Noiz argitaratua Osteguna, 2017.eko Martxoak 9

Gobernuak bere gain hartu du emakumezkoen kirola sustatzeko erronka

UPNren jabeldura bati erantzunez, non adierazten baita Gobernuak egindako azterlana motz gelditu dela, “zenbakien atzean ezkutatzen diren arrazoiak falta dituelako”

Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariak, Ana Herrerak, gaur Foru Parlamentuan aitortu du asko dagoela egiteko Nafarroan emakumezkoen kirolari bultzada emateko, baina dagoeneko lanean hasi direla baieztatu du.

 

Mulier Fútbol Club emakumezko futbol taldearen ordezkariak kontroleko osoko bilkuran izan dira. Herrerak esan du emakumezkoek presentzia urria dutela bai kirol jardueretan —neskek gazteago uzten diote kirolean aritzeari— bai kirol estamentuetan, eta egoera zuzentzeko Gobernuak egin duen planean jasotako ekintzak azaldu ditu.

 

Cristina Altuna UPNko parlamentariaren jabeldura bati erantzunez egin ditu adierazpen horiek kontseilariak. “Askotan emakumezkoen kirola egon ere ez dago, ikusezin bihurtzen da", salatu du Cristina Altunak, eta adibide gisa aipatu du hedabideetan ez dutela oihartzun bera izaten emakumezkoen kirolak eta gizonezkoen kirolak, olinpiar jokoak bezalako gertakarietan. Sexu estereotipoen araberako tratua ere gainditu beharra dagoela gehitu du.

 

Emakumeek ordezkaritzarik ez duten esparruetan haien presentzia sustatzeko garaian Administrazioak duen erantzukizuna nabarmendu du Altunak, eta beharrezkotzat jo du kirolaren ikuspegi orokorra izatea, kirolak gizarte osoari dakarkiolako onura.

 

Nafarroan, 2015ean, guztira erregistratutako 75.343 lizentzien % 73,95 gizonezkoen mailei zegozkien (55.720 lizentzia), eta % 26,04, berriz, emakumezkoen mailei (19.623 lizentzia).

 

Altunaren iritziz, Gobernuak egindako azterlana "motz gelditu da", zenbakien atzean ezkutatzen diren arrazoiak ezagutzeko landa-azterketa zabala egin behar delako.

 

Bere hitzaldian, kontseilariak adierazi du emakumezkoen kirolaren sustapena kirol arloko ildo estrategiko bat dela, eta Kirol Jokoetan nahiz kirol federatuan emakumeek duten egoerari buruz egindako azterlanaren nondik-norakoak azaldu ditu.

 

Kirol Jokoetan 8 eta 16 urte bitarteko haurrek parte hartzen dute. Iaz parte-hartzaileak 21.000tik gora izan ziren, haietatik % 36 neskak. Eskola kirolean neskatxen % 50 baizik ez dira hasten, eta mutikoen artean, berriz, % 90 hasten dira. Kirol mailetan gora egin ahala kirolarien kopuruak behera egiten du bi taldeetan, baina nesken taldean gehiago, eta federatutako neskak % 13 baino ez dira.

 

Horregatik, kirolean hasteko ereduaren berrikuspena izanen da neurrietako bat, neskek kirolean aritzeari utz ez diezaioten. Emakumezko entrenatzaile, epaile eta klub-zuzendarien presentzia indartzeko neurriak ere sustatuko dira (37 federazioetatik 3k baino ez dute emakumezko lehendakaria).

 

Planean jasotako beste neurri batzuen bidez genero ikuspegia txertatu nahi da kirol teknikarien prestakuntzan, eta laguntzen deialdiak berrikusi nahi dira, berdintasunerako baldintzak betetzeari buruzko klausulak eransteko.

 

Ana Herrerak iragarri duenez, Ogasunarekin ere lanean ari dira, emakumeen bereizketa positiborako kirol arloko pizgarri fiskalak berrikusten. Horrekin batera, emakumeen presentzia sustatzen ari dira beren komunikazio-tresnen bidez, eta hainbat kirol erakunderekin harremanetan ari dira emakumeentzako kirol eskaintza hobetzeko.

 

Estereotipoak eta bereizkeriazko jarrerak ezabatzea dute beste helburu bat.

 

Consuelo Satrustegik (Geroa Bai parlamentu-taldea) ontzat eman ditu iragarritako ekintzak, eta bereizkeria zuzentzen lagunduko duten ekintza guztien alde agertu da. Ondoren Asun Fernández de Garaialdek (EH Bildu parlamentu-taldea) esan du jarduera fisikoa eskubide bat dela, gizarteratzeko nahiz gizarte-kohesiorako faktorea izateaz gainera, eta kirolean bereizkeria oro saihestu behar dela.

 

Mikel Builek (Podemos-Ahal Dugu parlamentu-taldea) "kirol jardueran emakumeen ikusezintasuna eta ordezkaritza urria” zuzentzen ahalegintzeko deia egin du. Nuria Medinak (PSN) ere gauza bera azpimarratu du, eta, beste neurri batzuen artean, beharrezkotzat jo du hezkidetza plan bat, neurri zehatzak bildu behar dituena.

 

Javier Garcíak (PPNko foru-parlamentarien elkartea) eskatu du emakumezkoen kirola susta dadila, emakumeek kirol jardueraren maila guztietan parte har dezatela eta estereotipoak bazter daitezela.

 

Marisa de Simón (Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkartea) Gobernuaren planaren alde agertu da, datuak hobetu daitezkeela uste duelako, eta ondoren "arazoaren iturriei” ekiteko eskatu du.