzu juridikoek otsailaren 24an Batzordeari aurkeztutako txostenaren osagarri bat egin dadila, zeren eta uste baitu ez dela argi geratu aktak eskuatzeko aukerak soilik CAN Fundazioarenak hartzen dituen edo jada desagertu diren Nafarroako Kutxarenak eta eta Banca Cívicarenak ere hartzen dituen.

 

2002tik 2012ra bitarteko bileren aktak eskuratzea zela-eta CAN Fundazioak argudiatutako legezko mugei buruzko lehen txosten haren babesean, Ikerketa Batzordeak erabaki zuen Foru Exekutiboari eskatzea “balioets dezala bidezkoa den ala ez haiek Parlamentuaren esku uztea”.

 

Baldin eta Gobernuak ulertzen badu Ikerketa Batzordeak akta horien gaineko kontrol-ahalmenak dituela —horri buruzko iritzia martxoaren 8a baino lehen eman behar du—, eskatzen da Exekutiboaren egoitzetan toki bat presta dadila, non batzordekideek lan egin ahalko zuten akta horien edukiari buruz, sekretua eta konfidentzialtasuna behar bezala errespetatuz. Kasu horretan, apirilaren 30a ezartzen da gutxi gorabeherako epe gisa.

 

Aipatutako erabakiek, Geroa Bairen, EH Bilduren, Podemos-Ahal Duguren, Izquierda-Ezkerraren eta PSNren aldeko botoekin eta UNPren aurkako botoarekin onetsitakoek (PPNk ez zuen parte hartu otsailaren 24ko bileran), abiapuntua dute Ikerketa Batzordeko buru Unai Hualdek, Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilariaren komunikazio bati erantzuteko, eskatutako txostenean. Hartan, aditzera ematen zen ezen Nafarroako Gobernuak, CAN Fundazioaren babesletza-eginkizunean, aktei buruzko hainbat dokumentu jasoak zituela, haien erabilera murriztuari buruzko ohartarazpen batzuekin batera, zeren eta “izaera pertsonaleko datuen babesari buruzko araudiak ukitutako informazioa” baitzuten.

 

UPNk gaur justifikatu du beste txosten juridiko bat eskatzea, zeren eta uste baitu “oraindik ere funtsezko galderari ez zaiola erantzun: ea Nafarroako Gobernuaren babesletza-eginkizuna Nafarroako Kutxa Fundazioaren jardueraren kontrolera mugatzen den ala, aitzitik, desagertutako Nafarroako Kutxaren eta Banca Cívicoaren organoek hartutako erabakiak ere hartzen dituen; izan ere, azken horiek aktak Fundazio horri gordailuan eman zitzaizkion, zain zitzan”.

 

Hortik aurrera, eta Parlamentuaren zerbitzu juridikoek aurreko galderari buruz azaldu duten jarreraren arabera, UPNk Ikerketa Batzordea premiatzen du bi hauetatik bat egin dezan: edo “birpentsa dezan, legearen aurkakoa izateagatik, aktak eskuratzeari buruz egin duen eskaera”, edo berma dezan haien eskuratzea “proportzionatua izanen dela eta konfidentzialtasuna babestuko dela”. Horri dagokionez, galdetzen du ea, datu pertsonalen filtraziorik izatekotan, parlamentariak “erantzule subsidiariotzat” hartu ote litezkeen.

 

Gai hauek guztiak txosten juridiko berri batean argitu beharko dira, behin Nafarroako Gobernuak bihar erabakitzen duenean bidezkoa den ala ez Ikerketa Batzordeak akta horiek eskuratzea.

 

Testuinguru horretan, Ikerketa Batzordeak gaur ezagutu du Nafarroako Zerga Ogasuneko zuzendari kudeatzailearen ebazpena, zeinaren bidez ukatzen baitu ”Viálogos Capital Humano SLren langileei 2014tik 2010era egindako atxikipenen aitorpenei buruz eta aldi horretan bertan hirugarrenekin egindako eragiketen aitorpenei buruz” eskatutako informazioa.

 

Azaroan Podemos-Ahal Duguk egindako eskaera bat da hori Ikerketa Batzordearen azken saioan berretsia. Eskaera hori mahai gainean geratu da, bidezkoa bada, eskaera berriz egin ahal dadin.

 

Nafarroako Zerga Ogasuneko zuzendari kudeatzaileak argudiatzen du ezen, eskaeran “ez denez hirugarrenik (pertsona fisikoak eta CAN eta Viálogos ez diren entitateak) zehazten, zeinei buruzko informazioa beharrezkoa baita Batzordearen xedeetarako, itxura guztien arabera aitorpen horietan jasotako datuen komunikazio orokor eta bereizketarik gabeko bat egitea bateraezina dela Datuen Babesari buruzko Lege Organikoaren 4. artikuluarekin, eta, zehazkiago, azaroaren 9ko 21/1994 Legearen artikulu bakarraren 2. lerrokadako bigarren idatz-zatiarekin; azken lege horrek ezartzen du Nafarroako Parlamentuaren ikerketa batzordeek eskatutako zenbait datu komunikatzeko derrigorrezkotasuna.

 

Bestalde, eta jada informatu zen bezala, Ikerketa Batzordeak aurreko bileran erabaki zuen maiatzaren 10a ezartzea agerraldi eskaerak eskatzeko epe-muga orientagarri gisa. Horiek, berriz ere modu orientagarrian aurreratu zenaren arabera, maiatzaren 15etik ekainaren 15era eginen lirateke. Hala bada, ondorioen aurkezpena eta lanen amaiera, luzapen berririk ezean, ekainaren 30erako aurreikusi dira.

 

Onetsitako arauei jarraituz, 2016ko apirilaren 27an eratutako Ikerketa Batzordeak helburu du jakitea eta zehaztea Nafarroako Kutxaren eta haren Enpresa Korporazioaren nahiz lotutako gainerako enteen jarduketak bat etorri ote ziren sorrerako printzipioekin, eta argitzea zein den desagertzeren ondorengo ondare-multzoaren gaurko egoera.

 

Unai Hualde (Geroa Bai parlamentu-taldea) buru izan duen gaurko bileran, honako hauek egon dira: Luis Zarraluqui, Luis Casado (UPN parlamentu-taldea), Koldo Martínez (Geroa Bai parlamentu-taldea), Adolfo Araiz, Maiorga Ramírez (EH Bildu parlamentu-taldea), Tere Sáez, Fanny Carrillo (Podemos-Ahal Dugu parlamentu-taldea), Guzmán Garmendia, Inma Jurío (PSN parlamentu-taldea), Ana Beltrán (PPN foru parlamentarien elkartea) eta Marisa de Simón (Izquierda-Ezkerra foru parlamentarien elkartea).