Osasun eta Hezkuntza batzordeek bisita egin dute Albaceteko Medikuntza Fakultatera
Ezarpen eta abiarazte prozesua ezagutzeko, bai ekonomiaren, ekipamenduen eta antolamendu akademikoaren aldetik, bai tokiko osasun-sistemarekiko sinergien aldetik
Nafarroako Parlamentuko Osasun eta Hezkuntza batzordeek gaur bisita egin dute Albaceteko Medikuntza Fakultatera, UPN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu, PSN, PPN eta I-E taldeek hala eskaturik. Metodologiari dagokionez zentro “berritzailea” da, ia 20 urte bete ditu, eta gaur egun 680 ikasle ditu, horietatik 120 lehen kurtsokoak.
Parlamentari hauek joan dira bisitan: Consuelo Satrustegi (Geroa Bai talde parlamentarioa), Bakartxo Ruiz, Miren Aranoa (EH Bildu talde parlamentarioa), Tere Sáez (Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioa) eta Nuria Medina (PSN talde parlamentarioa).
Honako hauek egin diote harrera Nafarroako ordezkari taldeari: UCLMko Transferentzia eta Berrikuntzako errektoreorde Ángela Gonzálezek; Albaceteko Medikuntza Fakultateko dekano José Martínezek, errektorearen Osasun Zientzietarako delegatu José Monchok, eta Ricardo Insausti Anatomia Patologikoko katedradun nafarrak.
Hasierako hitzetan foru-parlamentariek zehaztu dutenez, bisitaren helburua izan da “hurbiletik ezagutzea Albaceteko Medikuntza Fakultatearen urratsez urratseko ezarpen prozesua, azken hogei urteetan goreneko postuetan ibili baita unibertsitate publikoen sailkapenean. Gainera, lurralde honek Nafarroaren antzeko ezaugarriak ditu”.
Ondoren egin den bileran, Medikuntzako fakultate bat abian jartzeko giltzarri diren gai asko aipatu ditu José Martínezek: instalazioak, ikasketen antolamendua, irakasle plantilla, edota autonomia erkidegoko osasun-sistemarekiko sinergiak, ikasleek sistema horretan eginen baitute beren prestakuntzako etapa klinikoa.
Mantxako unibertsitateko dekanoak adierazi duenez, “egungo prezioan, Medikuntza fakultate bat ezartzeko kostua 7 milioi euro inguru litzateke lehen urtean (irakasleak eta laborategiak). Hemen, Albaceten, ikasle bakoitzaren prestakuntza 14.000 bat euro kostatzen da kurtsoko”.
Metodoari dagokionez, Albaceteko Medikuntza Fakultatearen irakaskuntza-ereduak “talde txikietan aritzeko bidea ematen du; beraz, etengabe ikasi behar da norberaren kontura, eta hori lagungarria da BAME ikasketak egoki prestatzeko. Prestakuntza praktikoak pisu handia du curriculumean”.
Beren hitzaldietan, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta PSN taldeen eledunek eskertu egin dute Albaceteko Unibertsitatearen adeitasuna eta oso interesgarritzat jo dituzte jasotako azalpenak. Arrazoi politiko eta ekonomikoengati urteetan geldirik egon ondoren, behin betiko bultzada eman nahi diote NUPen Medikuntza ezartzeko egitasmoari.
Hala, Medikuntza fakultate bat ezartzeko prozesuaren xehetasunen berri jaso dute parlamentari nafarrek —irakaskuntzaren antolaketa, aurrekontu-horniduraren norainokoa eta osasun-zerbitzuaren gaineko eragina aipatu dira—. Ondoren ibilbide gidatua egin dute unibertsitateko egoitza eta ekipamenduetan zehar, eta azkenik lan-bazkaria egin dute.